Nafarroako ikastoletan kalera atera dituzte ikasmahaiak, Gimenoren «erabaki arbitrarioa» salatzeko

Mobilizazioak egin dituzte ikastetxeen parean, eta gogoratu dute ikastolena «auzolanean eraikitako komunitate bat» dela. «Berdintasuna» galdegin dute sare eta eredu guztientzat.

Lodosako ikastolako ikasleak protestan, gaur goizean. NAFARROAKO IKASTOLAK
Lodosako ikastolako ikasleak protestan, gaur goizean. NAFARROAKO IKASTOLAK
Ion Orzaiz.
2026ko maiatzaren 6a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behingoagatik, ikasleek kalean izan dute gaur eskola. Nafarroako ikastoletan kalera atera dituzte ikasmahaiak, aulkiak eta liburuak, aldarrikatzeko ikastolak «herritik sortuak» direla eta «herriarentzat lanean» ari direla, eta Nafarroako Gobernuaren jokabidea kritikatzea ere izan dute helburu. Izan ere, Haur Hezkuntzako 14 ikasgelaren itunak ez berritzea erabaki du Hezkuntza Departamentuak, eta erabakiak bete-betean eraginen die ikastolei.

«Kalera atera gara eta gure ikasgelak kalera atera ditugu, gure seme-alaben etorkizunean eta Nafarroako hezkuntzan atzerapausorik onartzen ez dugula esateko», adierazi dute Nafarroako ikastoletako arduradunek, ohar batean. Goizean, elkarretaratzeak egin dituzte Vianan, Beran, Zangozan, Zizurren eta Iruñean; eguerdi partean, Tafallan, Tuteran, Altsasun, Lodosan eta Atarrabian; eta arratsaldean, kalera aterako dira Etxarri Aranatzen, Irunberrin, Elizondon, Lizarran eta Lesakan. Hamabost protesta, beste horrenbeste ikastolatan. «Gure sare osoa, ikastola bat duen herri bakoitza, kalean dago gaur. Sakanatik Baztanera, Beratik eta Bortzirietatik hegoaldera eta Erriberara, Zangozatik Iruñerrira, Lizarratik Tafallara».

(ID_17780764776695) Jaso ikastolako ikasleak protestan, itunpeko ikasgelak gutxitzek
Iruñeko Jaso ikastolako ikasleak, gaur, kalean eserita. NAFARROAKO IKASTOLAK

«Haserre» egoteko motiboak

Itunpeko ikastetxeetako ikasgelak gutxitzeko erabakiak, ikastolen sareari ez ezik, euskarari eta hezkuntza sistema osoari eraginen diela uste du ikastolen elkarteak. Horregatik, «haserre egoteko motiboak» dituztela uste dute: «Etorkizun onena nahi dugu gure seme-alabentzat, eta horregatik aldarrikatzen dugu Nafarroako haurrek eskubidea dutela ikastolan ikasteko». Bestalde, sinetsita daude hezkuntza sistema osoak «atzera» eginen duela, eta, bereziki, euskarazko hezkuntzari eraginen diotela murrizketek: «Hezkuntza Departamentuak kontrakoa dioen arren, euskarari gelak murriztuko dizkiote, eta hori oso larria da Nafarroa euskaraz josten duen ikastolen sarearentzat».

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren formak ere kritikatu dituzte ikastolek: «Erabakia era arbitrarioan hartu dute, elkarrizketarik gabe eta irizpideak bat-batean aldatuz. Elkarrizketa ukatu digute bai guri, bai hezkuntza eragile guztiei, eta joko arauak partidaren erdian aldatu dituzte. Ez gaude ados gauzak egiteko era horrekin, ez dugu onartzen begirune falta hori, eta kezkatzen gaitu auzolanean eraikitako komunitate oso bati bizkarra emateak». Hala eta guztiz ere, departamentuarekin «hitz egiteko prest» azaldu dira. 

(ID_17780759725735) Vianako Erentzun ikastolako irakasleak, ikasleak eta gurasoak, p
Vianako Erentzun ikastolako irakasleak, ikasleak eta gurasoak, ikastola parean. NAFARROAKO IKASTOLAK

Hezkuntza sare eta eredu guztientzat «berdintasuna» eskatu dute Nafarroako ikastolek: «Hori da bidezkoa, hori da beharrezkoa, hori da aldarrikatzen duguna». Horretarako, HHko itunak murrizteko «erabaki arbitrarioan» atzera egiteko eskatu diote Gimenori, «Nafarroaren onerako, hezkuntzaren onerako eta guztion onerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA