Belaunaldi aldaketarekin batera, azken hauteskunde zikloetan EAJk izandako boto galerari aurre egitea egokitu zaio Imanol Pradalesi. Zerbitzu publikoen narriadurari buruzko eztabaida betean iritsi baitzen Ajuriaenera. Hala, eztabaidari bizkarra eman gabe, erronkari heltzeko asmoz hasi zuen agintaldia, eta ia-ia osoko zuzenketa bat aurkeztu zien Iñigo Urkulluren politikei. Lema kolpe hori hiru arlotan eman du batez ere: Osakidetzan, etxebizitzan eta industria politikan. Autogobernuan ere sakondu du.
Ikusi gehiago
Makineria guztia aktibatu du, gainera, neurri asko presazko prozeduraren bitartez jarri baititu martxan. Horren adibiderako, datu bat: aurrekontuez gaindi, lege proiektu bakarra onartu du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan. Eta aurreko gobernuak prestatutako testu bat izan da hura, Gardentasun Legearena. Gainerakoak alderdien bitartez aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean, lege proposamen gisara. Tramitazioa bizkorragoa da; besteak beste, aurretiazko azterlan gutxiago exijitzen zaizkielako. Izan ere, Pradalesek ez du denborarik galtzeko.
Osasungintza
Lema kolpearen adibiderik esanguratsuenetako bat izan da osasungintza, Osakidetza herritarren kezka nagusia baitzen Pradalesek lehendakari kargua hartu zuenean. Jakinda arazoa ez zuela berehala eta berak bakarrik konponduko, gobernuak eragile guztiak bildu zituen mahai baten bueltan, itun bat adosteko helburuarekin. Ituna egin zuten, baina alderdi eta eragile batzuk —tartean, oposizioko alderdi nagusia, EH Bildu— kontra azaldu ziren, eta ez zuten izenpetu. Edonola ere, Jaurlaritzak lortu du herritarren kezka baretzea.Â
Baina egoera ez da inondik ere onbideratu. Medikuen grebak ezerezean utzi du itxaron-zerrendak murrizteko egindako ahalegina, lanuzteek ataka estuan jarri baitute sistema, eta egoera ezin eutsizkoa bihurtzekotan da. Hori nahikoa ez, eta txerto iraungien auziak gatza bota du zaurian. EH Bilduk atera zuen argitara, eta, zalaparta handia eragin bazuen ere, fiskaltzak artxibatu egin zuen azkenean. Halere, Pradalesek barkamena eskatu behar izan zuen.Â
Etxebizitza
Osasungintzarekin batera, gobernuaren zutabeetako bat izan da. Ez alferrik, legealdiak aurrera egin ahala herritarren kezka areagotuz joan baita. Gobernuko bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, presazko neurriak hartu zituzten, hainbat lege aldatuta etxebizitza gehiago eta azkarrago eraikitzeko helburuarekin. Horrez gain, Jaurlaritzak berriki jakinarazi du lege erreforma bat prestatzen ari dela babes ofizialeko etxebizitzen salerosketen gaineko kontrola areagotzeko. Oposizioarekin desadostasun handiak izan dira alor honetan ere, eta ereduen arteko talkak agerikoak izan dira.
Industria
Industriak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian duen pisua apaltzen ari dela eta, sektorea suspertzeko eta galdutakoa berreskuratzeko erronka jarri zion Pradalesek bere buruari. Eta hainbat neurri hartu ditu bide horretan. Enpresak errotzeko estrategian sakondu du, eta garai batean joan zirenak berriro ekarri: Talgo eta Ayesa, kasurako. Horrez gain, Euskal Finantza Aliantza egitasmoa ere abiatu du, «eraldaketa ekonomikoa eta industriala bultzatzeko»; Jaurlaritzak 1.000 milioi euro jarri ditu ekinaldi horretarako. Industriaren defentsarako taldea ere eratu du, AEBen muga zergen eta Ekialde Hurbileko gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak adoste aldera.
Autogobernua
Gernikako Estatutua osatzea da lehendakariaren helburu nagusietako beste bat. Eusko Jaurlaritzak jaso gabe dituen eskumenak iazko urtearen amaieran eskualdatzea adostu zuten EAJk eta PSOEk, Pedro Sanchez presidente izendatzearen truke. Baina epea gaindituta, luzapen denboran dira jada, eta ikusteko dago falta diren transferentziak helduko ote diren, eta, heltzekotan, noiz. Pradales eta Sanchez uztailean dira biltzekoak, eta ordurako lehendakariak itxita eduki nahi ditu portuen eskumena eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoarena. Ez da erraza izango, ordea. Halere, Ajuriaenera iritsi zenetik dozena bat eskumen eskualdatzea lortu du, tartean langabezia prestazioena. Beste estatutu bat adosteko nahia ere agertu du, baina alderdien esku utzi du ardura hori oraingoz; urte politiko honen amaieran auziaz aritzeko bilera sorta bat egin asmo du, adierazi zuenez.