EAEko hezkuntza publikoko irakasleek lanuzteak egin dituzte, Jaurlaritzari eskatzeko akordioa bete dezala

Mahai negoziatzaileetan sinatutakoaren inguruko interpretazio berriak egitea eta akordioan jasotakoa ezeztatzea egotzi dio LABek Hezkuntza Sailari. Administrazioak adierazi du konpromisoak «adostutako egutegiaren arabera» betetzen ari direla, «pixkanaka».

LAB sindikatuaren mobilizazioa, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LAB sindikatuaren mobilizazioa, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko ekainaren 12a
15:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzarekin hezkuntza publikoko irakasleen akordioa sinatu eta hilabetera, LAB sindikatuak lanuzteak eta mobilizazioak egin ditu adosturikoa bete dezatela eskatzeko. «Marketin kanpaina» alboratzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari, hau da, sinatutako akordioa «oso-osorik» betetzeko eta 2025-2026ko ikasturtean ikastetxeak hornitzeko. Mobilizazioa «arrakastatsua» izan dela azaldu dute arratsalde hasieran zabalduriko agiri batean. 

Sindikatu guztiek sinatu zuten lan itun berria, ELAk izan ezik. Besteak beste, eskola orduen gutxitzea, lanpostu gehiagoren sortzea eta soldaten igotzea adostu zuten. «Tamalez, eta nahiz eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak komunikabideetan adierazpenak egin dituen bakoitzean hezkuntza kalitateaz aritu den eta baliabideak erdigunean jarri izan dituen, hitzartutako guztia ez da betetzen ari», adierazi du LABek oharrean. Baliabideen gaian jarri du azpimarra. «Hezkuntza kalitatea hobetuko duten eta akordioan jaso diren neurri guztiak ezartzeko» eskatu du. Sindikatuaren hitzetan, «ehunka» lanpostu sortu behar dira.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar bidez erantzun dio LABen protestari, eta baieztatu du betetzen ari direla sindikatuekin lortutako akordioa. «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrera egin du maiatzaren 9an gehiengo sindikalarekin sinatutako akordioa betetzeko bidean. Konpromisoak adostutako egutegiaren arabera betetzen ari dira, pixkanaka». Berretsi dute ehun milioi euro gehiago inbertituko dituztela ikastetxeei irakasle gehiago eta baliabide gehiago emateko. «Helburu nagusia da hezkuntzaren kalitatea eta ikasleen emaitzak hobetzea».

Heldu den ikasturterako eskola orduak gutxituko dituztela ere erran du Hezkuntza Sailak, eta adierazi «hobekuntza handiak» egin dituztela bitarteko irakasleentzat eta karrerako funtzionarioentzat. «Ikastetxe bakoitzean, irakasleak baliabidez hornitzeko zehaztu beharreko irizpideak ere aldatu dira». Akordioa betetzea denen konpromisoa dela erran dute. «Hezkuntza sistemaren hobekuntzan aurrera egiteko, beharrezkoa da eragile guztien erantzukidetasuna».

«Itxurakeria besterik ez»

Sindikatuak adierazi duenez, «LABek izandako jarrera irmoari esker» Hezkuntza Sailak gutun bat bidali zien atzo ikastetxe guztietako zuzendaritzei, barkamena eskatzeko. «LABek hainbatetan adierazi bezala, neurri hauek ezarri behar direla esan du sailak: etapa guztietan eskola orduak gutxitzea; euskara indartzeko HIPI eta Eusle programetan jarritako ratio berriak eta ordu kreditu gehigarriak ezartzea; eta aniztasunari erantzuteko pedagogia terapeutikoko irakasleak, aholkulariak eta orientatzaileak jartzeko irizpide berriak txertatzea».

Hala ere, neurriak eskas direla uste du LABek, eta borrokan jarraituko du, «lan zama arintzeko eta hezkuntza eraldatzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzeko».

Egun Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren gidaritza duen taldeak urtebete darama martxan, eta jokamolde aski ezaguna duela uste du sindikatu abertzaleak. «Elkarrizketaren eta adostasunaren aldeko diskurtsoa plazaratu arren, negoziaziorako bide guztiak borroka eta mobilizazioei esker ireki dira. Sailak sindikatuekin duen harremana itxurakeria besterik ez da. Mahai negoziatzaileetan sinatutakoaren inguruko interpretazio berriak egitea eta akordioan bildutakoa ezeztatzea izan da jasotako erantzun bakarra. Beraz, propaganda utz dezala eta hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa egin dezala galdegin dio LABek».

Azkenik, akordioa sinatu zuten sindikatuei batasuna atxikitzera deitu ditu, akordioa defendatze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.