Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi dute Nafarroako Gobernuak beste sei lagun aitortu dituela giza eskubideen urraketen biktima gisa. Hala, bi eragileen zenbaketaren arabera, 84 dira Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aitortutako biktimak, eta horietatik 56 torturaren biktimak.
Eragileek sei horietatik bosten datuak eman dituzte. Horiek 1970etik 1990era bitarteko kasuak dira. Jose Luis Cerezo frankismoaren azken urteetan torturatu zuen Espainiako Poliziak, birritan; 1970ean eta 1973an. Espainiako Poliziaren torturen biktima dira Txaro Etxetxipia (1983) eta Odon Ulibarrena (1984 eta 1985) ere, eta Polizia beraren eraso baten biktima Javier Casado (1990). Joxe Lacalle, berriz, Guardia Zibilak torturatu zuen, 1981ean. Hura Guerrilleros de Cristo Rey eskuin muturreko taldearen biktima ere izan zen 1978an, eta lehergailu bat jarri zioten bere tabernan, 1979an.
Horiek zenbatuta, 84 dira 16/2019 foru legearen pean aitortutako indarkeria politikoaren biktimak, Egiari Zor-en eta Nafarroako Torturatuen Sarearen arabera. Haien artean, 56 torturatu egin zituzten, eta 21i lesio fisikoak edo psikologikoak eragin zizkieten. Estatuak eta eskuin muturreko taldeek hildako sei biktima ere aitortu dituzte orain arte, haietako bat torturen ondorioz hila.
Eragileen ustez, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordearen lanak agerian utzi du beste behin erakunde publikoek «erantzukizunez» jokatu behar dutela indarkeria politikoaren auziaren inguruan. Hala, Nafarroako Gobernuari dei egin diote aurrera egiten jarraitzeko. Hain zuzen, Egiari Zor-ek eta Torturatuen Sareak ontzat jo zituzten Nafarroako presidente Maria Txibitek joan den astean 16/2019 foru legearen inguruan esandakoak. Hark onartu zuen «eskala handian» eta luzez torturatu dela, eta erreparazio batzordearen lan independentea defendatu zuen, UPNren eta PPren erasoak gorabehera.
Egiaren Garaia Da dinamikaren bitartez, bi eragileak aspaldian ari dira Nafarroarako «memoria inklusiboa» eskatzen, eta uste dute aitortza berri hauek aurrerapauso bat direla «Nafarroan bizikidetza esparru bat» eraikitzeko bidean: «Memoria inklusibo batekin konprometituko dena, eta motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan gertatutako guztia salbuespenik gabe ezagutzea ahalbidetuko duena». Hala, aitortza eskaerak aurkeztera animatu dituzte indarkeria politikoa jasan duten guztiak, eta prozesu hori gauzatzeko laguntza eskaini dute. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Nafarroan epea zabalik dago, 2027ko uztailera arte.