Martxoaren 8tik harago antolatzeko deia

Milaka lagun atera ziren atzo kalera, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Itaiak deitutako mobilizazioetan. Guztiek beharrezkotzat jo dute eguneroko praktikan borrokatzen jarraitzea.

Martxoaren 8ko Iruñeko mobilizazioa, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko martxoaren 9a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemendik aurrera ere, Euskal Herriko Mugimendu Feminista eztabaidarako, aliantzetarako eta elkarrekin amesten dugun hori eraikitzeko gunea izango da, orain arte izan den bezala». Milaka feminista kalera atera ziren atzo Euskal Herrian, eta bertze mundu bat aldarrikatu zuten. Euskal Herriko Mugimendu Feministak balorazio positiboa egin du, eta nabarmendu urtez urte «indar erakustaldi ikaragarriak» egiten ari direla, eta atzokoa horren adibide izan zela. 

Arrazakeriaren kontrako aldarria inoiz baino presenteago egon da aurten: izan ere, diskurtso eta jarrera arrazistak edonon zabaltzearekin aski ez, eta feminismoa aitzakia gisa erabiltzen da hori justifikatzeko. Praktika horiek gogor salatu zituzten atzo, eta gaur gogoratu dute arreta ezin dela soilik kanpoan jarri, eta, oro har, zuriek «ardura hartzeko ariketa handi bat» egin behar dutela. «Mugimendu feministan zuriak garenok dugun boteretik eta pribilegioetatik apartatzeko ariketa egin behar dugu, eta aipaturiko jarrera eta diskurtso horiek eteteko ardura hartu, eguneroko praktikan», borobildu dute.

(ID_15873169) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Sutan kolektibo transfeministak deitutako manifestazioa, Baionako geltoki aitzineko pla...
Sutan kolektibo transfeministak deitutako manifestazioa atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

Aldarri orokorrez gain, batzarrez batzar adostutako bertze hamaika gai eraman zituzten kalera, tokian tokikoak. Baionan, erraterako, oroitarazi zuten gizartean diskurtso «antifeministak, transbaztertzaileak eta queerfoboak» zabaldu direla, eta argi utzi jomugan jarriko dituztela «menderatze sistemak»: «Herrion burujabetza ez ezik, guk gorputzena ere aldarrikatzen dugu». 

Donostian, berriz, udala eta enpresa kapitalistak ezartzen ari diren hiri eredua seinalatu zuten, eta gogor kritikatu, bertzeak bertze, alokairuen prezioak eta azken asteetan Martutenen eta Herreran izan diren etxegabetze masiboak. 

Finean, egungo testuingurua «oso konplexua» dela adierazi dute, eta mugimendu feministaren analisiek horri erantzuten diotela, «makrotik mikrora». «Atzoko egunak erakutsi zigun zein beharrezkoa den kalera ateratzea eta zein beharrezkoa den antolakuntza feminista, beste mundu bat feminismotik eraikitzeko, askotariko gorputz eta errealitateetatik».

«Alternatiba iraultzailea»

Emakume langileen aldeko aldarrikapenek ere izan zuten lekurik Euskal Herriko kaleetan: Itaia emakumeen antolakunde sozialistak deituta, sei hiriburutan eta 21 herritan egin zituzten mobilizazioak. Gaur egindako balorazioan, M-8tik harago «lanean eta antolakuntza iraultzailea indartzen» segitzeko konpromisoa berretsi dute Itaiako kideek, «beharrezkoa eta urgentziazkoa» zaielako emakume langileen zapalkuntza amaituko duen «alternatiba iraultzailea» eraikitzea.

Itaiaren gaurko mobilizazioa, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Itaiaren atzoko mobilizazioa, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU

Gogoratu dute hamaika arrazoi daudela borrokatzeko: «Izan ere, emakume langileok bizi dugun egoera ezkutatu nahi badute ere, zapaldurik jarraitzen dugu: lan baldintza prekarioak, zaintza zerbitzuen pribatizazioa, zaintza lanen ardura guztia gugan erortzea, eraso matxistak...». Halaber, emaztekien kontrako jarrerak eta erasoak «normalizatzen» ari direla salatu dute, ideologia faxistaren zabalpena seinalatzearekin batera.

Hortaz, aurrerantzean borrokatzeko eta antolatzeko deia egin dute, eta antolakundeak bi bide indartuko dituela zehaztu. Batetik, antolakuntza eta militantzia politikoa sustatuko dituzte faxismoaren eta matxismoaren kontra. Eta, bertzetik, emakume langileen interesak eta problematikak lehen lerroan jarriko dituen «bide orri iraultzailea» garatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA