Nafarroako Gobernuak irmo ukatu du Belateko herri lana eta Nasuvinsaren esleipenak baliogabeak direla

Gobernuak alegazioak aurkeztu ditu Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoaren txostenaren kontra, eta auzitan jarri ditu haren ondorioak. Hori jakinarazi dute hiru kontseilarik Nafarroako Parlamentuan; Txibitek esan du «garden» jokatu duela gobernuak.

(ID_15372899) ESPAÑA OBRAS PUBLICAS
joxerra senar
Iruñea
2025eko urriaren 1a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean, Maria Txibite Nafarroako gobernuburuak kanpoan jokatu zuen partida politikoa, Espainiako Senatuan; gaur goizean, berriz, etxean jokatu du. UPNk hala eskatuta, Nafarroako Parlamentuan izan da lehendakaria, Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoak egindako azken txostenez hitz egiteko, eta bere gobernuko kontseilarien babesean eman ditu azalpenak. Ordu erdi lehenago, gobernuak berak argitaratu ditu bulegoaren dokumentuen aurka jarritako alegazioak, eta auzitan jarri ditu ustelkeriaren aurkako bulegoaren ondorio nagusiak. Ukatu egin du, beraz, baliogabeak direla Belateko tunelen adjudikazioa eta Erripagañan eta Eguesibarren babes ofizialeko etxebizitzak egiteko esleipena.

Herenegun Senatuan aurreratu bezala, Txibitek salatu du bulegoak ez ziola gobernuari alegazioak aurkezteko aukerarik eman txostenak kaleratu aurretik, nahiz eta foru dekretuak zehaztu erakunde kaltetuek hori egiteko aukera izango dutela azken ondorioak ezagutarazi aurretik eta hamar eguneko epean. Haren, esanetan, «oraingoz» ez da Nafarroako herri lanik judizialki ikertu, baina ekainean, Guardia Zibilaren txostena ezagutu eta berehala agindu zien Kontuen Ganberari, bulegoari eta kanpo ikuskaritzari azter zitzatela Accionari eta Servinabarri adjudikatutako lanak.

«Aurrera goaz. Irregulartasun administratiboak egon zitezkeela berresten ari gara. Baina berriro diot: ez dago deliturik»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Hiru hilabete iragan dira ordutik, eta jada esku artean dituzte txostenak. «Bakar batek ere ez du esaten deliturik egon dela», azpimarratu du, eta zehaztu: «Aurrera goaz, eta berresten ari gara zenbait lizitazio prozeduratan epaimahaiko kideak ez zetozela bat irizpide teknikoei eta juridikoei dagokienez, eta irregulartasun administratiboak ere egon zitezkeela. Baina berriro diot: ez dago deliturik». Aurreratu du txostenetako gomendioak kontuan hartu dituztela eta oraingoz prozedurak «exijenteagoak» direla. Halaber, 2026ko aurrekontuen lege proiektuan gehituko dute kontratu publikoen foru legearen moldaketa, kontrol neurriak indartu asmoz. «Inoizko gobernurik gardenena» dela adierazi du Txibitek.

Nahiz eta parlamentuan jada ikerketa batzordea abian den, gaurko agerraldia foru erregimeneko batzordean izan da, UPN alderdiak presazko eskaera egin baitu. Txostenak eta gobernuaren alegazioak izan dituzte hizketagai, eta arlo bakoitzeko kontseilariari egokitu zaio azalpenak ematea. Ironiko azaldu da horregatik UPNko Javier Esparza: «25 minutu eman dizkiguzue alegazioak irakurtzeko. Hau bai dela gardentasun ariketa erabatekoa». 

Belateko tuneletan, berrehun artxibo

Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariaren arabera, Nafarroako Gobernua garden jokatzen ari da Belateko tunelak bikoizteko herri lanen adjudikazioan; izan ere, parlamentariek honezkero berrehun artxibo inguru eta 6.000 orrialdetik gorako espedientea dute esku artean. Berretsi du kontratazio mahaian ez dutela parte hartu ez berak ez eta beste goi kargu publikorik ere. «Ez dago ustelkeriarik», gaineratu du.

Txibitek salatu du «kontraesan juridikoak» daudela bulegoaren eta Kontuen Ganberaren ondorioen artean. Haren ustez, ustelkeriaren aurkako bulegoak ez du legea errespetatu; izan ere, Kontuen Ganberari zegokion eremua aztertu du, eta eremu horretatik kanpokoa soilik ikertu behar zuen. Oso auzi teknikoa da, baina baita garrantzitsua ere. Lehiaketara aurkezten diren eskaintzak baloratzean, legeak arauak zehazten ditu kontratazio mahaiko kide bakoitzaren deliberazioak eta borondatea neurtzeko, eta arau horiek urratu egin direla ondorioztatu du ustelkeriaren aurkako bulegoak. Horri loturik, azken erabakia eta, ondorioz, kontratua «baliogabeak» direla deritzo. Aitzitik, gobernuak argudiatu du Kontuen Ganbera ez zela ondorio horretara ailegatu. «Ez dira errespetatu Kontuen Ganberaren funtzioak, eta bien arteko bereizketa urratu du ustelkeriaren aurkako bulegoak».

Horri loturik, bulegoak adierazi du kontratazio mahaiaren bilerak ez zirela presentzialak eta kideen balorazioak posta elektronikoz jasotzen zituela. Gobernua ez dator bat interpretazio horrekin, hori baimentzen baitute hala Nafarroako legediak nola Espainiakoak. Kide guztiek telematikoki biltzea erabakiz gero eta aktetan baldintza guztiak ondo jasoz gero, «baliagarriak» dira. «Hortaz, kontratazio mahaiak ez ditu prozeduraren baldintza nagusiak urratu». 

