Hasi aurretik nabarmendu dute antolatzaileek: manifestazio bat izango da, baina baita omenaldi bat ere. Bi alde horiek eta beste asko izan baititu Justizia Anderrentzat plataformak Santurtzin (Bizkaia) gaur egin duen protestak: izan ere, elkartasuna eta amorru kolektiboa adierazteko ekintza izan da, halaber. Ekainaren 24an, Santurtziko hainbat udaltzainek bi taser deskarga eman eta bi egunera hil zen Ander Saenz 30 urteko gaztea, eta milaka lagun bildu dira erantzukizunak argitu daitezen exijitzeko: antolatzaileen arabera, 10.000 pertsonak baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin.
Kabiezestik abiatu dira, eguerdian, eta gero Gernika parkeko pergolan hitza hartu dute Saenzen lagunek, senideek eta plataformako bozeramaileek. Hildakoaren «kriminalizazioa» gaitzetsi dute, baita udalak eta polizia sindikatuek izandako jarrera ere. «Etorkizunean horrelakorik berriro ere ez gertatzeko, plataforman irmo jarraituko dugu gure aldarrikapenetan: erantzukizun polizial, politiko eta mediatikoak argitzea; Ander Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortzea; potentzialki hilgarriak diren polizia baliabideak eta teknikak debekatzea, hala nola taserra; eta inplikatutako poliziak kargutik kentzea, oraindik Santurtziko kaleetan dihardute eta», eskatu dute plataformako bozeramaileek.

Ekitaldiak omenaldi taxua hartu du berehala, hildakoa nolakoa zen oroitu eta harekin igarotako une ederrak kontatu baitituzte gertukoek. Gizon «solidario» gisa deskribatu dute Saenz, eta nabarmendu dute «beti laguntzeko prest» egoten zela. Adierazi dute kasua ez dela salbuespena, eta antzeko gertakariak ekarri dituzte hizpidera: astelehenean poliziak Hondarribian (Gipuzkoa) hildako Babacar Welle izan dute gogoan, baita Ertzaintzaren foam jaurtigai baten ondorioz zendutako Iñigo Cabacas bilbotarra ere —Cabacasen senideek manifestazioan parte hartu dute—.
Martxari ekin aurretik, Justizia Anderrentzat plataformako bozeramaile Amaiur Renteriak azpimarratu du Saenzen heriotza gertatu eta hiru hilabetera «herriak antolatuta jarraitzen» duela, eta kasua daraman abokatuetako batek, Irati Agirrek, herritarren inplikazioa balioetsi du, horri esker lortu baitute Saenzen atxiloketaren bideoa, non «gezurtatu» egiten den polizien bertsioa. Afera instrukzio fasean dago oraindik, eta Agirrek uste du nabarmen luzatuko dela, inplikatutako agenteak deklaratzera ere ez baitituzte deitu oraindik.
«Kaleak astintzera» deia
Kabiezesko plaza eta inguruak gainezka zeuden 12:00ak jo baino nabarmen lehenagotik, eta eguerdia pasatuta abiatu dira, txalo zaparrada eta txistu artean, Justizia Anderrentzat zioen pankarta baten eta Justizia berba osatzen zuten letra laranjen atzetik. Adin guztietako herritarrek egin dute bat: helduek, gazteek, umeek eta zaharrek. Beste pankarta batean Herriak ez du barkatuko irakur zitekeen, eta mezu hori bera errepikatuta hartu du jendetzak herrigunerako bidea, kalea osorik okupatuta. «Sekula ez dut hainbeste jende ikusi Santurtzin», aipatu du, harrituta, protestara bildutako batek.
«Inplikatutako poliziak kargutik kentzeko eskatzen dugu: oraindik Santurtziko kaleetan dihardute»
JUSTIZIA ANDERRENTZAT PLATAFORMA
Nagusiki, bi oihu izan dituzte ahotan Gernika parkera ailegatzeko behar izan duten ordubete pasatxoan: «Justizia Anderrentzat» eta «Policía, asesina» (Polizia, hiltzailea). Eta bigarren hori erabat gailendu da Udaltzaingoaren komisariaren aurretik pasatu direnean. Txistuak ere ozendu dituzte, baita bizpahiru ke bonba eztandarazi ere. Lainoa lausotu denean, argi ikusi da eraikinaren fatxada, Saenzentzako justizia eskatzen duten pegatinez eta pintura gorri orbanez josia.
Amorratuta eta hunkituta: bi aldarte horiekin oroitu dute Ander Saenz. Eta eskaera batekin itxi dute parkeko ekitaldia plataformako bozeramaileek: «Denon artean kaleak astintzen jarraitu behar dugu, Anderren memoria ahaztu ez dadin».