Estatutu markoaren lege zirriborroaren proposamenaren kontra, lau eguneko greba hasi du gaur Euskadiko Medikuen Sindikatuak. Hain zuzen, egun horietan aztertzen ari dira osasun saileko langileen estatutua trenkatu behar lukeen lege zirriborroa, baina langileek estatutu propioa eskatzen dute, eta orokorra besterik ez zaie proposatzen.
Horregatik, ostiralera arte greba eginen dute: ospitaleetan eta anbulatorioetan gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte emanen, eta larrialdiak eta atzeraezinak diren patologiak bakarrik dituzte artatuko.
Sindikatuek langile guztien lan baldintzak hobetzea galdegiten dute, funtsean: Arabako Sendagileen Elkargoak azpimarratu du lanbideari berezkoak zaizkion ezaugarriak kontuan harturik besterik ez daitekeela egin hori; erregulazio espezifikoak defendatu dituzte.
Eta, beste zenbait elkartek bezala, salatu dute Osakidetza ez dela argia izaten ari langileei eragiten dieten gai anitzekin: besteak beste, erretiro aitzinatua, 35 orduko lanaldia eta birsailkapen pertsonala aipatu dituzte.
Gauzak horrela, adierazi dute «ia betebehar bat» dela manifestatzea, «denboran zehar luzatzen ari den bidegabekeria egoera bat» salatzeko baita. Horien ustez, estatutu propio batek besterik ez diezaieke langileen eskakizunei erantzun: «Ez da aldarrikapen apetatsua, ezta korporatibista ere; justizia sozialaz ari gara». Eta, zehaztu dute badela garaia agintariak gelditu daitezen medikuen egoera prekarioa eta bidegabea «bokaziozko premisaren azpian ezkutatzen».
Ekainean hasita, gaur hirugarrenez deitu dute esparru estatuturako grebara. Eta, ez da bukatu, ber aldarriari loturik urtarrilaren 27tik goiti mobilizatzekoak baitira, astero-astero mugarik gabe, hots, baldintzak aldatu arte.
Â