Torturaren biktimek ontzat jo dituzte Txibiteren adierazpenak

Halaber, deitoratu egin dituzte Nafarroako Parlamentuan ordezkari politikoek egindako zenbait adierazpen. Nabarmendu dute oraindik «bide luzea» gelditzen dela «egia, justizia eta erreparazioa» lortzeko.

Egiari Zor elkarteak eta Nafarroako Torturatuen Sareak egindako agerraldi bat. IDOIA ZABALETA/FOKU
Egiari Zor elkarteak eta Nafarroako Torturatuen Sareak egindako agerraldi bat. IDOIA ZABALETA/FOKU
gotzon hermosilla
2025eko irailaren 5a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estatuaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor elkarteak eta Nafarroako Torturatuen Sareak ontzat jo dituzte herenegun Maria Txibite lehendakariak Nafarroako Parlamentuan egindako adierazpenak. Eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeriaren biktimei aitortza eta ordaina eskaintzen dien 16/2019 Foru Legeari buruzko agerraldi batean, Txibitek onartu zuen torturak «eskala handikoak» izan zirela eta «garai batean baino gehiagotan» gertatu zirela. Torturaren biktimek nabarmendu dute Txibitek «aurrenekoz» aipatu zuela beren-beregi 16/2019 Foru Legea, eta, adierazpen horien bidez, motibazio politikoko biktimen Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen lana defendatu zuela eta batzorde horrek egindako aitortzei «babesa» eman ziela.

Baina Txibiterenak ez ziren izan Nafarroako Parlamentuko agerraldian egindako adierazpen bakarrak. UPN, PP eta Vox gogor azaldu ziren batzordeak egindako lanaren kontra, eta, esaterako, Javier Esparza UPNko bozeramaileak zalantzan jarri zuen zenbait torturaturen biktima izaera, aitortza hori «ia edonori» ematen zaiola iritzita. Egiari Zor elkarteak eta Nafarroako Torturatuen Sareak adierazpen horiek kritikatu dituzte: «Biktima guztiei, ofizialki aitortutakoei zein aitortza horren zain daudenei, birbiktimizazioa eragiten diete adierazpen horiek, eta hori saihesteko modukoa da erabat».

Torturaren biktimek uste dute oraindik «bide luzea» dagoela egiteko alor horretan: «Estatuaren biktimok isilaraziak eta ukatuak izan gara frankismo garaian eta ondorengo konstituzio aldian». Salatu dutenez, «isiltasuna, ukapena eta aitortzarik eza» pairatu dute urte askoan, eta, orain egoera hori «zuzentzen hasia» bada ere, oraindik ehunka biktima ari dira egia, justizia eta erreparazioa eskatzen.

«Arraunean jarraitzeko prest»

Torturaren biktimek berretsi dute «aurrerantz arraunean jarraitzeko prest» daudela, «bizikidetza termino demokratikoetan» eraiki eta «memoria inklusiboa» bermatzeko. Baina neurri bereko konpromisoa eskatu diete gainerako eragileei, eta galdegin dute batzordearen lana erraztea eta hari beharrezko baliabideak ematea, «aurkeztu diren aitorpen izapideetan epeak arindu eta hainbeste sufrimendu urte alferrik luza ez daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.