Aste honetan Nafarroan lehertu den gobernu krisiak erantzule argi bat du, LAB sindikatuaren irudiko: Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria. Hari egotzi diote Hezkuntzaren kalitatearen gainbehera, lan baldintzen okertzea eta sektoreko langileek egun bizi duten ezinegona. Hori dela eta, manifestaziora deitu zuen LABek, Gimeno kanpora lelopean, kontseilariaren dimisioa eskatzeko. «Aurreko ostegunean gertatu zena azken zazpi urteen isla besterik ez da: Gimeno ez da gai inorekin esertzeko, entzuteko eta negoziatzeko, ez ondoan dituenekin ezta parean dituenekin ere. Nafarroako gizarteak ezin du jasan horrelako kontseilari bat; beste soslai bat behar dugu, beste ezaugarri batzuk izanen dituen kontseilari bat. Gimenok ezin du kontseilari izaten jarraitu, ezta egun bakar batez ere», laburbildu du LAB Irakaskuntzako ordezkari Hodei Tapiak, manifestazioa hasi aurretik.
Ikusi gehiago
Ehunka lagunek bat egin dute sindikatu abertzalearen deialdiarekin, eta ozen egin dute Gimenoren kontra Iruñeko Alde Zaharreko karriketan. Taconera parketik abiatuta, alderik alde zeharkatu dituzte Kale Nagusia, Udaletxe plaza eta Txapitela karrika, eta, Gazteluko plaza inguratu ostean, Nafarroako Gobernuaren parean bukatu da manifestazioa.
Han, LABeko ordezkariek salatu dute Nafarroako hezkuntza sistema «kinka larrian» dagoela. Langileek pairatzen dituzten arazoen artean, lan gainkarga, behin-behineko kontratuen gehiegizko erabilera eta erosahalmenaren galera aipatu dituzte, besteak beste. «Horren aurrean, zazpi urtez jokabide bera izan duen kontseilaria dugu: entzungor egiten duena, bistakoak diren arazoak ukatzen dituena eta departamentua harropuzkeriaz eta autoritarismoz gidatzen duena».
Eskaerak
Horiek horrela, zenbait eskaera egin ditu LABek gaurko manifestazioan: batetik, ikasgelak itxi ordez, jaiotza tasaren murrizketa aprobetxatu dezala ratioak murrizteko; irakasleek galdutako erosahalmena berreskura dezala; hezkuntzako inbertsioa %6ra handitu dezala —BPGaren %3,6koa da Nafarroan—, eta euskararen normalizazioa erraztu dezala Nafarroa osoan, «zonifikaziorik gabe».
Edonola ere, sindikatuko ordezkariek argi dute aurrerabide horiek «ezinezkoak» izanen direla Gimeno departamentuko buru den bitartean. Hortaz, dimisioa ematea galdegin diote kontseilariari: «Eta hark egiten ez badu, Nafarroako Gobernuari eta hari sostengua ematen dioten alderdiei zuzenduko gatzaizkie: kendu kargutik Hezkuntza kontseilaria!».