Nafarroako Gobernuak torturaren beste bi biktima aitortu ditu

Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola «giza eskubideen urraketen biktima» gisa aitortu dituzte, 16/2019 Foru Legearen babesean.

Torturaren dozenaka biktimak 2023ko otsailean Donostian eginiko agerraldi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Torturaren dozenaka biktimak 2023ko otsailean Donostian eginiko agerraldi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2025eko ekainaren 11
10:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek jakinarazi dute Nafarroako Gobernuak beste bi aitortza egin dituela motibazio politikoagatik biktima izan diren pertsonen artean. Guillermo Garcia Mur eta Ioseba Pagola Lima nafarrak dira gobernuaren aitortza ofiziala jaso dutenak. Espainiako Poliziak atxilotu eta torturatu zuen 1998an Garcia Mur, eta Pagola Lima, berriz, bi aldiz atxilotu zuen polizia berak, 1996an eta 1997an. Bietan torturatu zuen, exekutiboak ofizialkide ezarrita utzi duenez.

Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat dinamikaren arduradunek balioa eman diote aitortza horiei. 16/2019 Foru Legearen epea ireki zenetik, motibazio politikoagatik 76 pertsona aitortu ditu Nafarroako Gobernuak, betiere Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak darabilten datuen arabera.

Elkarte horien arabera, gobernuak zenbat pertsona aitortu dituen modu ofizialean azaleratu izanak erakusten du merezi duela Nafarroan lege hori baliatzea «Espainiako Estatuaren indarkeria politikoa zenbaterainokoa izan den erakusteko». Horregatik, Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak «animatu» dituzte aitortza eskaerak aurkeztera.

1980tik 2011ra

Aurreko astean, Nafarroako Gobernuak torturaren beste 21 biktima aitortu zituen. Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak torturatu zituzten horiek, 1980tik 2011ra bitarte. Hain zuzen, bi eragileek adierazi dute hiru hamarkadako denbora tarte horrek tortura «ahalbidetu eta erabiltzeko prestaturiko egitura oso baten» existentzia islatzen duela, eta gertatutakoa osorik argitzeko urratsak eskatu dituzte.

Aurreko astean aitortu zituzten biktimen artean Pernando Barrena dago, EH Bilduko europarlamentaria. EH Bilduko kidea 1985ean atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, 19 urte zituela. Barrenak berriki gogoratu du orain bete direla 40 urte ordutik. Duela urtebete baino gehiago eman zien torturen berri Nafarroako Gobernuak ezarritako perituei, eta azaldu du ordutik aitortza iristerako izan duela bere burua prestatzeko tartea, nahiz eta aitortu duen ez dela ariketa erraza izan: «Leku ilun batean gordetako gauza batzuk azaleratzen dira berriro».

«Merezi du 16/2019 Foru Legea baliatzeak, Espainiako Estatuaren indarkeria politikoa zenbaterainokoa izan den erakusteko»

EGIAREN GARAIA DA DINAMIKA

Egiaren Garaia Da dinamika osatzen duten bi taldeek azaldu dute orain arte aitortu dituzten biktimak «lagin txiki bat» soilik direla, baina erakusten dutela torturaren erabilera ez dela ausazkoa izan: «Tortura sistematikoki aplikatu da Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Hainbat eragileren ukazioa eta kontakizun interesatua bezain sistematikoa izan da». Izan ere, 1980tik aurrerako bosturteko guztietan bada gutxienez kasu bat. Azkenak Egoi Irisarri, Eneko Villegas eta Xabier Beortegiren kasuak dira. Irisarri eta Villegas Espainiako Poliziak torturatu zituen, 2010ean; azkena, berriz, Guardia Zibilak, 2011n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.