Nafarroako Gobernuak beste zortzi torturatu aitortu ditu biktima gisa

Egiar Zor-en eta Nafarroako Torturatuen Sarearen datuen arabera, gaur-gaurkoz gobernuak motibazio politikoko 109 biktima aitortu ditu. Orain aitortza jaso dutenen artean 1979tik 2009ra bitartean tratu txarrak jasandakoak daude.

Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaria iaz egindako ekitaldi batean. JESUS DIGES / EFE
Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaria iaz egindako ekitaldi batean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko otsailaren 20a
10:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tantaka, baina aurrera doa. Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak biktima gisa aitortu ditu 1979tik 2009ra bitartean torturak jasan zituzten zortzi pertsona. Bi erakundeok bildutako datuen arabera, gaur-gaurkoz gutxienez 109 herritarrek jaso dute aitortza hori, baina litekeena da euren galbahetik igaro ez diren pertsona gehiago egotea, erreparaziorako prozesua konfidentziala baita.

Estatuko segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeriaren biktimen 2019ko legearen bermepean egiten da prozedura. Adituz osatutako erreparazio batzorde batek aztertzen du kasu bakoitza: 2023ko urtarrilaren 20an ireki zen eskaerak egiteko epea, eta 2027ko maiatzaren 20an itxiko da.

Orain aitortutakoen artean, zenbait belaunalditako pertsonak daude. Nahiz eta erreparaziorako prozesua guztiz konfidentziala den eta haien anonimotasuna gorde ohi den, zenbaitek euren izen-abizenak emateko baimena ematen dute. Izan ere, gizarteari bizi izandakoaren berri emateko, garrantzitsutzat jotzen dute nortzuk izan diren identifikatzea. 

Hala, hauek dira aitortu berri dituzten biktimak. 1979an, bahitu eta torturatu egin zuten Carlos Turunbai, eta inoiz ez ziren identifikatu egileak. Tarsicio Rey, berriz, 1980an torturatu zuen Guardia Zibilak. Avelino Gonzalez ere 1983an torturatu egin zuten guardia zibilek. 1984an, berriz, Koldobika Domentx eta Josu Rubio torturatu zituen Espainiako Poliziak. 

Hamar urte geroago, Espainiako Poliziak torturatu egin zuen Jon Castañares. Xabier Sueskun bi aldiz torturatu zuen Espainiako Poliziak, 1995ean eta 1997an. Azkenik, Jon Ziriza 2009an atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak. 

109 aitortza

Datu orokorrei begira, orain arte aitortutakoen artean, honako ezaugarri hauek betetzen dituzte: sei hildako, 76 torturatu, lesio fisiko eta psikologikoak jasandako hemeretzi pertsona, lesio fisikoak eta kalte materialak jasandako torturatu bat, kalte materialak jasandako beste bat, kalte materialak pairaturiko bi lagun, eta kalte materialak zein lesioak izan dituzten lau lagun.

Eskaerak egiteko epea amaitu ondotik, Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaritzak txosten bat argitaratuko du, eta bertan jasoko dira aitortutako giza eskubideen urraketak. Hala, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak bertan parte hartzera dei egin diete pertsona guztiei. «Izapideak egiteko laguntza behar duten guztiei laguntza emateko prest gaudela berretsi nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.