LPS HONI EZ DINAMIKAKO KIDEA

Alain Arruti: «Lurralde plan sektorial honek ez die ingurumen eta gizarte irizpideei erantzuten, interes ekonomiko espekulatiboei baizik»

Lurralde plan sektorialaren kontrako dinamikan dabiltzanen ustez, planak ez ditu betetzen «gutxieneko irizpide legalak»; are, Arrutik adierazi du hura onartu bezain pronto auzitara joko dutela.

Alain Arruti, Azpeitian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Alain Arruti, Azpeitian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
inaut matauko rada
AZPEITIA
2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia berriztagarria ekoizteko teknologiak interesgarriak eta onak izan daitezkeela ukatu gabe, horiek zabaltzearekin batera beste neurri batzuk ezarri behar direlakoan dago Alain Arruti (Azpeitia, 1996), LPS Honi Ez dinamikako kidea; murrizketa aipatu du, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak aurki onartuko du energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS), eta, hain justu, Arrutik nabarmendu du «orientabide ekonomikoa» dela, eta ez ekologiaren eta gizartearen ongizatearen aldekoa.

Aurkezpenean salatu zenuten LPSan «zabarki» egin dela lurraldearen banaketa. Zergatik diozue hori?

LPSaren barruan, badago lurraldearen kategorizazio bat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa orokor bat egiten du, lurraldea ahalmenaren arabera sailkatuta, eta lur asko sartu dituzte egoki moduan. Azpeitiaren inguruan, adibidez, Sañu aldeko lurraldea egokitzat dago sailkatuta, besteak beste. Baina kategorizazio hori zorrotz egin da? Ez da gauza bera nonbait haizea ibiltzen dela adieraztea eta toki horren balio ekologikoaren, ingurumen inpaktu posibleen eta errendimendu ekonomikoaren arteko balantze bat egitea.

Sañuren adibidera itzulita, han egitekoa zuten Piaspe parke eolikoa atzera bota zuten ingurumen inpaktu handia izango zuela eta. Orduan, LPSaren arabera egokia den leku batean proiektu bat aurkezten badute, baina alegazioen eta txosten tekniko zehatzen bitartez demostratzen bada egiatan ez dela leku egokia duen balio ekologiko handiagatik, horrek esan nahi du mapa orokor hori brotxa lodiz egin dutela. Noski, etekin ekonomikoa eta energetikoa lortzeko egin zen proiektua, baina horiek ez dira aldagai bakarrak.

Nolakoa beharko luke izan lurraldearen plangintzak?

Uste dut lurralde planifikazio batek, benetan beharrezko dela uste dudan horrek, gutxienez bi orientabide izan behar dituela: lehenik eta behin, orientabide ekologikoa. Hau da, orientabide garbi bat behar da proiektua instalatua izango den lekuan izan daitezkeen inpaktu ekologikoei buruz. Bestalde, gizakien ongizateari dagokion proiekzio bat ere egin behar da. Proiektu batek modua eman behar du herritarren baldintzak hobetzeko, ez baldintza ekonomiko-materialak soilik, baizik eta bizi baldintzak orokorrean.

Klima aldaketari aurre egitea, esaterako, bi afera horietan txertatuta dago. Baina bi orientabide horiei jarraituz, ikusi behar da, modu partikularrean eta zorrotz, ea eskala handiko energia berriztagarrien proiektu batek hor lekua duen edo ez.

«Ekologiaren aldeko eta gizartearen ongizaterako orientabide bat izan beharrean, [LPSa] orientabide ekonomikoa da»

LPS honek, zuen ustez, ez ditu betetzen irizpide horiek?

LPS honen arima da plan orokor bat egitea energia enpresa handiek eta politikari batzuek dituzten interes espekulatiboei begira. Ekologiaren eta gizartearen ongizaterako orientabide bat izan beharrean, orientabide ekonomikoa da. Horrek ekarri du etekin ekonomikoa funtsezko premisa izatea, eta proiektuek beste bi arloetan izan ditzaketen inpaktuak ez ebaluatzea. Adibidez, egiaztatu da LPSan leku egokitzat hartzen diren batzuetan jadanik ingurumen inpaktu handia dagoela; horrek esan nahi du LPSaren oinarrian dagoen ingurumen txostenak ez duela fundamentu handirik.

Hain zuzen ere, Nafarroan proiektu batzuk atzera bota dituzte metatze efektuagatik. Horren arriskua ikusten duzue?

Nafarroan askoz energia berriztagarri gehiago ekoizten eta kontsumitzen da proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoan baino. Proiektu batzuk atzera bota dituzte, baina gaur egun Hego Euskal Herrian hirurehun proiektu baino gehiago daude martxan, fase ezberdinetan. Horrek esan nahi du dezente kargatzen ari dela, eta nahiz eta batzuk atzera bota, ez da joera nagusia.

Beraz, orokorrean, zer deritzozue LPSari?

Lehenik eta behin, esan bezala, LPS honek ez die ingurumen eta gizarte irizpideei erantzuten, interes ekonomiko espekulatiboei baizik. Baina, horrez gain, garbi ikusten da ez dagoela plan estrategikorik klima aldaketari aurre egiteko. Erreferentziazko markoa Parisko Akordioa bada, ez dira betetzen ari, baina ez hemen eta ez inon. Non daude Parisko Akordioak jasotzen dituen beste neurriak? Energia baliabide berriztagarriak sortzen ari direla ikusten dugu, baina aldi berean energia hori xurgatuko duten datu zentro erraldoiak egiten badituzte, non dago murrizketa? Non dago ordezkapena?

Alde batetik teknologia dugu —eta nik uste orokorrean jende guztiak ikusten duela berriztagarrien teknologia positiboa dela—, eta, beste alde batetik, teknologia hori nola erabiltzen den. Ikusten dugu teknologia horrek ez duela erregai fosilen erabilera apaldu. Gainera, inpaktu lokal negatiboak ere sortzen dituzte; beraz, gure lurraldea sakrifikatu behar dugu, eta ez klima aldaketa arintzeko, baizik eta etekin ekonomikoak ateratzeko? Hor dago balantza hori.

«Egiaztatu da LPSan egokitzat hartzen diren leku batzuetan jadanik ingurumen inpaktu handia dagoela»

Milaka alegazio jarri zaizkio LPSaren proiektuari. Herritarren hitza entzuten ari dira?

Ez, inondik inora ere ez. Herritarrok hasieratik egon gara LPS honen kontra, garbi, behintzat afera honetan antolatzen diren herritarren multzoaren barruan. Mota askotako hainbat eragile agertu dira proiektuaren kontra. Horrez gain, LPSaren balorazio tekniko batzuk egin dira, proiektua gezurtatzen zutenak, eta entzungor egin zaie. Oso alegazio gutxiri eman zaie erantzuna; hori bera ez dut uste oso demokratikoa denik.

Adierazi duzue auzitara eramango duzuela plangintza. Zer dela eta?

Argumentu juridiko nahikoa ikusten ditugu LPS hau atzera botatzeko. Iruditzen zait badaudela baldintza objektiboak Eusko Jaurlaritzari bataila bat planteatzeko LPS honen inguruan, uste baitugu proiektuak ez dituela betetzen bete beharko lituzkeen gutxieneko irizpide legalak. LPSa aurkeztean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarriko dugu.

Dinamika bat gara, eragile eta norbanako askoren indarra duena, eta dinamika irekia da, eragile politikoei, sozialei, udalerriei, kontzejuei eta bestelakoei atea irekia baitiegu parte hartzeko. Izan ere, energia berriztagarrien hedapenaren alde edo kontra egon,  ikuspuntu bat edo beste izan gertatzen den horren inguruan, LPS honek ez dio inondik inora erantzuten berez duen misioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.