Sistema bat hankaz gora joateko, ez da aski afera bat, baina baliteke afera batek markatzea porrota. Hola gertatu da Lyhannaren aferarekin. 11 urteko neskatila maiatz hondarrean desagertu zen, eta aste bat beranduago haren gorpua aurkitu zuten. Ikertu dutenez, neskatila bortxatu zuten erail aitzin, eta, ordutik jakinarazi denez, susmagarri nagusiaren kontrako salaketak jadanik erregistratuak ziren, haurren kontrako sexu indarkeriagatik. Baina nehork ez zuen sekula Jerome Barella 41 urteko gizona galdekatu. Afera horrek ekarri du, hain zuzen, emazte eta haurren kontrako eraso sexistei eta sexu indarkeriari erantzun integrala emateko legearen aitzinarazteko lanak zalutzea: asteartean bozkatu zuten haren alde Frantziako Asanblea Nazionalean.
Badira segipenik ematen ez zaien dosierrak ere; badira egoera zaurgarriegian direlako salaketa ezartzera ausartzen ez diren emazteak, parean dituzten poliziengan konfiantzarik ez dutenak; badira haurrenak izateagatik serioski hartzen ez eta baztertzen diren dosierrak. Arazoa globala delako, erantzun globala eman nahi izan diote lege integralarekin. Kontrako bozik ez zuen jaso: lege proposamena aho batez onartu zuten diputatuek. Abstentzioa izan zen, haatik, hala nola LFI Frantzia Intsumisoko diputatuena: lege testuaren idazteko prozesua agorrilean utzi zuten intsumisoek, hartutako bidea «zigortzaileegia» iruditzen zitzaielako eta legeari aitzinkontu seriorik ez zaiolako segurtatu, batez ere.

Espainian 2004an bozkatu zen lege esparruan inspiratu dira alderdi arteko lege integral hau sortzeko; Senaturako bidean dago orain. Besteak beste, lege proposamenaren neurri hauek aipatu daitezke, eragin dituzten eztabaiden eta ekartzekoak dituzten aldaketei begira:
1
Unitate eta ahalmen berezituak
«Eraso sexisten, sexu indarkeriaren edo familia barneko indarkeriaren kasuan, fiskaltzak zerbitzu eta unitate berezituetara jo beharko du derrigorrez». Horrela zioen berezko testuak. Alta, Colette Capdevielle diputatu sozialistak deitoratu duenez, «aurreikusitako unitate berezituen kontra egin du Laurent Nuñez Barne ministroak, gobernuaren izenean; eta arrazoi eman zaio». Eztabaida batzuk tarteko, asteartean bozkatu zuten artikulu horren azken bertsioa: unitate berezituak sortuko dira, baina polizia zerbitzuek aukera izanen dute horiengana ez jotzeko ezinbestez, hiru urteko epean. «Gibelera egitea izan da», Capdeviellen ustez.
Justiziaren alorrari dagokionez, diputatuek eraso sexistetan, sexu indarkerian eta familia barneko indarkerian berezitutako justizia ahalmen baten alde bozkatu dute. Horrek erran nahi du delituen segipena egitean bi epaile izan beharko direla, baita indarkeria horietan berezitutako prokuradore bat ere. Elementu berria da, «Espainiako lege esparruan inspiratua», Capdeviellen erranetan.
BERRIAk joan den astean egin zion elkarrizketan, Florence Bouvier Baionako auzitegiko lehendakariak adierazi zuen lege integralak sail judizialean ekartzekoak dituen neurriak «ez direla sinesgarriak»; kontuan harturik, batez ere, zer-nolako zailtasunei aurre egiten dieten gaur egun. «Argitasunak baino gehiago itzalguneak ekarriko ditu. Badakit biktimen elkarteen galde bat dela, baina agian arazoa ez dute alderdi guzietarik ikusten», adierazi zuen.
Bortxaketen kasuan, aferak departamenduetako krimen auzitegietan aztertzen segituko dute, magistratu berezituekin. Baina asmoa da bortxaketa larrituen kasuetarako asisetako auzitegi berezitu baten plantan ezartzea, hogei urteko edo gehiagoko kartzela zigorrak ezarriko lituzkeenak. Mazan edo Scouarnec bezalako auziak sartzen dira kategoria horretan.
2
Ikerketa oinarri minimoa
Ikerketa oinarri minimoa da, anitzen ustez, lege integraleko neurri nagusietarik bat. Senatuak onartuko badu, orduan salaketa bat jaso eta urte bateko epean, biktimaren eta akusatuaren elkarrizketak egin beharko dituzte, frogak gorde, eta beste biktima posible batzuk xerkatu.
3
Ikasleen urteroko elkarrizketa
Beste neurri nagusia Frantziako ikastetxeetan dauden ikasleen urteroko elkarrizketa izan behar zen: eskolako lehen urtetik lizeoko azkenera arte —hots, terminalera arte—, ikasle guziei elkarrizketa bat egitea zen helburua, sexu-indarkeria egoerez edo kasuez ohartu ahal izateko. Prebentzioa hobetzea ere bazen asmoa.
