Atzo bertan izendatu zuten Gasteizko San Frantzisko eliza memoria leku, eta gaur, Martxoak 3 elkarteko kideek jakinarazi dute Espainiako Gobernuak estatuaren 39 biktima aitortu dituela; besteak beste, 1976ko sarraskian eta 1978ko sanferminetan hildakoak. Elkarteak berak eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteak egin zituzten eskaerak. Gasteizko sarraskia gertatu zela mende erdia beteko den honetan, kritiko agertu dira elkarteko Nerea Martinez Aranburuzabala eta Andoni Txasko: «Keinuak besterik ez dira, Espainiako Estatuak Gasteizko eta Iruñeko sarraskietan izandako benetako erantzukizuna aitortu behar du».
Hain zuzen ere, hori izango da aurtengo ekitaldiko aldarria: Espainiako Estatuak adierazpen ofizial bat egin dezala. Martinezek adierazi du «Francorik gabeko frankismoaren biktimak» direla, eta ez dela bidezkoa esatea gizarte demokratiko batean bizi direla, jakinik «bigarren mailako biktimak» direla. Era berean, salatu du ez dela «benetako trantsiziorik» egon, eta urteetan «utzikeria instituzionala» jasan dutela.
Martxoak 3 eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteek iaz abiatu zuten Estatua Erantzule kanpaina, eta bide horretan lortu dute biktimen aitortza. Denera 39 aitortza egin ditu Espainiako Gobernuak, eta biktima horien artean daude Gasteizen hildako bost lagunak, eta hura salatzeko prostestan Basaurin (Bizkaia) eta Tarragonan (Herrialde Katalanak) hildako Vicente Anton Ferrero eta Juan Gabriel Rodrigo; baita 1978ko sanferminetan hildako German Rodriguez eta egun gutxira Donostian hil zuten Joseba Barandiaran ere. Azaldu dute aitortza hori «sinbolikoa» bada ere beste biktima batzuei haien egoera aitortzeko bidea ireki diela.
Aurrerapausoak aurrerapauso, bi kideek salatu dute Sanferminak 78 Gogoan elkartearekin aurrera eramandako kanpainaren helburua dela estatuak bi sarraskietan izandako erantzukizuna argitzea, eta eskakizun horrek oraindik «erantzunik gabe» jarraitzen duela. Bide horretan eta kanpainari jarraipena emanda, iragarri dute sarraski horietan hildako biktimen udalerrietan ere aurkeztuko dutela eskakizuna; jada egin dute Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Astigarragan (Gipuzkoa).
«Keinuak besterik ez dira, Espainiako Estatuak Gasteizko eta Iruñeko sarraskietan izandako benetako erantzukizuna aitortu behar du»
NEREA MARTINEZ ARANBURUZABALA ETA ANDONI TXASKO Martxoak 3 elkartea
Udalerri horietako osoko bilkuretan ez ezik, Eusko Legebiltzarrean —etzi eztabaidatuko dute— eta Nafarroako Parlamentuan ere aurkeztu dute mozioa eztabaidatzeko. Mozio horretan Espainiako Gobernuari eskatzen zaio aitor dezala estatuak «erantzukizun nagusi eta zuzena» izan zuela Gasteizen 1976ko martxoaren 3an eta Iruñean 1978ko sanferminetan egindako krimenetan, eta maila goreneko adierazpen ofizial bat egin dezatela. Era berean, erakunde eskudunei eskatzen die benetako eta behin betiko urratsak egin ditzatela estatu indarkeriaren biktimen egiarako eskubidea bermatzeko eta, horrela, derrigorrezko justizia eta erreparazioa lortzeko ateak irekitzeko, antzekoak berriro gerta ez daitezen.
Mozioa aurkeztu ondoren alderdiak ados jarriko ote diren galdetuta, Martinezek adierazi du hala beharko lukeela. Haren esanetan, ados jarri ezean, agerian geldituko litzateke zenbait alderdik ez dietela benetako babesa ematen biktimei: «Orain arte euren babesa adierazi digute, baina orain, benetako neurri eraginkorrak har daitezkeenean, ezetz esaten baldin badute, agerian geldituko da ez daukatela benetako borondate politikorik». Izan ere, PSE-EE ez da Espainiako Gobernuari inolako aitortzarik eskatzearen aldekoa. Asteburuan, sozialisten buru Eneko Anduezak adierazi zuen Madrilek ez duela «barkamenik» eskatu behar, sozialistak ere «biktima» izan zirelako.
Esperantza handirik gabe
Atzo jakinarazi zuen Pedro Sanchezek sare sozialen bitartez 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe saiakerako paperak desklasifikatuko dituztela. 1976ko martxoaren 3ko gertakarien inguruko artxiboekin, aldiz, ez du ematen gauza bera gertatuko denik. Txaskok azaldu du «aurrerapauso on bat» dela atzokoa, baina gauza bera egin beharko luketela beste kasu guztietan ere.
Euren kasuan halakorik ez egitearen arrazoia ere azaldu du: «Sekretu Ofizialen Legearen arabera, 50 urtera artxiboak desklasifikatu egin behar dira, eta gure kasuan datorren astean iritsiko gara urteurren horretara. Baina lege horrek ere badu klausula bat, eta bertan zehaztua dute artxiboa ez dela desklasifikatuko ekintza horietan parte hartu zutenetako bat bizirik baldin badago». Eta horixe gertatzen zaie, Rodolfo Martin Villa, besteak beste, Harreman Sindikalen ministro izana bizirik baitago. Ondorioz, «esperantza» bai, baina ez handia.
Artxiboak desklasifikatu bitarte, etzi iritsiko da mozio hori Eusko Legebiltzarrera, eta handik bi egunera, larunbatean, biktimak omentzeko eguna izango da. Ekitaldi jendetsua egingo dute Europa jauregian, sarraskian izandako biktima «guztiak» omentzeko. Sarraskia gertatu zenetik, manifestazio bat egin izan dute San Frantzisko elizatik hiriaren erdigunera. Bada, aurten ez dute halakorik egingo, eta, horren ordez, sindikatuekin batera omenaldia egingo dute elizaren alboko monolitoan, 17:00etan. Horren ostean, 18:00etan, martxa bat abiatuko da Katedral berritik Andre Maria Zuriaren plazara.
Urteurrenaren berezitasun modura, jakinarazi dute Bloody Sunday (Igande Odoltsua) Ipar Irlandako ekimenaren ordezkaritza bat izango dela Gasteizen, eta, hain zuzen, 1972an Erresuma Batuko armadak Derryn hildako hamalau zibilen familien ordezkariak egongo direla ekitaldietan.