«Eusko lur gainean zutunik, Jaungoikoaren eta euskal gizartearen aurrean apalik, Gernikako zuhaizpean, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo betetzea zin dagit». Astelehenean bi urte dira, berba horiek esanda, Imanol Pradalesek Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuela. Molde zaharrean egindako zina izan zen, hitz eta keinu berriz gaur egunera ekarri zuena. Izan ere, «ordenamendu juridikoaren arabera» hartu zuen kargua, Espainiako Konstituzioari leial izatea espresuki aipatu gabe eta sinbologia kristaua erabili gabe.
Eusko Legebiltzarrak bi egun lehenago izendatu zuen, lehen bozketan, EAJren eta PSE-EEren gehiengo osoak babestuta. Legealdia erdira iritsi da beraz, eta bi urte hauetan Gernikako Batzar Etxean erabilitako moldea baliatu du Pradalesek agintaldiari bere forma emateko. Hala ondorioztatu dute BERRIAk elkarrizketatutako adituek, bederen. «Ez da askorik aldendu EAJko kide baten lidergo tradizionaletik. Pragmatismoari eta kudeaketari oso lotua dago haren lidergoa, baina jakin du aurrekoengandik nolabait bereizten», azaldu du Ainara Villaño politologoak.
Ikusi gehiago
Silvan & Miracle aholkularitza enpresako adituaren hitzetan, Pradalesek lortu du «identitate propio bat, marka propio bat» izatea. Batez ere komunikazioaren bitartez lortu du hori, haren hitzetan. Izan ere, Villañok uste du, aurreko agintariek ez bezala, garrantzi berezia eman diola komunikazioari. Erabakien berri ematerakoan edo mezuak igortzerakoan, «bestelako baliabide komunikatiboak» erabiltzen hasi dela azpimarratu du. «Afektua diskurtso politikoaren lehen planoan jarri du. Badaki diskurtso instituzional serio bat noiz egin eta noiz, modu informalago batean, anekdotei edo bere sentimenduei buruz hitz egin. Interesgarria da, zeren [Iñigo] Urkulluk urrun izan zuen hori lortzea».
«Ez da askorik aldendu EAJko kide baten lidergo tradizionaletik. Pragmatismoari eta kudeaketari oso lotua dago bere lidergoa, baina jakin du aurrekoengandik bereizten»
AINARA VILLAÑO Silvan & Miracle kabineteko politologoa
Saihetsezina da Imanol Pradalesen eta Iñigo Urkulluren arteko alderaketa egitea. Lidergo berriei leku egiteko alderdiak hartutako estrategiari lotuta heldu zen Pradales Ajuriaenera, hain justu ere. Urkulluk hiru legealdi eman zituen karguan, eta hura ordezkatzea egokitu zitzaion Pradalesi. Karisma izatea eta emozioak adieraztea, ez zen ezaugarri horiengatik nabarmendu aurreko lehendakaria. Bada, haren aldean, bestelako «gertutasun bat» transmititzen duela iritzi dio komunikazio politikoan aditua den Aner Ansorenak.
«Uste dut karisma badaukala Pradalesek. Badu jendearengana iristeko gaitasuna, eta, nahiz eta EAJren moldeko liderra izan, ikusten zaio profil teknikoago edo politikoagoa bat», azaldu du Hauda aholkularitza enpresako politologoak. Eta azpimarratu du kudeatzaile soila baino gehiago dela: «Kudeaketa beti oinarritzen du bere ideietan, eta gainera, hori saltzeko kapaz izan da orain arte». Ansorenak adierazi du Pradalesek asmatu egin duela beste lidergo eredu batzuei lekua egiten, eta hark ere uste du komunikazioa izan dela horretarako gakoa.

«Badaki pop politika hori ere egiten, eta jende gaztearengana iristen ari da. Herritarrei begira, Ajuriaenea modernizatzeko saiakera bat egin du, eta lortzen ari da», adierazi du. Sare sozialak aipatu ditu hark ere giltza gisa, baina eztabaida parlamentarioetan ere ikusi du «freskotasuna»: «Legebiltzarrean ateratzen zaio horrelako puntu argi bat, supiztaileagoa, konfrontatiboagoa». Zirto edo ateraldiak jarri ditu adibide gisara: «Urkulluk errieta egiten zuen, eta Pradalesek erantzun zorrotzak ematen ditu».
«Agenda propioa»
Adituek nabarmendu duten beste desberdintasun bat kudeaketa da. Zerbitzu publikoen narriadurari buruzko eztabaidarekin amaitu zen Urkulluren agintaldia, eta erronka horiei zuzen-zuzenean heldu zien Pradalesek hasieratik. «Urkulluri kosta egin zitzaion, adibidez, Osakidetzarekin arazo bat zegoela onartzea. Pradales, aldiz, konpontzen ahalegindu da, edo, gutxienez, herritarri esan die: ‘Hemen arazo bat daukagu, baina konfiantza ematen badiguzue, konponduko dugu’», azaldu du Ansorenak.
Iritzi berekoa da Villaño ere. Eta gogorarazi du aste honetan kaleratu den Soziometroak ere erakutsi duela Pradalesek herritarren ezinegona baretu duela zertxobait, apaldu egin baita Osakidetzarekiko kezka. Lehendakariaren bide orri propioa nabarmendu du Villañok, hain justu ere. Legealdi aldaketak beste gai eta eztabaida batzuk ekarri baditu ere, Pradalesek lortu baitu bere «agenda politiko propioa» mahai gainean jartzea.
«Legebiltzarrean ateratzen zaio horrelako puntu argi bat, supiztaileagoa, konfrontatiboagoa. Urkulluk errieta egiten zuen, eta Pradalesek erantzun zorrotzak ematen ditu»
ANER ANSORENA Hauda kabineteko politologoa
Villañok gehitu duenez, barrura begira ez ezik, kanpora, nazioartera begira jarri da gaur egungo agintaria. Eta gogorarazi du orain arte lehendakari batek ez zuela profil hori izan: «Urkulluri kosta egiten zitzaion kanpora proiektatzea, baina Pradalesek zenbait tresna instituzional sortu ditu Euskadik kanpo komunikazioa ere izan dezan». Haren irudiko, lehendakaria jakitun da globalizazioaren testuinguruaz eta horrek sortu dituen dinamika berriez, eta uste du agertoki horretan «bat gehiago izan barik, ahal den neurrian eragin» egin nahi duela, ekar ditzakeen aukerez baliatzeko.
Gehiengoak babestuta
Imanol Pradalesek gehiengo osoarekin hasi zuen agintaldia, PSE-EErekin osatutako gobernu koalizioari esker. Eta Villañok azpimarratu du, desadostasunak desadostasun, jakin duela gobernu bakarraren irudiari eusten. Gobernu bazkideen arteko liskarrek ez diotela eragin azpimarratu du, gatazka horren erantzukizuna alderdietako buruek hartu dutelako bere gain: «Normala da hori, eta hala izan behar du».
Bi alderdiek Eusko Legebiltzarrean duten gehiengo horri esker ez du beste alderdiekin akordioak egin beharrik izan egitasmoak aurrera eramateko. Hala ere, gaiek ere zeresan handia izan dutela iritzi dio aholkulariak: «Aurreko legealdian, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea onartu zuten EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk elkarrekin, adibidez. Halako gaietan errazagoa da. Aldiz, beste gai batzuk izan dira hizketagai orain, etxebizitza eta osasungintza esaterako, eta horietan zailagoa da».
Legealdiaren erdian hauteskunde ziklo bat egokitu izanak ere itunak «zaildu» dituela iritzi dio Ansorenak. Hain zuzen ere, bi adituek uste dute udal eta foru bozen kanpainak ezarriko duela Pradalesen ontziaren norabidea legealdiaren bigarren zatian. Baita Espainiako politikagintzan gertatzen denak ere. «Hauteskunde giroak erabat baldintzatuko du giro politikoa, eta, ondorioz, baita Pradalesen lidergoa ere», esan du Villañok.
ESTEBANEN «ZAIN»
Pradales Ajuriaenera iritsi ostean gertatu zen aldaketa EAJren buruzagitzan, eta, hain zuzen ere, Ansorenak uste du lemazain berriak zer norabide hartuko «zain» dagoela lehendakaria alderdiaren barruan bere jarrera finkatzeko. Pradales ez baitzen Aitor Estebanen hautagaia izan, Andoni Ortuzarrena baizik: «Lurreratze fase batean dago. Ikusiko dugu estrategia komun hori bateratzeko gai diren». Halere, argi du alderdiak eskatutakoa egiteko prest egongo dela lehendakaria, eta ez du uste bi buruko buruzagitzaren ereduan eraginik izango duenik.