Mertxe Aizpurua: «Andueza errealitatera egokitzen ez den dikotomia faltsu bat ezarri nahian dabil»

EH Bilduko kideak esan du Euskal Enplegu Publikoaren Legeari buruzko akordioaren xedea euskal hiztunen komunitateak bizi duen egoerari erantzutea dela.

Mertxe Aizpurua artxiboko irudi batean, Espainiako Kongresuan hitz egiten. MARISCAL / EFE
Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuan hitz egiten, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE
2026ko uztailaren 15a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal hiztunen komunitatea eskubidez hornitzeak ez dio kalterik egiten gainontzeko herritarren egoerari». Hala mintzatu da Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramailea Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak egindako azken adierazpenen harira. Are, Aizpuruak uste du «errealitatera egokitzen ez den dikotomia faltsu bat» ezarri nahi dutela eta Andueza «bulkada politiko bila» dabilela. 

Izan ere, PSE-EEko idazkari nagusiak esan zuen EH Bilduk eta EAJk Euskal Enplegu Publikoaren Legeari lotuta egindako akordioa bloke eskuindarraren «lehentasun nazionalaren» parekoa zela. Radio Euskadiko Boulevard saioan, Aizpuruak argi utzi du zein den akordioaren xedea: euskal hiztunen komunitateak bizi duen egoerari erantzutea. «Agerikoa da euskal eta erdal hiztunen egoera ez dela bera», esan du. Haren hitzetan, akordioaren helburua ez da inor lehenestea, baizik eta herritar guztien eskubideak babestea.

EH Bilduko kideak esan duenez, espero du ez izatea unean uneko adostasun hutsa. Haren ustez, datozen urteetan gai estrategiko ugarik Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuko dute, eta gai horien inguruan akordioak herri ikuspegitik lortzea «ardura politikoaz jokatzea» da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA