EMAKUNDE SARIAK

Mentxu Ramilok jaso du Emakunde saria: «Inoiz baino beharrezkoagoa da pentsamendu kritikoa izatea»

Wikiemakumeok egitasmoaren parte izateagatik eman diote saria, uste baitute funtsezkoa izan dela emakumeei ikusgaitasuna emateko. «Berdintasunaren aurrerapenen kontrako erreakzioari» aurre egin behar zaiola nabarmendu du Pradalesek.

Mentxu Railo, saria jaso berritan. IREKIA
Mentxu Railo, saria jaso berritan. IREKIA
inaut matauko rada
2026ko martxoaren 24a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Badakigu ematen duela izendatzen eta dokumentatzen ez dena ez dela existitzen. Eta gaur egun, gure atentzioa, datuak eta denbora preziatua bildu nahi dituzten horrenbeste plataformarekin, inoiz baino beharrezkoagoa da pentsamendu kritikoa entrenatzea eta izatea». Mentxu Ramiloren hitzak dira; Emakunde saria jaso berritan esan ditu, eta hein handi batean ondo islatzen dute haren ibilbidea. Beste gauza batzuen artean, Wikiemakumeok egitasmoko parte da Railo, eta bertan egindako lana saritu nahi izan du Eusko Jaurlaritzaren mendeko Emakunde erakundeak.

Sariaren zati handi bat hainbat egitasmo eta proiektu finantzatzeko erabiliko dituela azaldu du Railok. Beste batzuen artean, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da sari banaketan, Imanol Pradales, eta manosfera deiturikoa kritikatu du, «berdintasunaren aurrerapenen aurrean antolatutako erreakzioa» delakoan. Erreakzio horri aurre egin behar zaiola ere nabarmendu du lehendakariak. Sarituari dagokionez, Railok gero eta ingurune digitalizatuago baten testuinguruan emakumeen ikusgaitasuna sustatzean egindako lana goraipatu du Pradalesek.

Bestalde, Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendariak, Railo jardunean aritu den Wikiemakumeok proiektuak egindako ekarpena goratu du, emakumeak ikusaraztearen alde lan egin duelako: «Proiektu honen bidez, Wikipedia emakume erreferentzialez, emakume editoreez eta ikuspegi feministako edukiez hornitu du. Horrela, Wikipedian genero arrakalak murriztea eta emakumeen memoria kolektiboa eta genealogia berreskuratzea lortu du, kultura digitalean duten ikusezintasuna zuzenduz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!