Txibiteren esanetan, «legeak ez du esaten lehiaketako eskaintzen balorazio teknikoa nola egin». Hain zuzen ere, prozedura horretan topatu dituzte gobernuak agindutako hiru erakundeek irregulartasun administratiboak, baina kontseilariak azpimarratu du epaimahaiko kide guztien balorazioa biltzen zuen azken txosten teknikoa legezkoa dela: «Gardenago egin zitekeen, eta irregulartasunak egon daitezke, baina ez da baliogabea». Haren esanetan, Estatuko Kontseiluak berak iraganean azpimarratu du kontratu bat baliogabetzeko «egiaztatu eta frogatu» egin behar dela adjudikazioaren azken ebazpenak ez zuela behar bezala jaso epaimahaiko kideen borondatea. Azaldu du bost epaimahaikidek bozkatu zutela Servinabar, Acciona eta Oses Construcciones enpresen eskaintzaren alde eta hiru boto partikularrek bozkatu zutela kontra.

CPEN, izaera berezia

Francisco Fernandez CPEN Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak bi kontu azpimarratu ditu Nasuvinsak Erripagañan eta Eguesibarren babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko adjudikazioez. Batetik, sozietate publikoen korporazioak izaera juridiko berezia du, eta legez ez ditu administrazio publikoari dagozkion kontratazio baldintza berak, ez eta kontabilitate irizpide berberak ere. Hala, haren esanetan, alor horretan CPENen jarduera kontrolatzen duten erakundeek aintzat hartu dute hori, eta ez dute arazorik atzeman; aldiz, Fernandezen irudiko, administrazio publikoaren eta sozietate publikoen arteko bereizketa aintzat hartu ez duelako ondorioztatu du ustelkeriaren aurkako bulegoak legea urratu dela. 

Bestetik, gogora ekarri du lizitazio horiek egin ziren garaian, 2018an, lehiaketa publikoak egiteko moduak eta baldintzak gogortu egin zirela. Hala, trantsizio epe batean egin ziren, eta nabarmendu du prozeduran egon diren irregulartasun eta akatsak horren ondorio izan direla batik bat. Haren esanetan, gainera, «aurreikusi ezin zitezkeen» ustekabe ugari izan ziren lizitazioa argitaratu zenetik obra egin zen arte, eta, ondorioz, aldatu egin ziren bai aurrekontua bai kontratua. Guztia «legearen araberakoa eta teknikoki behar bezala argudiatuta» egin zela adierazi du.

Horrez gain, Arbizuko eskolaz eta Nafarroa Arenako bulegoez hitz egiten dute. Batetik, ustelkeriaren aurkako bulegoak azaldu zuen prezioa erabakigarria izan zela Sakanako ikastetxearen adjudikazioan. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak zehaztu duenez, eskaintza ekonomikoak %40ko pisua zuen balorazioan; hautagaiek «antzeko puntuazioa» izan zuten balorazio teknikoan, eta horregatik izan zen salneurria erabakigarria. Bestetik, Nafarroa Arena pabiloian ez du arazorik atzeman bulegoak. 

Alderdien erreakzioa

Behin azalpenak entzunda, Esparzak salatu du «eskuak garbitzen eta aitzakiak ematen» ari direla, baina, haren ustez, «ustelkeriaren orbanak jada gobernuaren kudeaketa zikindu du. Senatuan egin bezala, UPNk salatu du Belateko tunela Servinabarri adjudikatuta Cerdanek bost milioi poltsikoratzeko asmoa zuela. «Ezin duzu esan Cerdanek ez duela zerikusirik Belaterekin». 

EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, «eskuinaren jokoan sartu da» gobernua, eta antsietatea du presio mediatikoa ikusita. «Jo eta ke ari dira irregulartasun administratiboak eta ustelkeria nahasten». Haren irudiko, eskuineko oposizioari «bost axola dio ustelkeriak, gobernua eraisteko instrumentua baino ez da». Esan du ikerketa batzordeak izan behar lukeela azalpen horiek emateko tokia.

Antzera, Geroa Baiko Pablo Azkonaren arabera, UPNk eta PPk «Santos Cerdani buruz hitz egin» nahi dute, eta UPNri zuzendu zaio. «Ez zaitezte hainbeste kezkatu. Belatez hitz egin nahi baduzue, hori izango da ikerketa batzordeko lehen gaia».

(ID_15373758) NAV OBRAS PÚBLICAS
Oscar Txibite eta Maria Txibite, gaur, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES

gORENAK GALGA JARRI DIO ceRDANI

Leopoldo Puente Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio epaile Santos Cerdan espetxeratzeko agindu zuenetik, PSOEko buruzagi ohiaren defentsak hainbat helegite jarri ditu neurri horren aurka. Gorenak atzera bota ditu guztiak, eta oraingoan, gainera, Puentek galga jarri dio estrategia horri. «Magistratu honek ez du ikusten aurreko idatzian aipatu ez zen ezer helegitean». Argudiatu du erabaki judizialean atzemandako akats materialen berri eman behar dela babes errekurtsoan. «Ez du balio behar barrenak husteko. Gainera, ez da toki egokia paralelismoak egiteko egungo auzi judizial honen eta diktadurako auzien artean».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.