Elizondoko (Nafarroa) kaleak hartu dituzte gaur Gazte Topagune Sozialistan elkartutakoek. Manifestazio jendetsua egin dute «faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka», eta azpimarratu dute topaguneak erakutsi duela posizio iraultzaileek masak biltzeko balio dutela: «Utopikotzat jo gintuzten hasieran. Baina errealitateak bestelakoa dio: ondo egituratutako posizio iraultzaileak hegemonikoak izan daitezke, erreformismoak proposatzen dituenak baino gehiago».
Ibilbidearen amaieran hartu dute hitza GKS Gazte Koordinakunde Sozialistako Aroa Arrizubietak eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistako Jon Arrondok, topaguneko gune nagusian. Lehenik eta behin, topagunearen garrantzia azpimarratu dute: «Egunotan mezu argi bat bidali diegu Euskal Herriari eta mugaz gaindikoei: koordenatu sozialistetan borroka komunitate bat eraikitzen ari gara hemen, militantziaren eguneroko konpromisoan eta diziplinan oinarrituta. Eraikitzen ari garen mugimendu hau izango da faxismoaren eta ideologia erreakzionarioen aurkako benetako euste horma, baita alderdi sozialdemokraten aurrean langile klasearen beharrizanak borrokatzeko prest agertuko dena ere».

Hitzaldian, nagusiki, koiunturako gaiez aritu dira, eta, hasteko, horietako hainbat zerrendatu dituzte, hala nola «langileriaren pobretze etengabea, gerra inperialistak, estatuen militarizazioa, autoritarismoaren gorakada, ekosistemen suntsiketa basatia, faxismoaren hedatzea eta ideologia erreakzionarioen normalizazioa». «Horra garamatzate elite ekonomikoek eta agintariek, baita agenda hori erosi duten alderdi politiko guztiek ere», salatu dute.
Horri aurre egiteko, Mugimendu Sozialistak nazioarteko langileen estatu sozialista eraikitzea du azken helburu: «Europako Alderdi Komunista berreraiki behar dugu. Orain urrun dirudien ortzi muga estrategiko horri esker soilik gauzatu ahalko dugu borroka bide-orri sozialista bat, eta horri esker saihestuko dugu erreformismoaren kale itsuan erortzea». Argi esan dute ez dutela «ogi birrinen politikarik» onartuko, eta «langileen estatu sozialista eraikiko duen ziklo iraultzailea berrabiarazteko garaia» dela.
«Ez diezagutela orain esan, beste behin, soilik bozkatzera joanda egingo diogula aurre faxismoari. Bizi dugun une politikoa zerbaiten ondorio bada, azken zortzi urteetan aurrera eramandako politiken ondorio da»
JON ARRONDO ETA AROA ARRIZUBIETAIASko eta GKSko bozeramaileak
Faxismoari buruz, Arrizubietak eta Arrondok adierazi dute kapitalismoaren aurpegi gordinena dela, ez dela ezerezetik sortzen, eta, «krisi garaiotan», funtzionala zaiola oligarkiari. Halaber, salatu dute ideologia matxistak eta arrazistak normalizatzen ari direla Euskal Herrian ere, eta zenbait adibide aipatu dituzte: «Etorkinen aurkako mobilizazioak eta auzo patruilak hirietan, tirokatutako gazte etorkin bat Donostian, pogromo arrazistak… Eta emakumeon aurkako bortxaketak, erailketak, etengabeko sexualizazioa…».
IASk eta GKSk eskuineko zein ezkerreko alderdien aurka jo dute. Gogoan izan dituzte Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ikasle mobilizazioetan parte hartzen ari diren gazteak, baita Ander Saenz Santurtziko udaltzaingoak eraila eta Babacar Welle Hondarribiko udaltzaingoak hila ere. «EAJk inpunitate osoa eman dio Poliziari, eta badirudi onartu egin behar dugula herritarrak jipoitzea, zauritzea eta erailtzea».
PSOEren txanda izan da jarraian. «Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioekin ikusi den bezala, hauteskunde kanpainarako erabili nahi ditu langileriaren mugimenduak, eta, baliagarriak ez zaizkionean, erreprimitu egiten ditu», esan dute, eta, besteak beste, mozal legearen erabilera gaitzetsi.
Ikusi gehiago
Azaroaren 29an egingo diren Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak ere izan dituzte hizpide: «Ez diezagutela orain esan, beste behin, soilik bozkatzera joanda egingo diogula aurre faxismoari. Bizi dugun une politikoa zerbaiten ondorio bada, azken zortzi urteetan aurrera eramandako politiken ondorio da: faxistei kalean tokia uzteagatik, ideologia erreakzionarioen markoa erosteagatik, elite ekonomikoen neurrira egindako politika ekonomikoak martxan jarri eta langileria inpotentziara kondenatu eta desilusioa zabaltzeagatik, edo borroka antifaxista desitxuratu eta kriminalizatzeagatik».
Nazio askatasunari buruz, esan dute euskal alderdi nazionalistek bide orri autonomistak proposatzen dituztela, baina argi ikusten dela autonomismoaren bidetik ez dagoela askatasun posiblerik. «Guk nazio askapena prozesu sozialistaren barruan kokatu behar dugu, prozesu askatzaile baten barruan, eta horrek haustura politikoa dakar berekin, prozesu interklasista bat saihesteko».

Aldi berean, «euskarak bizi duen diglosia egoeraren aurrean», aldarrikatu dute komunisten zeregina dela «hizkuntza politika propio bat sortzea zazpi lurraldeetan euskal hiztunen eskubideak bermatuta egoteko, euskaraz bizi eta ikasi ahal izateko, euskara gure bizitzako esparru guztietan erabiltzeko».
IASk eta GKSk bat egin dute azaroaren 11rako deitua dagoen greba orokorrarekin, eta kaleak hartuko dituztela esan dute, «ez ogi apurrak eskatzeko, ez sozialdemokraziaren programa indartzeko, baizik espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta beharren arabera planifikatzea aldarrikatzeko».
Amaitzeko, berretsi dute antolakunde indartsuak behar dituztela «sozialdemokraziaren kontroletik at», eguneroko konpromisoan eta militantzian sostengatutakoak. «Gutako bakoitzak jartzen duen alea ezinbestekoa da, gutako bakoitzak egin dezakeen ekarpenak hurbilduko baikaitu gure helburuetara. Sozialismoaren proiektu historikoa gorpuztera goaz. Hemen indarrak hartu, herrietara itzuli, eta lanean jarraituko dugu».
Bihar azken eguna
Topagunean, antolatzaileen arabera, 4.500 lagun elkartu dira —duela bi urte Altsasun egindakoan baino mila gehiago—. Bihar amaituko da herenegun hasi zen topagunea, eta, atzokoarekin batera, gaurkoa izan da egitaraurik zabalena: goizeko hitzaldien ostean, bazkaria egin dute Lekarozen, manifestazioa gero, eta gauean kontzertu ugari izango dira, hiru gunetan banatuta.