Nazioarteko langileen estatu sozialista, eta helburu hori posible eginen duen Europako Alderdi Komunista: «ortzi muga estrategiko» hori irudikatu dute GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak Gazte Topagune Sozialistaren hondar egunean, eta aldarrikatu Hispanitatearen Egunean ez dagoela ospatzeko ezer. Hala, euskal alderdi nazionalistak kritikatu dituzte, erranez horiek proposatzen dituzten «bide orri autonomistek» ez dutela nazio askapenik ekarriko. «Guk nazio askapena prozesu sozialistaren barruan kokatu behar dugu, prozesu askatzaile baten barruan, eta horrek haustura politikoa dakar berekin, prozesu interklasista bat ekiditeko», erran dute.
Ikusi gehiago
4.000 lagunetik goiti bildu dituen topagunea hitzaldi politiko batekin borobildu dute: Uxue Lopez IASeko kideak eta Joanes Velazquez GKSko kideak hartu dute hitza. Eskerrak eman dizkiete egunotan «lan militanteak eta konpromisoak bultzatuta» proiektu sozialistaren alde egin duten milaka gazteei; eta gogoratu horiek eraikiko dutela «sozialdemokraziaren kontroletik at» eutsiko dion antolakundea. «Esan digute posizio iraultzaileek ez dutela balio masak biltzeko; utopikotzat jo gintuzten hasieran. Baina errealitateak besterik dio: ondo egituratutako posizio iraultzaileak hegemonikoak izan daitezke, erreformismoak proposatzen dituenak baino gehiago», zehaztu dute.
Hain zuzen, orain «herriz herri eta auzoz auzo» borrokak aktibatu eta irabaztea dagokiela erran dute, eta zehaztu «indar nahikoa» dutela «kontsigna handietatik norbanakoen errealitatera» salto egiteko, jendearen egunerokoan eragina duten aldaketak borrokatzeko, eta gazteengana ailegatu eta komunismoa eguneroko arazoendako «alternatiba erreal» gisa aurkezteko.
«Esan digute posizio iraultzaileek ez dutela balio masak biltzeko; utopikotzat jo gintuzten hasieran. Baina errealitateak besterik dio: ondo egituratutako posizio iraultzaileak hegemonikoak izan daitezke, erreformismoak proposatzen dituenak baino gehiago»
GAZTE TOPAGUNE SOZIALISTA
Bide horretan hainbat erronka izanen dituztela aipatu dute, hala nola eskubide zibil eta politikoen defentsa indartzea eta etxebizitza eskubidearen alde borrokatzea. Aurreratu dute azaroaren 11ko greba orokorrean kalea hartuko dutela: «Ez ogi apurrak eskatzeko, ez sozialdemokraziaren programa indartzeko: espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta beharren arabera planifikatzea aldarrikatzeko».
Borrokarako deia
Alderdi instituzionalak ere kritikatu dituzte, eskuin zein ezker. Eskuinean daudenen aldetik «disimulurik gabe» errepresioa pairatzen dutela erran dute: «EAJk inpunitate osoa eman dio Poliziari, biolentzia nahieran erabiltzeko ahalmen osoa eman dio, eta badirudi onartu egin behar dugula herritarrak jipoitzea, zauritzea eta erailtzea».
Ezkerreko alderdien «kalkulu elektoralak» ere kritikatu dituzte, eta PSOE jarri adibidetzat: «Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioekin ikusi den bezala, PSOEk hauteskunde kanpainarako erabili nahi ditu langileriaren mugimenduak, eta baliagarriak ez zaizkionean, erreprimitu». Izan ere, gogoratu dute alderdi horrek indarrean daukala oraindik mozal legea, eta «makina bat aldiz ezarri» duela.
Hala, gogoratu dute faxismoa «kapitalismoaren aurpegirik gordinena» dela, eta ez dela «hutsetik» sortzen. «Krisi garaiotan, oligarkiari funtzionala zaio, eta, faxismoa indartzeko eta normalizatzeko inbertsio politiko eta ekonomikoaz gain, inbertsio mediatikoa ere erabatekoa da».

Bi gazte antolakundeen erranetan, egungo une politikoa azken zortzi urteetan aitzinerat eramandako politiken ondorioa izan da, bertzeak bertze: faxistei kalean tokia uzteagatik, ideologia erreakzionarioen markoa erosteagatik, elite ekonomikoen neurrira egindako politika ekonomiko bat martxan jartzeagatik, langileria inpotentziara kondenatzeagatik eta desilusioa zabaltzeagatik. «Ez diezagutela esan hauteskundeak erabakigarriak direla langile klasearentzat, ondo baitakigu orain antifaxistaz mozorrotzen diren alderdi sozialdemokraten eskutik etorri direla azken urteetan langileon aurkako neurri autoritarioak», gehitu dute.
Hala, Lopezek eta Velazquezek borrokan segitzera deitu dituzte Elizondon bildu diren militante komunistak: «Izan gaitezen langile borrokaren historiaren beste urrats bat. Sozialismoaren proiektu historikoa gorpuztera goaz. Hemen indarrak hartu, herrietara itzuli, eta lanean jarraituko dugu».