Goizean bileraz bilera ibili da, baina Lore Bilbaok (Dima, Bizkaia, 1965) hartu du tarte bat txerto iraungien krisiaz aritzeko: iazko abenduan eta aurtengo urtarrilean txerto hexabalentearen, tetrabalentearen eta hirukoitz birikoaren dosi iraungiak jaso zituzten 60 bat pertsonak —ia guztiak haurrak— Osakidetzaren osasun etxeetan. Bilbaok eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ia egunero eman behar izan dituzte azalpenak. Ez du behar paperik egunez egun egin dutena azaltzeko. Konbentzituta dago ondo jokatu dutela eta egin beharrekoa egin dutela.
Txerto iraungien krisia bideratuta dagoela esan duzue. Zer esan nahi du horrek?
Osakidetzari eta Osasun Sailari dagokienez, krisia kontrolpean dago. Hartu ditugu hartu beharreko neurriak, gutxienez hasieran hartu beharreko presazko neurriak. Gero ikusiko dugu Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordeak zer esaten digun. Krisia, gure aldetik, bukatu da. Beste kontu bat da beste batzuek krisi hau luzatu nahiko dutela.
Hau izan da Osasun Sailera iritsi zaretenetik izan duzuen krisirik gordinena?
Bai, beharbada hau izango zen larriena, gutxienez gizarteari begira, batez ere komunikabideei begira.
Txertoen sistemak huts egin du?
Ez nuke hainbeste esango. Ziur asko hainbat gauza txiki elkartu dira: erosketak nola egin ziren, iraungitze datak ez begiratzea....
Biltegietatik ez zen txerto iraungirik bidali ESI erakunde sanitario integratuetara eta osasun etxeetara?
Ez, ez dituzte iraungiak bidaltzen. Beste kontu bat da azken momentuan eta iraungitzeko denbora gutxi falta denean bidaltzea. Baina hori ez da ohikoa.
Giza akatsak izan dira? Baliabide automatizatuen faltak ere lagundu du? Guztiaren nahasketa bat da?
Ikerketa batzordeak esan beharko du, baina denaren nahasketa bat izango zen ziur aski. Litekeena da zenbait pertsonaren akatsak tartean egotea, edo sistemarenak. Laurehun osasun etxe ditugu eta bakan batzuetan sortu dira. Ez dira hainbeste izan.
«Uste genuen hobe zela familia bati deitzean informazio guztia ematea, zer gertatu zen eta zer egingo genuen»
Kopuruak jaisteak arazoaren neurria ere txikitu egiten du?
Arazoa bera da. Berdin da bat izatea edo mila izatea. Horrek zerbait adierazten du: zerbait zuzendu beharra. Arazoa hor dago; guk ondo aztertu nahi dugu zer gertatu den, eta gero neurriak hartu nahi ditugu horrelakorik berriro ez gertatzeko.
Errenteriako (Gipuzkoa) Iztietako osasun etxeko erizain batek urtarrilaren 15ean jakinarazi zuen txerto iraungiak jarri zirela. Txertoen ekoizleak eta botiken agentziek hasieratik esan zizueten txerto iraungiak ez zirela arriskutsuak jaso zituztenentzat. Zergatik ez zenieten arazoaren berri eman kaltetuei hori jakin bezain pronto?
Eta zer egin? Guraso bati deitu eta lasai egoteko esan? Eta galdetuko dizute: «Zer egin behar dut orain?».
Ez al zen hobe, lasaitasunaren izenean eta gero gertatu dena ikusita, 253 familia horiei —hasieran 253 zirela uste zuten, gehienak haurrak— zera esatea: txerto iraungia jaso zutela, bazenekitela ez zuela osasun arazorik eragiten, eta argitzen ari zinetela ea berriro txertatu behar ziren edo ez?
Osasun zentro guztietan galdetu dugu zein izan den familien erantzuna, eta esan digute bikain erantzun dutela. Nik esango nuke eredugarria izan dela. Denek ulertu dute zer gertatu den. Askoz ere hobea da horrela egitea. Gainera, demagun hasieran 253 pertsona horiei jakinarazten diegula. Normalean jendea —ez guztiak— urduri jartzen da, zer gertatzen den ikusi arte. Uste genuen hobe zela familia bati deitzean informazio guztia ematea, zer gertatu zen eta zer egingo genuen. Azkenean ez dira hainbeste egun izan, astebete eta zerbait gehiago izan da. Txostenen zain egon gara, berme guztiak izateko. Hilaren 21ean hiru txosten desberdin genituen.
Nola da posible hiru erakundek gomendio kontrajarriak ematea txerto iraungiak jaso zituztenak berriro txertatzeari buruz?
Hori ezin dizut erantzun, ez dakit. Txertoaren ekoizleak esan zigun 101 pertsona bakarrik txertatu behar zirela berriro; Espainiako Botiken Agentziak gomendatu zigun inor ez txertatzeko berriro; eta EAEko Txertoen Aholku Batzordeak, berriz, lehenbailehen guztiak txertatu behar zirela esan zigun. Hiru txosten horiek izanda, oso zaila zen familiei mezu argi bat ematea, eta mesedez eskatu genien egoera berriro aztertzeko eta zerbait esateko.
