Eusko Jaurlaritza 11 gizonek osatu zuten. Agirre lehendakariaren esanetara, askotariko jatorri ideologikoetako jendea batu zen, eta gobernu kontseiluan beste hiru jeltzale, hiru sozialista, bi errepublikano, EAE-ANVko kide bat eta PCEko bat aritu ziren sailburu lanetan. Denak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak ziren, eta, gazteak izanagatik ere —batez besteko adina 37 urtekoa zen—, aurrez ibilbide politiko eta sozial nabarmena egindakoak ziren. Haietako batzuek ezin izan zuten ibilbide luzea egin Jaurlaritzan, heriotza edota alderdi barruko tirabirak zirela medio; beste batzuek, ordea, diktaduraren osteko aroa irudikatu zuten euren itzulerarekin.
Jose Antonio Agirre – Lehendakaritza eta Defentsa – EAJ
Lehen Eusko Jaurlaritzaren lehendakari eta ikur nagusia da Jose Antonio Agirre (Bilbo, 1904 - Paris, 1960). 32 urte besterik ez zituela hartu zuen Euzko Gudarostearen gidaritza eta, jarraian, gobernuarena, baita horrekin batera Defentsa Sailarena ere.
Halere, ordurako politikan bidea egina zen Agirre, eta EAJko kide esanguratsuenetako bat zen. 1931n, 27 urterekin, Getxoko alkate izateko aukeratu zuten. Eta urte hartan eskuratu zuen Espainiako Gorteetan eserleku bat. Garai hartan, parte hartze nabarmena izan zuen euskal estatutu bat osatzeko lehen saiakeretan. Hain zuzen, autonomia estatutuen onarpenaren aldeko alkateen batzordeburu izan zen, eta Espainiako Gorteetara Lizarrako itunaren aldeko zerrendan aurkeztu zen; haren parte zen EAJ. 1933ko eta 1936ko hauteskundeetan ere diputatu aukeratu zuten.
Gerra hastean, baina, lehentasuna euskal lurraldeen defentsa bilakatu zen. Behin Autonomia Estatutua onartuta, Gernikan lehendakari izendatu zuten, urriaren 7an. Euzko Gudarostearen eta gobernuaren buru aritu zen Bizkaian, baina 1937ko ekainean, Bilbo erori ostean, Euskal Herritik atera zen.
Parisen ezarri zuen Eusko Jaurlaritzaren egoitza, baina naziak Frantziara sartzean atera zen handik, eta, Gestapotik ihesi, ibilbide luzea egin behar izan zuen Amerikara iritsi ahal izateko. Brasilen, Uruguain eta Venezuelan egon zen, AEBetako Gobernuak New Yorken ezartzeko baimena eman zion arte.
Hain zuzen, AEBekin harremanak sendotzen saiatu zen Agirre, haiek Franco agintetik kentzen lagunduko ziotelakoan. 1946an itzuli zen Parisera, Eusko Jaurlaritza berregituratzeko. Besteak beste, Hagako Kongresuan parte hartu zuen, eta Europako Demokrazia Kristaua antolatzen lagundu. Gerra Hotzarekin, ordea, AEBen eta Mendebaldeko Europako potentzien lehentasunak aldatu egin ziren, eta Jaurlaritza babesak galduz joan zen; Frantziak frankistei eman zien Parisko egoitza, besteak beste.
Halere, Eusko Jaurlaritzak iraun egin zuen, eta lehendakari gisa hil zen Agirre, 1960ko martxoan, Parisen. Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin zioten azken agurra.
Jesus Maria Leizaola – Justizia eta Kultura – EAJ
Lehendakariorde, eledun eta Justizia eta Kultura sailburu izan zen Jesus Mari Leizaola (Donostia 1896-1989) Agirre lehendakariaren gobernuan, baita haren oinordeko ere Lehendakaritzan, hura hil zenean.
Zuzenbidea ikasi ostean, Gipuzkoako Diputazioko letradun aritu zen, eta Bilbora mugitzearekin batu zen EAJra, 1919an. Euskaltzalea zen, eta 1922an atxilotu zuten, Espainiako errege Alfontso XIII.aren aurrean euskal unibertsitatearen alde protesta egiteagatik.

