Mikel Zabalzaren omenezko autobusa igandera arte egongo da Iruñean

Nafarroako Gobernuko, alderdietako eta sindikatuetako ordezkariak izan dira autobusean gaur.

AUTOBUS IBILTARIA
Fidel Armendariz autobusaren nondik norakoak azaltzen, gaur, Iruñeko Taconeran. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko abenduaren 4a
13:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hurrengo geltokia: Iruñea. Mikel Zabalzaren omenezko autobus ibiltaria Nafarroako hiriburura ailegatu da, eta haren ateak irekirik egongo dira egunero igandera bitarte, 12:00etatik 20:00etara. Non duzue autobus gidaria? kartela paraturik dago alde batean, eta geltokien berri ematen duen panelak argi du haren helmuga nagusia memoria dela: Mikel Zabalza gogoan, 40 urte. 

Denboran atzera egin, eta oroitzeko tresna izan liteke autobusa. Autobus gidaria zen Zabalza Donostian, eta garai hartako autobus gidarien detaileak bizirik daude bertan: txartelak zulatzeko makina, maletatxoa eta langileen fitxategia. Fermin Armendariz Dbus Donostiako hiri garraioko konpainiako langileak autobusaren nondik norakoak azaldu dizkie aurkezpenera bertaratu diren erakunde, alderdi eta sindikatuetako ordezkariei.

Bertan izan dira, kasurako, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde bigarrena eta Martin Zabalza Bake eta Bizikidetzako zuzendaria; Joxe Abaurrea Iruñeko Etxebizitza hautetsia; Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzailea, Arantxa Izurdiaga legebiltzarretako koordinatzailea eta Irati Jimenez parlamentaria; Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentaria; Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzailea eta Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzailea.

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak estatuko indarkeriaren biktima gisa aitortua dute Zabalza. Dena den, Ana Ollo kontseilariaren aburuz, oraindik ere pausoak ematea falta da egia osoa ezagut dadin. «Egia osoa ez da ezagutzen, Mikelen espedientea sekretu ofizialen legearen pean dagoelako, eta falta da Espainiako Gorteek lege hori aldatzea. Lege frankista da, eta Armadaren Batzordeari ahalmena ematen dio espedientea irekitzeko, eta Mikelen moduko kasuek oso zail dute aurrera egitea lege hori aldatu ezean». 

Nafarroako Torturatuen Sareak bultzatutako ekinaldia da autobus ibiltaria, eta Mikel Soto kideak hiru egunotan bertara jotzera dei egin die iruindarrei. «Dei egiten diegu belaunaldi zaharrei eta gazteenei hona etortzeko. Zaharrenei, oroitzeko zer izan zen gertatu zena, eta berrienei ezagut dezaten zer gertatu zen. Zoritxarrez Mikel Zabalzaren kasuan biltzen da torturaren inguruan eta torturatuok jasan izan dugun bidegabekeria guztia».  

autobus ibiltaria
Ana Ollo Memoria eta Elkarbizitza kontseilaria Zabalzaren senide batekin. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.