Baina Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak «bete ezinezkotzat» jo zuen neurria: 7.500 eta 15.000 pertsonaren kontratatu behar izatea ekarriko luke, denak denbora osoan. Honakoan ere, eztabaida batzuk tarteko, neurriak aitzina egitea lortu du, baina honen betetzeko beharko diren baliabideak 2032ra bitarte ezarriko dira eskura. Anartean, eskola prozesu osoan, derrigorrezko lau hitzordu izanen dituzte ikasleek.
Capdeviellek ere onartu du «gaur egun baliabiderik ez» dela halako neurri baten betetzeko, baina «hautu politiko bat» dela. Baionako haurren eskubideen aldeko elkarteko Leire Iturriaren arabera, halere, aitzinamendu inportantea da prebentzioaren aldetik.
Neurri horretatik aparte, LFIk behin eta berriz salatu du ASE zentro sozialetako haur eta gazteak lege integraletik kanpo gelditzen direla. Capdeviellek gai horri dagozkion gabeziak onartu ditu: «Zenbait neurri daude, bisitei dagokienez, segipenari dagokionez, ASEko haurren esplotazioari begira... baina ez da batere nahikoa, ados naiz». Iturriak, berriz, Baionako egoera zehatzari erreparatu dio arazoaz ohartzeko: «ASEren egoera biziki kezkagarria da, hala kasu muturrekoetan nola eguneroko funtzionamenduan. Baionan, esate baterako, urte bateko itxaronaldia dago familia bat kontuan hartua izan dadin. Anartean, umeak oraindik beren erasotzaileekin bizi dira».
Familia barneko erasoei begira, hain zuzen, definizio aldaketa bat ekarriko du lege integralak: oraitik aitzina, lehen mailako kusien arteko harremanak hartuko ditu barne intzestuaren definizioak.
4
Aitzinkontua
Lege integralaren helburua «lege testuen garatzea da lehen-lehenik, biktimei aukera gehiago emateko», hala nola ikerketa oinarri minimoa, baina Capdeviellek argi du «hautu politikoen arabera» betearaziko direla neurriak —beste behin—. Momentuz, argiztapen guti dute legea zer heinetaraino betetzen ahalko den, «[2027ko] aitzinkontuaren elkarrizketak abiatu berri» baitira. Funtsean, hala da aitzinkontu horren aztertzen hasi berri direla eta abendura arte ariko direla eztabaidan. Baina jakina da urtean 3.000 milioi euro beharko direla legea bete ahal izan dadin. Frantziako Gobernuak orain arte adierazitakoaren arabera, diru hori ez du 2027rako, eta ezin du engaiamendurik hartu ondoko urteei begira.
LFIko diputatuek hori zuten arrazoi nagusia lege testuaren idazketa prozesutik ateratzeko: testuak nahiko baliabiderik ez duela segurtatzen ikertzaileentzat, magistratuentzat, osasun justiziako institutuentzat, biktimen laguntzarentzat.
5
Biktimendako lan geldialdia
Joan-jin anitz izanik ere, azkenerako, lortu dute indarkeria jasaten duten emazteendako lan geldialdiaren legean sartzea. Joan den ostiralean neurriaren kontra agertu ziren diputatuak, 77 boz 74ren kontra: hamar eguneko geldialdia izan behar zuen, biktimak bere nagusiari ziurtagiri bat aurkeztuz gero. Ziurtagiri hori biktimaren hitzaren besterik ez zen, eta eztabaida anitz sortu zituen. Zuzenketak aurkeztu dituzte alde batean eta bestean, asteartean berriz bozkatu duten arte: biktimaren hitzaren araberako ziurtagiria kendu dute, baina geldialdia mantendu.
Erabakitakoaren arabera, biktimak ziurtagiri ofizial bat aurkeztu beharko dio enplegatzaileari, profesional baten agiria edo eraso baten abisua komisarian aurkeztu izanarena, adibidez. RNko eskuin muturreko diputatuak neurriaren kontra agertu ziren beste behin, enpresa ttipienentzat kaltegarriegia delakoan.
6
Atzerriko biktimen babesik eza
Enpresen babesean eta atzerriko emazteen kriminalizazioan: hor kokatu dira RNko diputatuak eztabaiden denboran. Baina legez kanpoko egoeran dauden atzerritarren gaiari dagokionez, izan dira beste zenbait alderditako diputatuak ere gatazkan sartu direnak. Izan ere, salaketa jarriko lukeen paper ofizialik gabeko biktima bat Frantziako lurraldetik kanporatzeko aginduaren debekua baztertu du Asanbleak.
Bestela erranik, atzerriko emazte bat Frantzian badago, erasotzen badiote eta salaketa aurkeztera baldin badoa, lurraldetik kanporatzeko prozedura abiatuko da. Capdeviellek errana zuen «emazte guzien babestea dela helburua, edozein izanik ere haien egoera administratiboa». «Izugarrizko erronka» ikusten zion eztabaidari, eta, hain zuzen, ez dute lortu bururaino eramatea. Hainbat kolektibo feministak Asanblearen kontraerran politiko nabarmena salatu dute, halako erabaki batekin ezin delakoan defendatu sexu indarkeria guzien borrokatzeko nahikunderik.