Espainiako Gorteetako diputatu hautatu zuten 1931ko bozetan, eta berriz ere aukeratu zuten 1933ko hauteskundeetan. 1934an, baina, dimisioa eman zuen, euskal autogobernua sustatzeko giro aproposik ez zegoelakoan. Gerrak, berriz, Donostian harrapatu zuen, eta handik Bilbora jo zuen gero. Eusko Jaurlaritza eratzean, Agirreren bigarrena izan zen Leizaola. Haren esku hartzearekin osatu ziren, besteak beste, Euzkadiko Herri Auzitegia, Kulturaren Kontseilua eta Medikuntza Fakultatea.
Italiarrekin Euzko Gudarostearen errendizioa negoziatu zuten kideetako bat izan zen Leizaola, Juan Ajuriagerra alderdikidearekin batera, eta erbestean zela Erresuma Batuko informazio zerbitzuekin kolaboratu zuen. 1960ko martxoaren 28an, berriz, lehendakari kargua hartu zuen, eta hala izan zen 1979ra arte. Urte hartan itzuli zen Hego Euskal Herrira, eta Euskal Kontseilu Orokorraren esku utzi zuen gobernuaren agintea. 83 urte zituen jada, baina Eusko Legebiltzarrerako bozetan EAJren zerrendaburu izan zen Bizkaian.
Telesforo Monzon – Gobernazioa – EAJ
«Dirua zeukan, baina, lasai bizi beharrean, bizia eman zuen abertzaletasunaren alde», adierazi zuen Pako Sudupe idazleak Telesforo Monzonen (Bergara, Gipuzkoa, 1904 - Baiona, 1981) inguruko liburua argitaratzearekin. Izan ere, familia aberats batean jaioa, karlismoaren eta monarkiaren eraginpetik atera eta EAJra batu zen 1930ean. Alderdiaren GBBko buru eta EBBko kide izan zen. Instituzioetan, berriz, Bergarako zinegotzi eta Espainiako Kongresuko diputatu aritu zen.
Gerra hastean, segurtasun arloan nabarmendu zen Monzon. Gipuzkoako Defentsa Batzordeko kide izendatu zuten, nahiz eta dimisioa eman zuen fusilamendu batzuekin ados ez zegoelako. Era berean, Euzko Gudarostearen antolatzaileetako bat ere izan zen, eta Eusko Jaurlaritza eratzean Gobernazio eta Herritarren Segurtasunerako sailburu izendatu zuen Agirrek; hain zuzen, Ertzaña sortzearen arduradun izan zen.
Monzonek Agirrerekin batera egin zuen erbesterako bidea, 1937ko abuztuan, Santandertik (Espainia) Frantziara. Bigarren Mundu Gerrarekin, baina, Mexikora alde egin zuen, eta 1946an itzuli, Jaurlaritzako gainerako kideekin Parisen ezarrita. Gerra atzean utzita, Kultura sailburu aritu zen, eta ondoren sailik gabeko gobernukide moduan. 1953an, baina, dimisioa eman zuen, EAJren aliantza politikekin bat egiten ez zuelako.

Ipar Euskal Herrian ezarri zen, eta, EAJtik aldentzearekin batera, ETAren ingurura hurbildu zen. Abertzaleen arteko batasunaren aldekoa zen, eta Xibertako elkarrizketen sustatzaile. Behin diktadura atzean utzita, Herri Batasunaren zerrendetan aurkeztu zen 1979ko Espainiako Kongresurako bozetan, eta diputatu aukeratu zuten; eta handik urtebetera, Eusko Legebiltzarreko parlamentari.
Ibilbide politikoan ez ezik, kultur arloan ere nabarmendu zen Monzon. Erbestean zela, zenbait poesia lan eta antzerki ondu zituen, baita abesti ezagunak osatu ere. Horrez gain, euskaltzain urgazle ere izan zen.
Eliodoro de la Torre – Ogasuna – EAJ
Eliodoro de la Torrek (Barakaldo, Bizkaia, 1889 – Baiona, 1946) Ogasun Saila hartu zuen bere gain lehen gobernu hartan; eta Osasun arloko eskumenak ere bereganatu zituen, frankistek Alfredo Espinosa sailburua fusilatu ostean.
Gobernuko sailburuen artean zaharrena zen, eta, Merkataritza ikasketak egin eta gero, arlo pribatuan aritu zen lanean. Halere, haren militantzia politikoa agerikoa zen, EAJko eta ELA sindikatuko militante izatez gain Urtantea goitizenarekin idazten baitzuen garai hartako prentsa abertzalean. Hala, 1933an eta 1936an Espainiako Gorteetako diputatu aukeratu zuten; bigarren boz horietan, Agirrek berak baino emaitza hobeak izan zituen De la Torrek.
Gerra hasita, Bizkaiko Defentsa Batzordeko Finantza arduradun izendatu zuten, eta Eusko Jaurlaritza eratzean, Ogasun sailburu. Kargu hartan zela, Jaurlaritzak zenbait hilabetez jaulkitako pezeten arduradun nagusia izan zen; hain zuzen, bere izenarekin —eliodoroak— egin ziren ezagun.
Erbestean, klandestinitatean egon zen Bigarren Mundu Gerrak iraun bitartean, ez baitzuen lortu Paristik irtetea naziek hura hartu aurretik. 1944an, berriz, Baionara mugitu zen; han hil zen, minbiziaren ondorioz.
Santiago Aznar – Industria – PSOE
PSOEk Eusko Jaurlaritzan izandako hiru ordezkarietako bat izan zen Santiago Aznar (Bilbo, 1903 - Caracas, 1979). Cristobal Aznar UGTko eta PSOEko kide historikoaren semea, 14 urterekin ekin zion militantzia politikoari. Hala, II. Errepublikan alderdiak Euskal Herrian izan zituen figura nagusietako bat da.
Industria sailburu kargua hartu zuen lehen Eusko Jaurlaritza hartan, eta frankistek ezarritako itsas blokeoari aurre egitea izan zen haren zeregin nagusietako bat, beharrezko lehengai guztiak euskal portuetara iristeko helburuz. Hain zuzen, lan horietan aritzen ziren euskal ontzietan ikurrinak ezartzeko agindu zuen, Eusko Jaurlaritzaren ikur gisa.

Euskal Herritik Kantabriara, Kataluniara eta azkenik Parisera jo zuen, eta, nazien okupazioa tarteko, Mexikon bukatu. Bigarren Mundu Gerra amaituta, Parisera itzuli zen. Han, baina, ez ziren amaitu gorabeherak. Aznar PSOEren barruan egongo zen euskal alderdi sozialista bat osatzearen aldekoa zen, baina alderdian ez zuten ondo hartu hori. Kanporatu egin zuten, eta dimisioa aurkeztu zion Agirreri. Halere, Jaurlaritzarentzat zenbait lan egin zituen gerora ere, lehendakariak hala eskatuta.
1970eko hamarkada amaieran, ikurrina legeztatzearen alde mintzatu zen; hain zuzen, gogoratu zuen berak ikur ofizial gisa baliatu zuela 36ko gerran, eta hura herri baten sinbolo zela.
Juan de los Toyos – Lana – PSOE
18 urterekin batu zen Juan de los Toyos (Barakaldo, Bizkaia, 1890 - Mexiko Hiria, 1965) PSOEra eta UGTra, eta bera izan zen 1931ko apirilean Eibarren (Gipuzkoa) Espainiako Errepublikako bandera balkoira atera zuena.
Eibarko Defentsa Batzordeko buru izan zen gerra hasieran, eta Lan, Aurreikuspen eta Komunikazio sailburu kargua hartu zuen urrian. Bilbo eroritakoan hartu zuen hark ere atzerrirako bidea. Ez zen, baina, De los Toyos erbestean zen lehen aldia izan. 1917an eta 1934an ere Frantziara jo zuen, langileen protesten harira estatuak erakutsitako errepresiotik ihesi.
Atzerritik, Eusko Jaurlaritza defendatu zuen, baita PSOEk hura amaiarazi beharra zegoela adierazi zionean ere. Helere, hori ikusita, dimisioa eman zuen, alderdiari men eginda. Mexikon eman zituen hainbat urte, Colegio Madrid eskolako administratzaile lanetan.
Juan Gracia – Gizarte Arreta – PSOE
Juan Graciak (Bilbo, 1891 - Paris, 1941) 12 urte besterik ez zituen PSOEren gazte adarrera batu zenean, eta 16 alderdikide bilakatzean. Bilboko Udaleko langile izan zen, baita hiriarteko zinegotzi ere. Eusko Jaurlaritza eratzean, baina, Gizarte Arretako Sailaren gidaritza hartu zuen. Hizlari trebea zen, eta faxismoaren arriskuez aritu zen bere mintzaldietan; Gernikako bonbardaketaren biharamunean egindako ekitaldian ere parte hartu zuen, herritarrei eusteko eskatuz.

