Nafarroako Gobernuak torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu

Gaur-gaurkoz, Aitortza eta Erreparazio Batzordeak motibazio politikoko 151 biktima aitortu ditu, horietatik 118 torturaren ondorioz.

Martin Zabalza, Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaria, apirilean motibazio politikoko biktimei egindako ekitaldian, Baluarte jauregian. NAFARROAKO GOBERNUA
Martin Zabalza, Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaria, apirilean motibazio politikoko biktimei egindako ekitaldian, Baluarte jauregian. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2026ko irailaren 22a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egiar Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak aurreratu dute albistea: Nafarroako Gobernuak torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu. Espainiako segurtasun indarren tortura kasuok 34 urteko epea hartzen dute, frankismo hondarretik 2008raino. 

Aitortza eta Erreparazio Batzordeak aztertu ditu zazpi kasuak, eta giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortu dituzte. Nahiz eta batzordeak ez duen zehazten nor diren biktimak, haien baimenarekin nortzuk diren ezagutarazi dute Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak.

Lehena Javier Agirrebengoa da. Guardia Zibilak torturatu egin zuen, 1974an eta 1978an. Jesusa Lezaun ere frankismoko Brigada Politiko Sozialak eta Guardia Zibilak torturatu zuten. Agustin Areta, berriz, Espainiako Poliziaren biktima izan zen, 1983an. Josu Mujika Ezkerra, berriz, Guardia Zibilak torturatu zuen 1982an.

Enrique Garin eta Iker Gomez Valencia Guardia Zibilak torturatu zituen, bata 1992an eta bestea 1998an. Azkenik, 2008an Iruñerrian izandako sarekaden testuinguruan, Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroaren aginduz Gorka Sueskun atxilotu zuen Espainiako Poliziak, eta inkomunikazio aldian torturatu egin zuela salatu zuen. Hemezortzi urte geroago, biktima gisa aitortu du Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Torturatuen Sarea eta Egiari Zor fundazioa Egiaren garaia da dinamika bultzatzen ari dira, eta ontzat jo dute albistea. «Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko», azpimarratu dute.

Bide beretik jarraitu eta torturaren errealitatea argitzen segitzeko beharra nabarmendu dute, «memoria osoa oinarri izango duen etorkizuna eraikitzeko». Dena den, gogora ekarri dute, era berean, hori ez dela aski erreparazio osoa lortzeko. «Oso garrantzitsuak bai, baina nahikoa ez». 

Izan ere, Sueskun atxilotua izan zeneko garai berean, beste hainbat gazte torturatu zuten segurtasun indarrek, horien artean Iker Aristu. Hari ere biktima izaera aitortu bazitzaion ere, duela gutxi zendu zen. «Torturak ondorio larriak utzi dizkigu hura sufritu dugun herritar askori. Sendatzen ez diren zauriak, laguntzarik gabe sendatzen oso zailak diren zauriak». 

Orain arte aitortutako kasuak

Aitortza eta Erreparazio Batzordeak 151 kasu aitortu ditu gaur-gaurkoz. Horietatik 118 pertsona torturatu egin zituzten segurtasun indarrek; 21 lagunek lesio fisikoak izan zituzten, eta beste bost lagun kalte materialengatik aitortu ditu batzordeak. 

Batzordeak hurrengo uztailean amaituko du bere jarduna, eta ordura arte aitortza eskaerak egitera deitu dituzte herritar guztiak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA