Udaberrian hasi zuten borrokan pauso bat aurrera emango dute Testa Residencial enpresak Iruñean hustu nahi dituen bostehun etxeetako bizilagunek: LAB sindikatuaren babesarekin, manifestaziora deitu dute urriaren 17rako, Baluartetik abiatuta, 17:30ean. Blackstone funtsaren enpresak jabetzan dituen etxe horiek, babes ofizialekoak izandakoak, Iruñeko Arrotxapea, Ipar Etxabakoitz eta Buztintxuri-Sanduzelai auzoetan eta Artikaberrin daude, eta Testak bizilagunei jakinarazi die ez diela kontraturik berrituko, etxeak merkatu librean saltzeko asmoa duelako. Horregatik, irtenbideak exijitu dizkiote Nafarroako Gobernuari.
Pili Gonzalez eta Amaia Tollarre maizterrek bost eskaera egin dituzte Iruñeko Gazteluko plazan irakurri duten mezuan. Bat, Testari: «dagoeneko betetzen ari den mehatxu guztiak» etetea. Eta gainontzeko lauak, Nafarroako Gobernuari: etxebizitza horien titulartasuna eta kudeaketa iraunkorra bere gain hartzea; alokairu kontratu mugagabeak egitea, bizilagunei egonkortasuna bermatzeko; alokairuen prezioen jaitsierak arautzea, errentak bizilagunen egoera ekonomikora egokitzeko eta espekulazioa eragozteko; eta Testa eta Blackstone non grata izendatzea, haiekin harreman oro etetearekin batera.
«Nafarroan inoiz ez da ikusi maizterren aurkako halako erasorik betikoak aberasteko»
PILI GONZALEZ ETA AMAIA TOLLARRE Testak etxegabetu nahi dituen bizilagunak
Bizilagunen iritziz, Nafarroan hamarkadetan zehar bultzatu dira negozioa etxebizitza eskubidearen gainetik lehenesten duten etxebizitza politikak. Gogorarazi dute euren etxeak diru publikoarekin eraikitakoak direla, eta hogei urte baino gehiago daramatzatela hilero dagokiena ordaintzen. «Askotan, gainera, alokairuaren zati bat diru publikoarekin osatu da, jaso ditugun prestazio sozialei esker», gehitu dute: «Beraz, egokia da esatea etxe horien kostuaren %100 baino gehiago ordainduta dagoela. Bai etxe horietan bizi garenok, bai Nafarroako jendarte osoak ordaindu ditugu. Gure etxeak dira».
Testa Nafarroako etxejaberik handiena da, eta uste dute Nafarroan inoiz ez dela ikusi maizterren aurkako halako erasorik «betikoak aberasteko». Kontratuak 2027 eta 2029 artean amaituko zaizkie, eta, etxea erosi nahi izanez gero, lehenbizi etxea utzi beharko lukete, eta gero, merkatu libreko prezioan erosi.
Bizilagunak «higiezinen patronala» geldiarazi behar delakoan daude: «Etxebizitza bakoitza, antolatutako bizilagun komunitate eta auzo bakoitza toki egokiak dira haiei aurre egiteko, eta bizi proiektu duin bat sortzeko eskubidearen alde borroka egiteko». Ekainean ere egin zituzten protestak Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin eta Haritu etxebizitza sindikatuarekin batera.
Aldaketak, berandu
LABeko Estitxu Ezpeletak, bere aldetik, gogorarazi du joan den ekainean Txantrea auzoko Ezkabako bizilagunek egindako borrokak lagundu zuela legedian aldaketa bat eragiten, eta modua eman zuela gaur egun babes ofizialekoak diren etxeetan kalifikazio hori mantentzeko. Aldaketa hori, ordea, berandu heldu da Testaren jabetzako etxeetan bizi direnentzat.
Izan ere, Madrilgo Testa Residencial enpresa duela bost urtetatik da etxe horien jabea, Santander bankuari erosi zizkionetik, eta Grupo Larrabidek Nafarroan duen ordezkari eta kudeatzaile bakarra da. Etxeek garai hartan —2017tik 2023ra— utzi zioten babes ofizialeko izateari, eta Testak hori baliatu zuen alokairuen prezioak igotzeko. Orduan ere protestan aritu ziren bizilagunak, eta Nafarroako Gobernuak alokairuen prezioak mugatzeko akordio bat egin zuen etxejabearekin, baina alokairuak zortziehun euroraino igo zizkieten hala ere.