Nafarroako Ahal Dugu-k oraindik ez du argitu zer egingo duen datozen foru eta udal hauteskundeetan. Dena den, Neniques Roldan koordinatzaile nagusiak azpimarratu du bozetara begira alderdiak «ahots propioa» izan behar duela eta euren hautagaitzak herritarrak aktibatzea lortu behar duela.
Azken hilabeteetan barne prozesu bat abiatu du Ahal Dugu-k hauteskundeei begira. Gaur goizean, alderdiko militante eta jarraitzaileekin bilkura bat egin dute Nafarroa eraiki Ahal Dugu-rekin lelopean. Bilkura hasi aurretik, komunikabideen aurrean adierazpenak egin ditu Roldanek. Hurrengo legealdirako programa lantzen ari dira.
Zurekin Nafarroa koalizioa osatzen duten eragileek adierazia dute koalizioa berriz osatzeko borondatea dutela, baina akordioaren letra txikian sor daitezke eragozpenak. Bereziki Nafarroako Ahal Dugu-rekin. Iaz berritu zuen zuzendaritza, eta irailetik argi adierazi du koalizioak gobernua utzi beharko lukeela.
Roldanen arabera, alderdiak hiru legealdi egin ditu erakundeetan, parlamentuan, udaletan eta «zenbaitetan Nafarroako Gobernuan». «Horren bidez, ikasi eta ikusi dugu non bultzatu dezakegun herritarren parte hartzea erabaki esparruetan». Haren hitzetan, militanteekin egindako topaketan aztertuko dute «zer zutarriren gainean» eraikiko den euren alderdia. «Gure proposamenak baliagarriak izatea eta Nafarroako politika harantz bultzatzea nahi dugu». Zutarriak etxebizitza, eskubide sozialak eta ingurumena izango dira. «Ongizate estatua sendotu behar da, haren gainean putre funtsak ikusten baititugu».
Era berean, herritarrak aktibatzeko beharra azpimarratu du, eta bakarrik aurkezteko aukeraren atea irekirik utzi du: «Proposamenik onena antolatu behar dugu, eta hori egingo dugu Ahal Dugu-rekin edo Zurekin Nafarroarekin. Ahots propioa duen Nafarroako Ahal Dugu hori eraikitzeko modurik onenaren alde egingo dugu».
Hori entzunda, bakarrik aurkeztuko ote diren galdetu diote kazetariek. Roldanen ustez, Zurekin Nafarroak gehiago baldintzatu beharko lituzke PSNren politikak. «Ezkerra batzea da gure asmoa, baina ez dugu lortzen PSOEk amore ematea, guztiz alderantziz baizik. Ez gara jaio otzanak izateko; 78ko erregimen horren dinamikak aldarazteko jaio gara gu».