Nafarroako Kontuen Ganbera, liskar politikoaren erdian

Miguel Angel Aurrekoetxea ikuskatzaileak Kontuen Ganberarekin ados ez egoteko eskubidea aldarrikatu du parlamentuan. Belateko tunelaren gainkostuen harira delitu zantzuak egon daitezkeela uste du, Ganberaren zerbitzu juridikoen iritziaren kontra.

Miguel Angel Aurrekoetxea, gaur, parlamentuan. BERRIA
Miguel Angel Aurrekoetxea, gaur, parlamentuan. BERRIA
joxerra senar
2026ko apirilaren 14a
18:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bakarrik geratu da Miguel Angel Aurrekoetxea Nafarroako Kontuen Ganberako ikuskatzailea. UPNk hala eskatuta, 2024ko kontu orokorren azterketaren inguruan sortutako liskarrari buruzko azalpenak ematera joan da Nafarroako Parlamentura, eta bere ikuspegiari eutsi dio. Zehazki, Ignacio Cabeza ganberako presidentearekin alor teknikoan ados ez egoteko eskubidea aldarrikatu du. «Nik ez dut presidentea zalantzan jarri, eta ez dut halakorik egingo. Hark legeak emandako funtzioa bete du, eta nik, harekin bat ez etortzeko eskubidea», esan du, eta gaineratu: «Hau ez da boxeo borroka bat. Legedian jasota dator desadostasunaren klausula».  

Kontu orokorren azterketa ganberaren urteko ikuskaritza lanik garrantzitsuena da, ziurrenik. Haren zein gainerako azterketen lanketan, hainbat urratseko prozesu luze bat bete behar dute teknikariek, eta azken hitza ganberako presidenteak izan ohi du. Etxe barruko prozedura isil horretan ohikoak dira aldaketak, baina 2024ko kontu ekonomikoen azterketak bataila politikoaren erdian kokatu du Miguel Angel Aurrekoetxea, eta erakundea bera krisi instituzional batean utzi. 

Izan ere, Nafarroan garrantzi politikoa duten zenbait auziren gaineko gomendioak proposatu zituen Aurrekoetxeak bere zirriborroan: batetik, Belateko tunelaren gainkostuen espedientea legez kanpokoa dela adierazi zuen; bigarrenik, Nafarbide sozietate publikoa desegiteko eskatu zuen, kontratu publikoen legea urratzen zuela iritzita; hirugarrenik, INI Nafarroako Inbertsio Institutua desegiteko aholkatu zuen, Sodenaren eta INIren arteko gastu bikoizketak arrazoituta; azkenik, Bidean anbulantzien sozietate publikoa sortzeko modua auzitan jarri zuen.

Nik ez dut presidentea zalantzan jarri, eta ez dut halakorik egingo. Hark legeak emandako funtzioa bete du, eta nik, harekin bat ez etortzeko eskubidea»

MIGUEL ANGEL AURREKOETXEA Kontuen Ganberako ikuskatzailea

Prozesu horretan, Ignacio Cabeza presidenteak atzera bota zituen gomendio horiek, eta Aurrekoetxea bere ondorioetan urrutiegi joan zela arrazoitu zuen. Harekin bat egin zuten ikuskatzaile gehienek eta ganberako zerbitzu juridikoek. Klausula berezi baten bidez, txosten ofizialean bere desadostasuna azaltzeko eskubidea aldarrikatu zuen Aurrekoetxeak, eta Cabezasek hari emandako erantzuna ere jaso zuen txostenak. Martxoaren 27an Kontuen Ganberako lau presidente ohiek presidentearen jarduna eta erakundearen izen ona babestu zituzten ohar bidez.

Gaur eguerdian parlamentuan izan da Aurrekoetxea. UPNko Javier Esparzak salatu du «katebegi ahulena» dela eta «gogorregi» jokatu dutela haren aurka. Aurrekoetxeari galdetu dio ea zigortu al duten «presidentearen iritziarekin bat ez egiteagatik». Aurrekoetxeak ukatu egin du hori, eta adierazi du ikuskatzaileek desadostasuna agertzeko eskubidea legean jasota dagoela. «Mekanismo hori normalizatu egin behar da. Ez da arrazoi ilunik bilatu behar. Lan hori egiteko ez dut presidentearen presiorik jaso. Ez didate maila jaitsi», argitu du. 

«Umiliatu egin naute»

Dena den, onartu du pertsonalki minduta dagoela. «Ganberak kaleratutako oharrekin ez nago ados. Publikoki umiliatu egin naute, baina nahiago izan dut fokua nire lan teknikoan jarri». Ganberako presidente ohiek ateratako oharra «bereziki larritzat» jo du, bere ustez «ez baitute informaziorik eta frogarik kritika horiek egiteko».

Puntu polemikoenetako bat Belatekoa da. Aurrekoetxeari iruditu zaio tunelaren gainkostuen espedientean delitu zantzuak egon daitezkeela. Dena den, argi utzi du fiskaltzara edo Espainiako Kontu Auzitegira jotzeko ardura ez dela berea. «Aurretik zerbitzu juridikoek erabaki behar dute hori, eta gero ganberari dagokio pauso hori ematea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA