Grebarako deia egin dute maiatzaren 7rako Nafarroako 0-3 zikloko zentroetan. Espainiako estatuko hainbat tokitan mobilizazioak egiten ari dira ziklo horretako hezitzaileak, eta Madrilen apirilaren 7tik abian den greba mugagabearekin bat egite aldera hainbat autonomia erkidegok ere maiatzaren 7rako greba deialdiak egin dituztela eta, Nafarroan ere grebarako deia egingo da. 0-3 plataformak, CGT sindikatuaren eskutik, bat egin du deiarekin. Ohar baten bidez arloko intersindikalak ere jakinarazi du «bat datozela» aldarrikapenen mamiarekin.
2023-2024ko ikasturtetik ari dira LAB, ELA, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuak herrialdean Haur Hezkuntzako lehen zikloa «duintzeko» eskabideak egiten. Berritu egin zituzten lehengo hilean, agerraldi bateratu batean. Orduan esan zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu beharko lukeela 0-3 zikloaren kudeaketa komuna, «sare publiko koherente bat sendotzeko, eskolen arteko berdintasuna bermatzeko, lan baldintzak hobetzeko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatzeko». Kexatu egin ziren gobernuan ez zutelako ikusi aurrerabiderik, eta esan zuten aldaketarik ez bazen mobilizazioak hasiko zituztela.
Zerrendan dituzte, besteak bestea, ratioen jaitsiera, irakasleen aitortza eta eskola egutegi bateratu bat. Muinaren muinean «langileen duintasuna eta hezkuntza zerbitzuaren kalitatea» daudela esan dute.