Mikel Zabalzaren auzian erantzukizun publikoak hartzeko garaia dela nabarmendu dute Donostian

Hiru astez erakusketa ibiltari baten aterpe izan den autobusa heldu da Donostiara. Egitasmoaren antolatzaileek esan dute Espainia zorretan dagoela Zabalzaren auziari dagokionez, eta Euskal Herriko erakundeei exijitu diete presio egin diezaiotela Madrili.

Autobusa Donostiako Bulebarrean. GORKA RUBIO / FOKU
Autobusa Donostiako Bulebarrean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko abenduaren 14a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da Mikel Zabalzaren omenezko autobusaren bidaia, baina ez haren memoriaren aldeko borroka. Donostiako Bulebarrean egin duten amaiera ekitaldian, gogorarazi dute Guardia Zibilaren torturengatik hil zela Zabalza, baina Espainiak oraindik ez duela kontatu zer gertatu zen zehazki, non gertatu zen, nork egin zuen, nola egin zuten. Horregatik, berrogei urte igaro diren honetan, adierazi dute erantzukizun publikoak hartzeko ordua dela, eta Euskal Herriko erakundeei eskatu diete presio egin diezaiotela Madrili.

Autobus publikoetan Zabalzaren lankide izandakoek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek antolatutako Mikel Zabalza gogoan, 40 urte ekinaldiak azaroaren 26an ekin zion bideari, eta Donostian, Orbaizetan, Agoitzen, Iruñean, Lesakan, Beran, Altzan eta Errenterian izan da azken hiru asteetan. Duela berrogei urte, epe horretantxe atxilotu, torturatu eta hil zuten Zabalza guardia zibilek, Intxaurrondoko kuartelean.

Antolatzaileek adierazi dute ehunka lagunek bisitatu dutela autobusaren barneko erakusketa ibiltaria, eta, bestalde, eskerrak eman dizkiete hura zabalik egoteko lan egin duten boluntarioei. «Izugarri pozten gaitu horrek, arrazoi sinple batengatik: erakusten duelako etenik ez duen hari batez josten ari garela etorkizuna», esan dute bulebarrean. «Urteak badoaz, baina etenik ez duen hari bat gara. Zer egin diguten ahaztu nahi ez duen herri bat».

Ekimenaren amaierako ekitaldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ekinaldiaren amaierako ekitaldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Memoria bizirik iraunarazteko eta kontuak eskatzeko egin dute ibilbidea: «Mikel Zabalzaren, harekin batera atxilotutako Idoia Aierbe, Ion Arretxe, Manolo Bizkai, Aitor Zabalza eta Patxi Zabalzaren eta tortura pairatu duten herritar guztien egia bizirik iraunarazteko, eta adierazteko egia osoaren berri izateko garaia dela».

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak biktimatzat aitortua dute Zabalza, baina gaur nabarmendu dute aitortza horiek ez dutela balio izan kontakizun osoa azaleratzeko. «Galdera asko ofizialki erantzuteke daude oraindik. Espainiako Estatuak zor bat du auzi honekin, herri honekin», azpimarratu dute.

Ekimenaren amaierako ekitaldia, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaierako ekitaldia, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Horregatik esan dute gaurkoa ez dela azken geltokia: «Espainiako Estatuaren zigorgabetasuna dago auzi honen eta Euskal Herrian torturaren aplikazioa pairatu duten milaka herritarren kasuen oinarrian». Horregatik, inpunitatea amaiarazteko hala Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari nola Nafarroako Parlamentuari eta Eusko Legebiltzarrari eskatu diete lan egin dezatela Espainiako Gobernuak urratsak egiteko.

«Gaur eta beti, Mikel gogoan!» esanez amaitu dute agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.