Lamiakoko itsasadar azpiko errepidearen kontra mobilizatzeko deia egin dute larunbaterako

Mobilizazioaren ordua aldatu behar izan dute, Bilboko Maratoi Erdia dela eta. 17:00etan abiatuko da, Bilboko Arriaga antzokitik. «Benetako mugikortasun iraunkorraren» aldeko politikak eskatuko dituzte.

Larunbatean mobilizatzera deitzeko egindako agerraldia, Artaza parkean, atzo. SUBFLUBIALA EZ
Larunbatean mobilizatzera deitzeko egindako agerraldia, Artaza parkean, atzo. SUBFLUBIALA EZ
inaut matauko rada
2025eko urriaren 14a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxinaka aurrera doa Lamiakoko ibai azpiko errepidearen proiektua. Uztailean onartu zuten proiektuaren azken bertsioa, eta iragarri zuten udaberrian hasiko direla lanekin. Errepide hori egitearen asmoa jakin bezain laster hasi ziren hainbat lagun proiektu horren kontra mugitzen, eta Subflubialari Ez! plataforma sortu zuten. Bada, larunbatean mobilizazioa egingo dute Bilbon, Arriaga antzokitik abiatuta, 17:00etan, «mugikortasun iraunkorraren eta benetako demokraziaren alde».

Atzo arratsaldean egin zuten mobilizazioaren aurkezpena, eta «Bizkaiko herritar guztiei» dei egin diete bertan parte hartzeko, «Lamiakoko ibaipeko errepidearen proiektua bertan behera uzteko» helburuz. Izan ere, iritzi diote errepide hori ez dela beharrezkoa eta auto pribatuaren erabilera sustatuko duela. Gaur egun, Bilboren zati bat eta Ezkerraldea Uribe Kostarekin eta Txorierrirekin konektatzen dituen errepide bat dago, Ibaizabal gainetik pasatzen dena, Barakaldo eta Erandio artean. Eguneko ordu jakin batzuetan kolapsatu egiten da errepide hori, eta hori ez dute ezkutatzen Subflubialari Ez! plataformakoek, baina uste dute horri aurre egiteko garraio publikoa sustatu behar dela, eta ez beste errepide bat.

Uste dute proiektuak hainbat konpromiso eta lege klimatiko urratzen dituela, tartean Europako Itun Berdea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren deskarbonizazio helburuak. Plataformako kideek nabarmendu dute aldundiak berak onartzen duela proiektuak berotegi gasen isuriak handituko dituela, eta horren kontra egiteko beharra nabarmendu du plataformak: «Klima larrialdi betean, ezin dugu asfalto eta trafiko gehiagoren aldeko apusturik egiten jarraitu».

Parte hartzea, ezinezko

Proiektuaren klima aspektuak albo batera utzita, mobilizazioaren deitzaileek nabarmendu dute proiektuaren tramitazioak ez dituela errespetatu beharrezkoak diren urratsak; izan ere, gogorarazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak uztailaren erdialdean proiektua aurkeztu zuenean, Uraren Euskal Agentziak oraindik irekia zuen proiektuari alegazioak aurkezteko epea. Horregatik, uste dute proiektuaren tramitazioak iraun duen tartean ezinezkoa izan dela herritarren benetako parte hartzea.

Gainera, gizakien osasunari ere kalte egingo dio proiektuak, plataformako kideen esanetan. Nabarmendu dute lanek iraun bitartean kutsadura atmosferikoak eta akustikoak gora egingo dutela. Bestalde, proiektuak gutxienez izango duen 543 milioi euroko kostu hori bestelako mugikortasun eredu bat bultzatzeko erabili beharko litzatekeela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.