Jose Antonio Agirreren legatuari tiraka

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariaren legatuak aurrez aurre jarri ditu indar abertzaleak. EAJk eta EH Bilduk, biek goretsi dute haren ondarea, baina nork bere prismatik.

1933ko Aberri Egunean Jose Antonio Agirrek Atotxako frontoian eginiko mitina. VICENTE MARTIN / KUTXA FOTOTEKA
1933ko Aberri Egunean Jose Antonio Agirrek Atotxako frontoian eginiko mitina. VICENTE MARTIN / KUTXA FOTOTEKA
aitor biain
2026ko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirmen Uribek errezitatua da, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak eta Bingen Mendizabalek jarritako doinuen gainean:
[…]
«Lehendakariak pentsatu du noizbait
Alexandrok zaldiari bezala berba egingo diola
bere herriari, belarrira mintzatuko zaiola.
Goxo-goxo: “Lasaitu zaitez, ez izan beldurrik,
atzetik doakizun hori ez da zure itzala besterik.
Gu denon itzala».

Mende erdia baino gehiago igaro da Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria hil zenetik, baina haren memoriak bizi-bizirik jarraitzen du oraindik. Agirrek arrasto sakona utzi baitzuen euskal abertzaletasunean; hainbestekoa, ezen Uribek aipatzen duen itzal horren atzetik baitoaz bi tradizio abertzale nagusiak gaur egun ere. Agerian geratu da hori azken hilabeteetan, alderdi abertzaleek inoiz ez bezala goratu baitute liderra.

EAJk betidanik goretsi ditu Agirreren figura eta haren ondarea, eta oraingo Jaurlaritzak ere haren «ondorengotzat» aurkeztu du bere burua. Baina ezker abertzaleak ere nabarmendu du, orain lehen baino gehiago, haren memoria, eta lehen lerrora ekarri ditu haren balioak eta politikak egiteko moduak. Funtsean, biek begiratzen diote iragan berari, baina ez dute gauza bera ikusten. Edo bai. Baina nork bere burua ikusi nahi du itzal horren azpian.

Eta horrek halako lehia dialektiko bat zabaldu du haren legatuaren karietara. Erreferente historikoak «lapurtzea» egotzi dio EAJk EH Bilduri, «mitinetara milaka lagun biltzen zituen gizon ziur hura», jeltzalea baitzen, tradizio kristau sakonekoa, autogobernuaren defendatzaile sutsua. Koalizio abertzaleak, aldiz, haren «espiritua» aldarrikatu du eskuin muturrari aurre egiteko tresna gisara. «Frontera zihoazen gazteei Carlton hoteletik hitz egiten zien gizon bulartsua» gai izan baitzen gobernu plural bat eratzeko frankismoaren oldarraldi betean.

Mitoa edo errealitatea

Nazio ikuspegiaren prismatik begiratu dio eztabaidari Ion Ansa politologoak. Azaldu du Europako herri askok garatu dutela XX. mendearen bueltako memoria bat, eta «errelato eta kontsentsu nazionalak» eraiki dituztela figura jakin batzuen inguruan. Uste du euskal abertzaletasunak ere ariketa hori egin duela, Agirre sinbolotzat hartuta: «Figura horiek amankomunean daukatena da demokratak izan zirela, faxismoaren aurka borrokatu zirela, eta modu zabal batean herri ikuspegi batetik egin zutela lan hori. Oso-oso positiboa da Euskal Herrian ere horrelako figurak lantzea eta aitortzea».

«Agirre lehendakariak ordezkatzen duen horrek bat egiten du EH Bilduk sortu nahi duen marko politikoarekin. Horrekin lotzen du Agirre, ez EAJ ordezkatzeko helburuarekin»

ION ANSA Politologoa

Baina zergatik Agirre? Ansaren hitzetan, hori ulertzeko ezinbestekoa da haren bi aurpegiak bereiztea: Agirre jeltzalea eta Agirre lehendakaria. «EAJko kide gisa, haren humanismoa azpimarratuko nuke; ideologikoki sentsibilitate sozial handiko norbait zen, langileen aldekoa, garaia ere halakoxea zelako. Baina, lehendakari moduan, haren lanak eta haren jardunak zera erakusten dute, herriaren sentsibilitate ezberdinak integratuko zituen politika egiteko nahia. Eta iruditzen zait horrek bihurtzen duela hain beharrezkoa den kontsentsu nazionalerako figura».

Ansak uste du EH Bilduk modu horretan egiten duela bere Agirre, «herri errelato bat sortzen saiatu zen lidertzat» jotzen baitu. Horren erakusgarri, Agirrek errepublikaren alde egin eta gobernua ezkerreko indarrekin ere eratu izana, Ansaren arabera. «Horrek ere badauka balioa, zeren toki askotan eskuineko alderdiek ez zuten jarrera bera izan», zehaztu du.

Mintegi bere balizko gobernu taldearekin, Carlton Hoteleko balkoian. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Mintegi bere gobernu talde posiblearekin, Carlton Hoteleko balkoian. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Baina interpretazio hori pixka bat «tranpatia» iruditzen zaio Iñaki Galdos politikari ohi eta BERRIAko zutabegileari. Iritzi dio, batetik, oraingo eta orduko testuinguruak «erabat ezberdinak» direla, parekatu ezinezkoak; eta, bestetik, uste du «banatu ezinak» direla garai hartako alderdia eta Jaurlaritza. «Esajerazio izugarria dago EH Bilduren partetik; argumentua bihurritzen ari da».

Galdosek gogora ekarri du 2012an jada EH Bilduk egin ziola gorazarre Agirreri, Laura Mintegi lehendakarigai zenean —Bilboko Carlton hotelean 1936ko argazki historikoa errepikatu zuten—: «Hura izan zen lehen pauso esplizitua». Baina salatu du koalizioak «modu sinbolikoan» goratzen duela lehendakaria, «edukietan gehiegi sakondu gabe».

«Agirre lider bat izan zela, XX. mendeko politikari inportanteenetako bat izan zela, hainbat ideologiatako ordezkariez osatutako gobernua eratu zuela… Bai, hori guztia egia da, baina 1948an, adibidez, komunistak gobernutik bota zituen. Ez dakit zer pentsatuko duen horri buruz ezker abertzaleak. Hau da, Agirre antikomunista zen, kristaua… Hori ere kontuan hartu behar da».

Galdosek nabarmendu du aintzat hartzekoa dela lehendakariak pentsamendu politikoan izan zuen bilakaera ere: «Politikari pendularra izan zen. 1939ko Agirrek ez du zerikusirik 1946ko Agirrerekin. Baina pendularrak izan ziren Manuel Irujo eta Telesforo Monzon ere. Agian batzuei deserosoa egingo zaie, baina Monzonek soluzio monarkikoa babesten zuen erbestean, bere alderdi jeltzaleko kide batzuen harrigarri. Horregatik, Agirre goresten duten guztiei Agirre irakurtzeko gomendatuko nieke».

«Taktizismoa»

Galdosek ontzat jo du euskal abertzaletasunaren bi tradizio politiko nagusiek Agirre goraipatzea, baina bi indarrek hegemonia lortzeko duten lehiarekin lotu du: «Lehia horretako beste kapitulu bat da». Hala ere, uste du EAJ ez dela «bizi ibili» xake partida horretan, ez baitu jakin nola heldu gaiari. «Kasketa» gisa kalifikatu du jeltzaleen jarrera, sarri haserre eta amorruz erantzun dutelako ideien bidez erantzun beharrean.

Pradales eta Agirre, Donibane Lohizunen, Euskal Diasporaren Egunean. GUILLAUME FAUVEAU
Pradales, Agirreren irudi bat parean duela, Donibane Lohizunen, Euskal Diasporaren Egunean. GUILLAUME FAUVEAU

Loiuko aireportuaren auziak, hain justu, ondo islatzen du hori. EH Bilduk proposatu baitzuen azpiegiturari Agirre Lehendakaria izena jartzea. Pello Otxandianok egin zuen iragarpena Eusko Legebiltzarrean, ekaineko kontrolerako osoko bilkura batean. Mugimenduak ezustean harrapatu zituen jeltzaleak, eta, hala, horri erantzun nahian, EAJk eta PSE-EEk osoko zuzenketa bat erregistratu dute berriki. Funtsean, ordea, proposamen bera da, ñabardura txiki batzuk eginda.

Ansaren ustez, ulergarria da EAJk hauteskunde interesa eta «taktizismoa» ikustea EH Bilduren helburuetan, bozak gertu diren honetan oposizioko alderdi nagusiak proposatu baitu EAJren tradiziokoa den figura horri gorazarre egitea, EAJk berak proposatu beharrean. Baina azpimarratu du «akatsa» litzatekeela EAJk nazio errelatoa eta alderdiaren ondarea nahastea: «EAJ horren gainetik jarri beharko litzateke».

«Agirre lider bat izan zela, XX. mendeko politikari inportanteenetako bat izan zela, hainbat ideologiatako ordezkariez osatutako gobernua eratu zuela… Bai, hori guztia egia da, baina Agirre antikomunista zen, kristaua... Hori ere kontuan hartu behar da»

IÑAKI GALDOS Politikari ohia eta analista politikoa

Hala ere, ez du uste aitortza eta gorazarre horien atzean abertzaleen arteko lehia dagoenik. «Nire ustez, Agirre lehendakariak ordezkatzen duen horrek bat egiten du EH Bilduk sortu nahi duen marko politikoarekin: ezberdinen arteko elkarlana garai erreakzionarioei aurre egiteko, eta abar. Horrekin lotzen du Agirre, ez EAJ ordezkatzeko helburuarekin». Izan ere, gogorarazi du koalizioaren ziklo honetako xedeetako bat EAJren ordezko «alternatiba» eratzea dela.

Nolanahi ere, gaiak interesa piztu du, zuzenean edo zeharka eragina izan duelako bi alderdien barnean. EH Bilduk Agirreren legatua bere markoari lotu nahi dion moduan, EAJk bere «oinarri ideologikoa berritzeko eta zabaltzeko» baliatu nahi baitu lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena, Galdosek azpimarratu duenez. Imanol Pradalesek azken asteetan «humanismoari» eta 1956ko Euskal Mundu Biltzarrari egindako erreferentziak dira horren adibide. «Olatu hau baliatzen ari da ahaztuta zeukan humanismoaren ideia berreskuratzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA