Astebeteko beste greba bati ekingo diote Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek astelehenean, estatutu propioa lortzeko hilean behin egiten ari diren mobilizazioaren barruan. Lanuzte hori zenbait ospitaletan asteon abiatutakoari batuko zaio: zenbait medikuk uko egin diote arratsaldeetan itxaron-zerrendak murrizteko borondatezko lanak egiteari. Egoera are gehiago korapilatuko dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek kezka agertu du berriro. Medikuei ohartarazi die gatazkak «legitimoa» izateari uzten diola gehiegi luzatzen denean, eta «tentsioa apaltzeko» deia egin du.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan EAJren galdera bati erantzunez esan ditu hitzok Martinezek. «Ezin da aldarrikapenik egin gatazka mugagabe batean oinarrituta», adierazi du sailburuak. Izan ere, ohartarazi du hala egiten denean gatazka «higadura kolektibo eta emozionaleko faktore» bihurtzen dela. Hori dela eta, eskatu du «zubiak berreraikitzeko» eta negoziazioei berriz ekiteko.
Mezu nagusia, halere, Espainiako Gobernuari igorri dio sailburuak. Monica Garcia Osasun ministroari leporatu dio esparru estatutua negoziatzerako orduan «sentsibilitatea» falta izatea medikuen errealitateari dagokionez, «gauzatu ezin ziren espektatibak» sortu zituela eta. Martinezen hitzetan, jakina zen estatutua berritzea «konplexua» izango zela, are gehiago osasun langileen gabezia dagoen honetan, baina salatu du ministroak agertoki hori kontuan hartu gabe eta ondorioak neurtu gabe ekin ziela elkarrizketei.
Negoziazioak ez aurrera ez atzera daude horren ondorioz, Martinezek azaldu duenez. Akordio bat lortzeko bidean ez da aurrerapausorik eman azken hilabeteetan, eta jarrerak urrun daude oraindik. Horren erakusgarri da Osasun Ministerioa eta greba batzordea egitekoak ziren bilera bertan behera geratu izana. «Gehiegi luzatzen ari da gatazka», txarretsi du sailburuak. «Eta luzapen horrek estatututik harago doazen ondorioak eragin ditu».
Askotariko ondorioak
Sistemarenganako lotura ahuldu izana da ondorio horietako bat. Izan ere, Martinezen arabera, osasun langile askok «galdu» egin dute sistema publikoarekin zuten «atxikimendu emozionala». Azaldu du horrek osasun langileen arteko harremanetan ere egin duela, eta, ondorioz, baita herritarrei emandako zerbitzuan ere. Sailburuak jakinarazi du grebaren eraginez %50 luzatu direla itxaron-zerrendak Osakidetzan. Hori da ondorioetako beste bat, hain zuzen ere: ezerezean utzi duela Jaurlaritzak azken urte eta erdian egindako lana.
Hori dela eta, Martinezek ministroari eskatu dio berriz hasteko negoziatzen, eta amore ez emateko ituna egin arte: «Eser dadila negoziazio mahaian, eta ez dadila altxatu akordio bat lortu arte». Izan ere, gogorarazi du harena dela ardura guztia, eta ez autonomia erkidegoena. Hori bera berretsi zuen greba batzordeak ere, azaldu duenez: «Eskumenei buruzko aitzakiek ez dute balio jada».
Sailburuak adierazi du gatazka are gehiago luzatzeak ez diola inori mesede egiten, ez profesionalei, ez osasun sistemari eta are gutxiago pazienteei. Bada, «elkarrizketa» bultzatzeko, «erantzukizun instituzionalez» jokatzeko eta «konponbideak bilatzeko» eskatu die bi aldeei, eta, hala, «gatazka» alde batera utzi eta «elkar ulertzeko», eta profesionalak eta pazienteak zaintzeko. «Hori da gure nahia; ministerioari ere hori bera eskatzen diogu».
Manifestazioa Iruñean
SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak medikuak eta pazienteak aurrez aurre jarri nahi izatea egotzi dio Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariari. Baita osasun publikoaren egungo egoeraren erantzukizuna medikuen bizkar jartzea ere. Juan Ramon Sanchiz sindikatuko presidenteak salatu du Osasunbideko medikuen egoera «jasanezina» dela, mediku faltagatik: «Medikuen eskubideak urratzen direlako funtzionatzen du sistemak». SMNko ordezkariek agerraldia egin dute Iruñean.
Sindikatuak Osasunbideko medikuei eskatu die maiatzean eta ekainean ez ditzatela egin arratsaldeetako borondatezko lanaldiak. «Moduren batean presio egin behar dugu», azaldu du Sanchizek. SMNk manifestazioa egingo du hurrengo asteazkenean, Iruñean, 18:30ean hasita.
SMNk emandako datuen arabera, zenbait espezialitatetan medikuen %23 falta dira; BAME barruko medikuko egoiliarrek lanaldia %48 luzatzen dute; medikuek %30, eta gaixoaldian dauden medikuen %48 soilik ordezkatzen dituzte. «Medikuak falta dira eta medikuek eurek betetzen dituzte hutsuneak, gehiegizko lana edukita ere», gehitu du.
Nabarmendu du medikuen egonkortasunak onerako eragiten duela pazienteen bizi kalitatean eta biziraupenean: «Ikerketa zientifikoek erakusten dute hilkortasuna %25 gutxitzen dela, eta ospitaleratzeak eta larrialdietara egindako bisitak, berriz, %25 eta %30 artean».