1937ko maiatzean, Pariserako bidea hartu zuen, eta handik ebakuazio prozesuak antolatzeko lana hartu, Jaurlaritzak Frantziako hiriburuan zuen Marceau kaleko eraikinetik. Hain zuzen, Gracia aritu zen bertan Jaurlaritzaren ordezkari Agirre lehendakaria iritsi bitarte.
Naziak Parisen sartu zirenean, Gracia handik oinez ateratzen saiatu zen, baina, Frantziatik atera ezinik, bertan geratu behar izan zuen klandestinitatean. Hala, 1941ean hil, eta Bagneuxeko hilerrian lurperatu zuten.
Ramon Maria Aldasoro – Merkataritza eta Hornikuntza – Izquierda Republicana
IR Ezker Errepublikanoak, Espainiako presidente Manuel Azañaren alderdiak, Eusko Jaurlaritzan izan zuen ordezkaria da Ramon Maria Aldasoro (Tolosa, Gipuzkoa, 1897 - Habana, 1952). Euskalduna zen, Eusko Ikaskuntzako kidea eta abokatu ezaguna, eta Bilbon zuen bulegoa.
Hain zuzen, haren bulegoa errepublikanoen elkargune ezaguna izan zen, eta Alfonso XIII.a tronutik kendu eta II. Errepublika ezartzearen alde Donostian egindako bilera ezagunean parte hartu zuen 1930ean. Hala, errepublika ezarrita, Gipuzkoako gobernadore zibil izendatu zuten, eta Juan Astigarrabia komunista atxilotzeko agindu zuen karguan zela; Astigarrabia gobernukide izango zuen gerora.
Aldasoro Espainiako Estatuari izaera federal bat ematearen aldekoa zen, eta Hego Euskal Herrirako estatutu bat osatzearen alde eginiko bilkuran parte hartu zuen 1932an. Gerra piztu zenean, berriz, Bizkaiko Defentsa Batzordera batu zen, eta, Eusko Jaurlaritza eratzearekin, Merkataritza eta Hornikuntza sailburu izendatu zuen Agirrek. Errazionamendu liburuxkak ezarri zituen blokeo egoera betean.
Agirrek bezala, Aldasorok ere Santandertik hartu zuen erbesterako bidea. Orduan, IR alderdiarekiko harremanak gaiztotu ziren, EAJra hurbildu zelakoan, eta 1938an alderditik kanporatu zuten. Gerora, Agirrek Argentinara bidali zuen, gobernuaren ordezkari gisa aritzeko. Euzko Deya egunkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta Euskal Informazio Zerbitzuek herrialde hartan zuten arduraduna. 1946an itzuli zen Donibane Lohizunera (Lapurdi) Jaurlaritzan lanean jarraitzeko, baina 1951n dimisioa aurkeztu zuen; hura bideratu aurretik hil zen, ordea.
Alfredo Espinosa – Osasuna – Union Republicana
Alfredo Espinosaren izena (Bilbo, 1903 - Gasteiz, 1937) duela bi urte itzuli zen berriz ere agenda politiko eta mediatikora. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, haren ondorengoekin batera, eskaera zuzena egin zion egungo Eusko Jaurlaritzari: egin zezala ekitaldi bat Espinosa aitortzeko; baita egin ere. Izan ere, 36ko gerrak iraun bitartean frankistek hil zuten Eusko Jaurlaritzako sailburu bakarra da Espinosa.
«Ez naiz hiltzen ezergatik desohoragarria», idatzi zion Osasun sailburuak Agirre lehendakariari hil aurretik. Kontrakoa. Sendagilea lanbidez, Pobreen mediku gisa ezaguna zen, haren sentiberatasun sozialagatik. Politika arloan, berriz, Union Republicana alderdiko kidea zen; Bilboko Udaleko zinegotzi eta Burgosko eta Logroñoko gobernadore zibil izan zen.

Gerra hastean, Errepublikaren Defentsarako Bizkaiko Komisaria Nagusiko osasun ordezkari eta lurralde hartako Defentsa Batzordeko Komunikazioen zuzendari nagusi karguak hartu zituen, eta, Eusko Jaurlaritza sortutakoan, hark hartu zuen Osasun Sailaren gidaritza.
Garai hartako dokumentazioaren arabera, Espinosa 1936ko ekainaren 11n atera zen Euskal Herritik, Warrior ontzian, Frantzian osasun materiala erosteko asmoz. Hamar egun geroago, baina, gudu zelaira itzultzeko hegazkin bat hartu zuen. Baina Air Pyrenees konpainiako pilotu Jose Maria Yanguasek saldu egin zuen, eta matxura baten aitzakiapean Zarauzko hondartzan (Gipuzkoa) lur hartu zuen.
Han atxilotu zituzten Espinosa eta hegazkineko gainerako bidaiariak. Gasteizera eraman zuten, eta han espetxeratu. Urtebete ere ez zuen egin. Prozedura sumarisimo baten ostean, heriotza zigorrera kondenatu zuten.
Juan Domingo Astigarrabia – Herri Lanak – PCE
Eusko Jaurlaritzan aritutako PCEko sailburu bakarra Juan Domingo Astigarrabia (Donostia, 1901-1989) izan zen. Gobernura iritsi aurretik, askotariko lanetan aritu zen, eta beste horrenbeste mobilizazio bultzatu zituen. Esaterako, II. Errepublika ezarri eta gutxira, Pasaiako (Gipuzkoa) arrantzaleena; Guardia Zibilak zazpi lagun hil zituen protesta haietan, eta ondoren Astigarrabia bera atxilotu zuten. Ramon Maria Aldasoro gobernadore zibilak agindu zuen atxiloketa hura, gerora gobernukide izango zuenak.

Hain zuzen, Jaurlaritzan Herri Lanen ardura hartu zuen Astigarrabiak, eta garraio zerbitzuen «nazionalizazioa» sustatu zuen. Helburua? Tropen eta lehengaien mugimenduaren kontrola izatea. Horrez gain, Bilbo ebakuatzeko lanen antolaketan rol garrantzitsua izan zuen, eta erbestera joan behar izan zutenen artean ziren haren bi seme ere; Sobietar Batasunera joan ziren.
Eusko Jaurlaritzako beste hainbat sailburu ez-jeltzaleri gertatu bezala, Astigarrabia ere bere alderdikideen jomugan egon zen, EAJra gehiegi gerturatu zelakoan. Hala, dimisioa aurkeztu zion Agirreri, baina hark ez zuen onartu. Euskal Herritik aterata, Katalunian eta Frantzian egon zen, baina, II. Mundu Gerrarekin, Panamarako bidea hartu zuen. Bi hamarkada egin zituen han, Kubara jo eta iraultzara batu zen arte; Kubako Alderdi Komunistaren aholkulari aritu zen.
Azkenik, 1982an itzuli zen erbestetik. Orduan, Euskadiko Ezkerrara batu zen, eta alderdiko ohorezko lehendakari ere izan zen.
Gonzalo Nardiz – Nekazaritza – EAE-ANV
EAJri lotutako familia batekoa zen Gonzalo Nardiz (Bermeo, Bizkaia, 1905 - Bilbo, 2003), egoera ekonomiko erosoan hazia, eta beste bide bat hartzea erabaki zuen. Eusko Abertzale Ekintzako militante izan zen bere sorreratik, eta, II. Errepublika ezartzean, zenbait kargu publiko hartu zituen: Bermeoko zinegotzi eta Bizkaiko Diputazioko kide izan zen. Garai hartan, gainera, estatutu bat osatzeko negoziazioetan ere parte hartu zuen.
Behin gerra hasita, Bizkaiko Defentsa Batzordera batu zen, eta Agirrek harengana jo zuen Jaurlaritzako Nekazaritza sailburu izateko. Kargu horrekin batera, baina, armamentu eta tropen horniketarako komisario lanetan ere aritu zen. Gobernuaren parte handi bat bezala, Parisera iritsi zen, eta naziak sartzean atera. Marseillara jo zuen, eta han atxilotu eta urtebetez lan esparru batean izan zuten preso, Riansen.
Ondoren, Mexiko eta berriro Paris. Azkenik, baina, Baionan ezarri zen; Nekazaritza gaietan zer egiteko handirik ez, eta gobernuaren ordezkari eta Agirreren aholkulari aritu zen.
Diktaduraren ostean, EAE-ANV barne gatazka betean zen. Herri Batasunera batu zen, eta Nardizen jarrerarekiko kritiko zen ildo bat nagusitu zen barruan; haren dimisioa eskatu zuten, azkenean hura alderditik kanporatzeko. EAE-ANV Historikoa sortu zuen beste zenbait kiderekin, eta Euskadiko Ezkerra ingurura gerturatu zen.