NATO gaitzesteko «inoiz baino motibo gehiago» daudela nabarmendu dute ehunka lagunek Iruñean eginiko manifestazio batean

Aktibazio eta antolakuntza politikoa sustatzera deitu dituzte herritarrak, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute begiradak zorroztea eta «NATOren aurpegi guztiak» ikusaraztea.

Baluarte auditoriumaren parean hasi, eta ordubete inguruko martxa egin dute Iruñean barrena. ANDONI CANELLADA / FOKU
Baluarte auditoriumaren parean hasi, eta ordubete inguruko martxa egin dute Iruñean barrena. ANDONI CANELLADA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko martxoaren 14a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezezkoak ez duela batere pitzadurarik izan agerian utzi dute Iruñeko karriketan barna protestan ibilitako ehunka lagunek: 1986ko martxoaren 12an Hegoaldean eginiko erreferendumeko emaitzek bistaratu zuten bezalatsu, orain ere ezetz, ez dutela NATOren parte izan nahi. Manifestazioa egin dute mezu hori ozentzeko, sinetsiak baitira, hain justu, bozketa hartatik berrogei urte joan diren honetan ere tinko eutsi behar zaiola Ipar Atlantikoko Itunaren kontrako kontzientziari: «Bake faltsu eta abstraktua saltzen digute, baina guk argi daukagu mugimendu antiinperialista eta internazionalista sendotzea dela aukera bakarra». 

Manifestaziora 80 eragilek baino gehiagok deitu dute: hala nola OTAN Ez plataformak, Askapenak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Bilgune Feministak, EHGAMek, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta hainbat herritako gaztetxe eta gune autogestionatuk. Jardun koordinakundeko kide Ainhoa Urkiolak egin ditu euskarazko adierazpenak mobilizazioaren atarian, harenak dira «bake faltsuari» buruzko hitzak ere, eta askotariko talde eta eragileen indarrak metatzeak daukan inportantzian ere egin du azpimarra, preseski: «Gizartearen asimilazioa gorenean dagoen honetan, guztiz beharrezkoa da komunean ditugun puntuei heldu eta bat egitea, ahalik eta garbien esateko NATOri ezetz, ahalik eta gehienen eskutik».

«Gizartearen asimilazioa gorenenean dagoen honetan, guztiz beharrezkoa da komunean ditugun puntuei heldu eta bat egitea, ahalik eta garbien esateko NATOri ezetz, ahalik eta gehienen eskutik»

AINHOA URKIOLA  Jardun koordinakundeko kidea

NATOri ez! izan dute manifestazioko lelo nagusia, eta mezu horixe bera izan da bidean, hasi eta buka, gehien entzun diren txilioetako bat. Edonola ere, inperialismoa «suntsitu» beharra ere izan dute ahotan protestara atera direnek, besteak beste, eta bereziki ozen aditu dira, era berean, palestinar erresistentziaren aldeko aldarriak eta sionisten kontrako oihuak. Eta gerren biktimei elkartasuna adierazi ez ezik, gatazka armatuen lehenbiziko txinpartak non pizten diren ere nabarmendu dute zenbaitek, garratz: «Hemen, hemen, hemen; gerrak hemen hasten dira».

Baluarte auditoriumaren parean abiatu dira, eta hura izan dute helmuga ere, euripean ordubete eskaseko ibilbidea egin ondoan. Bukaerara ailegatzear zirelarik, «Euskal Herria, internazionalista!» zioten oihu ozenak txalapartaren doinuarekin teilakatu dira airean —Naiara eta Maddi Urkijo ahizpek jo dute—, eta, segidan, Eneko Lazkozen bertsoek egin diete harrera manifestariei. «Orain 40 urte/ behar zen bezela/ hemen ezetz esan zen/ ezin zen bestela/ ta esan genezake/ demostratu dela/ herri txiki zahar honek/ arrazoi zuela». 

Gerrak, irabazien mesedetan

Hondarrean irakurritako komunikatuan, zurian beltz azaldu dituzte NATOri kontra egiteko dauzkaten motiboak. «Ez dago errealitateari erreparatu besterik», ohartarazi dute, irmo. Nabarmendu dute «ziurgabetasuna, ezegonkortasuna eta indarkeria» direla nagusi nonahi, eta munduan piztuak diren eta NATO esku hartzen ari den zenbait gatazka ekarri dituzte akordura: Errusia, Txina, Iran, Venezuela, Kuba eta Palestina, besteak beste. Funtsean, azaldu dute bistakoa dela indar kapitalistak gerra baliatzen ari direla irabaziak eta baliabideak lortzeko eta erreserba energetikoak eta hornidura kateak kontrolatzeko. «Inperialismoa bere hegemoniari eutsi nahian ari da, hedatzeko borrokan, AEBak buru dituela eta aliatuak ondoan: Europar Batasuna eta NATO, haren beso armatua».

NATOren «aurpegi guztiak» ikusarazi beharra dagoela ohartarazi dute, gainera, eta azpimarratu dute Euskal Herrian ere aise antzeman daitezkeela inperialismoaren ondorioak. Bardeako poligono militarrak bere horretan segitzen duela ekarri dute gogora, adibidez, eta oroitarazi Euskal Herrian badirela armagintzarekin lotutako negozioetan jarduten diren zenbait enpresa; Sidenor, CAF eta Dassault Aviation aipatu dituzte. 

Urgentziaz erantzun beharra dagoela nabarmendu dute manifestazioaren deitzaileek. Aktibazio eta antolakuntza politikoa sustatzera deitu dituzte herritarrak horretarako. «Euskal Herri internazionalista eta antiinperialista bat behar dugu, NATOri ezetz esango dion Euskal Herri bat, militarizazioari aurre egingo diona, eta inposatu nahi diguten ofentsiba inperialistaren aurrean atzerapausorik emango ez duen Euskal Herri bat». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA