Abortua modu askean eta seguruan eta osasun sistema publikoren barruan egiteko eskubidea aldarrikatzeko asmoz, adierazpen instituzional bat aurkeztu dute PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek Nafarroako Parlamentuko Mahaian. UPNk, PPNk eta Voxek, ordea, haren aurka bozkatu dute, eta adierazpen instituzionala izan beharrean, adierazpena izan da azkenean, parlamentuaren gehiengoak onartua.
Adierazpen horretan keinu bat egin diete Gasteizko Askabide klinikako langileei eta erabiltzaileei, eta babesa eta elkartasuna adierazi. Gogoratzekoa da joan zen astean izan zela 2022an klinikara joandako emakumeei eta langileei jazarri zitzaizkien antiabortisten aurkako epaiketa. Ebazpenaren zain geratu zen auzia.
Askabide klinikako langileak eta erabiltzaileak izan ziren orduan jazarpenaren biktimak, baina, kontuan hartuta edozein emakume izan daitekeela halako jokabideen jomuga, adierazpenean gogorarazi dute emakume guztiek izan behar dutela aukera beren sexu eta ugalketa eskubideak modu askean baliatzeko. Eta erantsi dute osasun profesional guztiei ere bermatu behar zaiela emakumeen erabakiak gauzatzeko eskubidea. Hartara, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak «irmo» arbuiatu du talde ultrakatoliko eta antiabortisten «edozein jazarpen ekintza edo elkarretaratze». Bestalde, Espainiako Konstituzioan abortua oinarrizko eskubide gisa jasotzearen alde azaldu dira.