Familiei arazoaren berri emateko garaia atzeratzeak ez al du zuen kudeaketa susmopean jarri, eta informazioa ezkutatzeko borondatea zenutela iradoki?
Ezetz esango nuke. Agintaldian erakutsi dugu gardentasun guztiz jokatzen dugula kontu guztietan. Oraingo honetan ere seguru, zorrotz, garden eta zuhur jokatu nahi genuen. Horiek ziren gure printzipioak. Txosten guztiak jaso, zer egin behar zen erabaki, eta gero jendeari jakinarazi, baina mezu argi bat, eta zer egin behar zen adierazi. Okerrena ezer ez esatea da.

Txertoen ekoizleak eta botiken agentziek esan zizuetenez, txerto iraungiak ez dira arriskutsuak pazienteen osasunerako, baina jaso beharreko immunizazioa ez da behar bezalakoa izango.
Esan ziguten txerto horien immunizazioa ez zela %100ekoa, baina gutxienez bazutela txertoa. Orain batzuek esaten dute txerto horiek jaso zituztenak arriskuan egon direla. Agian beste batzuk baino arrisku handiagoan bai, baina, bueno, esan digute txertoen potentzia pixka bat jaisten dela.
Alberto Martinez Osasun sailburuak esan du balitekeela ondorioak izatea luzera begirako immunizazioan.
Bai, baina, tira, aste batzuetako kontua besterik ez da.
Arazoa publiko egiteko asmoa al zenuten?
Gure asmoa zen familiei jakinaraztea eta, behar bazen, horren berri ematea. Inoiz ez dugu asmorik izan ezer ezkutatzeko. Hilaren 27an besteren bat sartu zen tartean, eta gaia bere lekutik atera zuen, edo behintzat kezka sortu zuen, guk sortu nahi ez genuen kezka bat.
EH Bilduk zalantzan jarri du ea arazoa publiko egiteko asmoa zenuten.
Nik jakingo banu zerbait gertatu dela, batez ere osasun arloan, lehen egunean deituko nuke, ez nuke hilaren 27ra arte itxarongo sailburuari deitzeko eta galdetzeko zer egin behar duen [Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak hilaren 27an deitu zion Martinezi, txerto iraungiei buruz galdetzeko]. Uste dut ardura handiagoz jokatu behar zutela. Osasun arazo bat gertatzen denean, politika kontuak baztertuko nituzke eta berehala deituko nuke.
Zuek ez duzue eduki borondaterik ondorio politikoak kontrolatzeko?
Egia esan, ez dugu pentsatu ondorio politikoetan. Familiei mezu argi bat eman nahi genien lehenbailehen. Beste guztia sortu da norbaitek abian jarri duelako.
«Batzuek esaten dute arazo honek erakusten duela sistemak porrot egin duela eta Osakidetza ahuldu egin dela; berba hutsak iruditzen zaizkit»
Ulertzen duzue fiskaltzak prozedura abiatzea ikusteko ea osasun publikoaren kontrako deliturik izan den?
Mundu guztiak eskubidea du kontuak eskatzeko eta ikerketa zabaltzeko. Gu prest gaude eskatzen diguten dokumentazio eta informazio guztia emateko. Ez dut uste oraindik ezer iritsi zaigunik. Informazioa ematera joango gara Eusko Legebiltzarrera eta edonora.
Litekeena da langileak seinalatuta geratzea.
Ez dakit. Ikerketa batzordeak ere aterako ditu ondorioak. Uste dut azkenean arazo edo akats txikien segida bat izango dela.
Baduzue asmoa langileei espedienteak zabaltzeko edo langileak zigortzeko?
Orain gure helburu nagusia eta buruko min handiena zera da: berriz txertatu beharrekoak lehenbailehen txertatzea, ohartzea arazoak non ditugun eta neurriak hartzea berriro horrelako ezer ez gertatzeko. Hortik aurrera ikusiko dugu zer gertatzen den.
Arazoa plaza publikora eta plaza politikora atera da. Zuek arazo puntualtzat hartu duzue, baina oposizioko taldeek uste dute egiturazko arazoen ondorioa dela, Osakidetzaren egoeraren eta gabezien sintoma.
Ez da egokia kontu hau eztabaida politikoan sartzea. Horrelako arazo bat gertatzen denean, politika sartzea da okerrena. Osakidetzan profesional bikainak ditugu, eta sistema oso sendoa, benetan. Gabeziak daudela? Osakidetza da EAEko enpresa nagusia: 42.000-45.000 langile ditugu, 50.000 soldatatik gora ordaintzen ditugu hilero, laurehun zentro eta eraikin baino gehiago ditugu… litekeena da akatsen bat gertatzea. Akatsik ez egitea lortu nahi dugu guk. Batzuek esaten dute arazo honek erakusten duela sistemak porrot egin duela eta Osakidetza ahuldu egin dela; berba hutsak iruditzen zaizkit.
Halako arazo batek hauspotu egingo al ditu txertoen kontrako iritziak eta jokabideak?
Ematen du ezetz eta espero dut ezetz. Espero dut laster arazo hau iraganeko gertakari bat baino ez izatea eta inori ondoriorik ez eragitea. Zer gertatuko den, auskalo.