Zurekin Nafarroa koalizioa berriz aurkeztearen alde egin dute bazkideek

Ahal Dugu-k, Ezker Batuak, Batzarrek eta independente taldeak ontzat jo dute hiru urtez egindako lana, «kontu askotan bat» datozelako, diferentziak gorabehera. Udal bozetan ere elkarrekin aurkezteko asmoa dute.

Zurekin Nafarroako hiru parlamentariak —Carlos Guzman, Daniel Lopez eta Miguel Garrido— Erorien Monumentua eraistearen aldeko kartelak eskuetan, 2024an. JESUS DIGES / EFE
Zurekin Nafarroako hiru parlamentariak —Carlos Guzman, Daniel Lopez eta Miguel Garrido— Erorien Monumentua eraistearen aldeko kartelak eskuetan, 2024an. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko martxoaren 20a
18:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datozen urteko foru eta udal hauteskundeetara begira, urrats bat aurrera egin dute Ahal Dugu-k, Ezker Batuak, Batzarrek eta independenteek. «Publikoki adierazten dugu foru hauteskundeetan Zurekin Nafarroa koalizioarekin aurkezteko asmoa dugula». Komunikatu bat argitaratu dute webgunean eta sare sozialetan, eta bertan berresten dute udal bozetan ere batera joateko asmoa dutela.

Hiru urte baino gehiago iragan dira 2022ko uztailaren 22an koalizioan joateko asmoa adierazi zutenetik, eta ordutik egindako lana goraipatu dute. «Balioa eman nahi diogu batasunari, lurralde mailako errotzeari, berdintasunari eta justiziari, erronka sozialei aurre egin ahal izateko. Ilusioa zein politikarekiko atxikimendua berreskuratu nahi ditugu». Adierazi dute euren artean «diferentziak» dituztela, baina «kontu askotan bat» datozela.

Hala, koalizioaren aldeko apustua berretsi dute, eta jakinarazi dute koalizioa berritzeko elkarrizketa prozesuari ekingo diotela. «Nafarroako ezkerreko askotariko identitateak eta erakundeak elkar topatzeko espazio bat da koalizioa, eta hala izaten jarraitu behar du», diote adierazpenean.

Ziklo aldaketa

2015ean UPN gobernutik atera zen, eta ordutik aldaketa ziklo batean dago Nafarroa, euren esanetan. Halaber, nazioarteko olatu erreakzionario bat dago. «Gure asmoa da Nafarroaren eraldaketa horretan sakontzen jarraitzea, eta, horretarako, beharrekotzat jotzen dugu aldaketa zikloarekin jarraitzea eta zabaltzea». 

Azken 11 urteetako mugarri politiko nagusiak onetsi dituzte, baina, era berean, uste dute agerian geratu dela Nafarroako Gobernuaren neurri ugari ez direla nahikoak. «Ontzat jotzen dugu eskuinaren alternatiba den gobernu bat osatzea, bereziki etxebizitzaren, gazteriaren eta migrazio politiketan». Dena den, uste dute «anbizio politiko handiagoa» behar duela gobernuak. «Gure anbizioa da Nafarroan gobernatzen jarraitzea, indar eta anbizio handiagoz», 

Elkarrizketa prozesu horretan, gogoeta egingo dute politikari eta koalizioaren antolamenduari buruz. «Hauteskundeei begira, erreminta hobetu nahi dugu eta ahalik eta proiektu hoberena diseinatu nahi dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!