Joan den urteko irailean eman zuen Iruñeko Zigor arloko 3. epaitegiak Aroztegiko zazpien auziko epaia: kartzelarik ez, baina guztiek isunak ordaindu beharko dituzte. Proiektuaren sustatzaileek erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez zuen aintzat hartu. Eta gaur iritsi da hirugarren erabakia: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak ebatzi du Nafarroako Gobernuak 18 milioi euroko kalte ordaina ordaindu beharko diola Palacio de Arozteguia SM enpresari. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta bozeramaileak erran du errekurtsoa aurkeztuko dutela.
Remirezek erran duenez, epaitegiak enpresa sustatzailearen demandaren «parte bat» bertzerik ez du onartu. Izan ere, 26 milioi euroko kalte ordaina eskatua zuen, obrak geldiarazteko protestetan «ondasunei kalte egin» zietelakoan. Areago: epaitegiak adierazi du Foruzaingoaren «jarduterik eza» kaltegarria izan dela sustatzaileendako, eta eskubidea dutela kalte ordaina jasotzeko. «Izan ere, ez zuten eragotzi proiektuaren aurkako istiluetan ondasunei kalte egitea, eta, enpresa sustatzailearen arabera, kalte horiek proiektuaren garapena oztopatu dute», erran du epaitegiak. Halere, horren erantzukizunaren parte bat enpresa sustatzailearena ere badela adierazi du epaileak, «kalterik ez izateko neurriak ez hartzeagatik».
2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak geldiarazteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko Lekaroz herrian. Bada, horregatik, guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen zituzten zazpi baztandarrendako.
Maiatzaren 19tik 23ra bitarte izan zen epaiketa, eta «talde kriminal antolatu bat izatea, eta derrigortze eta bortxa delitu larriak» leporatzen zizkieten, zehazki. Epaiketaren hondar egunean auzipetuek berek adierazi zuten «arras posible» zela talde kriminalaren kondena ezartzea, baina ez da hala izan.
Obra ilegalak
Remirezek gogoratu du lehenbiziko erreklamazioak Nafarroan eta Espainian jarri zituela enpresa sustatzaileak, argudiatuta ez Foruzaingoak ez Guardia Zibilak ez zutela ezer egin «kalterik izan ez zedin». Administrazioek ez zituzten errekurtso horiek onartu, ez zegoelako «ondare erantzukizuna aitortzeko arrazoi juridikorik». Gainera, Auzitegi Nazionalak «guztiz» baztertu zituen erreklamazio horiek, argudiatuta Poliziak «behar bezala» jokatu zuela eta proiektuaren sustatzaileek ez zutela «inolako neurririk hartu obrak babesteko». Areago: epaitegi horrek berak Aroztegiko obrak ilegalak izan zirela ebatzi zuen.
Lehendakariordeak erran du, gainera, azken sententzia horren aurka bozkatu duela magistratuetako batek, erranez enpresa sustatzailearen erreklamazioak ez direla kontuan hartu behar. Nabarmendu du, gainera, obrak hasi zirenean ilegalak zirela, «aurretik adierazia baitzuten lanen adjudikazioa erabat deuseza zela zuzenbide osoz, bai administrazio bidean, bai bide judizialean». Magistratu horren irudiko, ondare erantzukizuna dagoela aitortzeko beharrezkoa da «kaltea egiazkoa» izatea, eta ez «hipotetikoa».
Hala, Remirezek erran du Nafarroako Gobernuak sententzia «onartu» egiten duela baina ez dagoela harekin ados; bestalde, bat dator erabakiaren kontra bozkatu duen magistratuak errandakoarekin.