Nafarroako Gobernuak torturaren beste zortzi biktima aitortu ditu

Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak giza eskubideen urraketa larriak argitzearen garrantzia nabarmendu dute, eta aitortza eskaerak egiteko deia egin diete biktimei.

Estatuaren biktimak aitortzeko ekitaldia, iaz, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Estatuaren biktimak aitortzeko ekitaldia, iaz, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko maiatzaren 26a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak Espainiako segurtasun indarrek torturatutako beste zortzi lagun aitortu ditu, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi dutenez. Talde horien datuen arabera, denera 137 biktima aitortu dituzte legea martxan jarri zenetik, eta horietatik 103 torturatu egin zituzten.

Gaur jakinarazitako tortura kasuak 1970etik 2009ra bitartekoak dira. Kepa Vales Garcia 1970ean eta 1971n torturatu zuen Brigada Politiko Sozial frankistak. Paco Sola Diaz ere diktaduraren azken hondarrean torturatu zuen Espainiako Poliziak, 1975ean, eta berriz ere 1982an. Polizia erakunde bereko kideek torturatu zuten David Abarzuza Caballero 1997an. Hura Guardia Zibilaren biktima ere izan zen, 1996an. Guardia Zibilak torturatu zituen Pello Iraizoz Gonzalez (1988), Iñaki Urteaga Arduia (2000), Gorka Urteaga Arduia (2000) eta Xabier Sagardoi Lana ere (2008). Eta aitortu berri dituztenen artean, azken kasua Amaia Elkano Garraldarena da: 2009an torturatu zuen Espainiako Poliziak.

Egiaren Garaia Da dinamika osatzen duten bi eragileek positibotzat jo dituzte azken aitortza horiek, uste baitute urrats garrantzitsua direla estatu indarkeriak Nafarroan eragindako «giza eskubideen urraketa larriak argitzen» segitzeko. Izan ere, salatu dute urte luzez «ukatu edo isilarazi» egin direla halako kasuak: «Argi utzi nahi dugu ezinbestekoa dela Nafarroan eta Euskal Herri osoan estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea». Horren xedea da egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea eta memoria osoa lortzea, eragileen esanetan.

Bide horretan aurrera egin ahal izateko, Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak dei egin diete estatuaren indarkeria politikoa pairatu duten guztiei, erreparazio batzordean aitortza eskaerak aurkeztu ditzaten. Horretarako, prest azaldu dira behar duten laguntza emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA