«Hau ez da Espainia, Euskal Herria da», ozen aldarrikatu dute dozenaka lagunek gaur eguerdian Gasteizen. Aske antolakundeak deituta, manifestazioa egin dute hiriaren erdiguneko kaleetan zehar Hispanitateren Eguna dela eta. Indar Errepresiboak suntsitu. Asimilazioa borrokatu lelopean egin dute protesta, eta salatu dute Espainiak urriaren 12a baliatzen duela Euskal Herriaren nazio izaera zapaltzeko eta indar errepresiboak zuritzeko. Aurre egitera deitu dute: «Ez da indiferentziarako garaia. Antolatzeko eta borrokatzeko garaia da».
Ikurrinak eta amnistiaren eta iraultza sozialistaren aldeko bandera gorriak eskuetan egin dute mobilizazioa. Aldabe gizarte etxetik abiatu dira, eta Alde Zaharreko Buruileria plazan amaitu dute; tartean, Probintzia plazatik eta Andre Maria Zuriaren plazatik ere igaro dira. Arazorik gabe egin dute protesta aurten. Izan ere, iaz Falange Espainolak elkarretaratzea egin zuen Arabako hiriburuan, eta istiluak izan ziren haien aurka protesta egin zutenen eta Ertzaintzaren artean. Poliziak hemeretzi lagun atxilotu zituen gertakari haien karietara.
Eta gaur, hain justu ere, gogoan izan dituzte Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak azken hilabeteetan «atxilotu eta jipoitu» dituzten pertsona guztiak. «Gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu», adierazi dute mobilizazioaren amaieran irakurri duten manifestuan. Izan ere, salatu dute Euskal Herriaren existentziaren aldeko jarrerak «kriminalizatu» nahi dituztela, «ikur arrotzei» eta «probokatzaileei» aurre egitera ausartu izan direnen aurka «makineria errepresibo guztia martxan jarrita». Munduko futbol txapelketarekin gertatua oroitu dute, esaterako.
Adierazi dute ezen Espainiak eta Frantziak, asimilazioaz gain, «behar bezainbesteko bortizkeria» ere erabiliko dutela Euskal Herriaren nazio izaera «errotik ezabatzeko» eta «Euskal Herri langilearen askatasun grina behin betiko lurperatzeko». Nabarmendu dutenez, urriaren 12ak berebiziko garrantzia du helburu horri begira, «indar errepresiboak zuritzeko» baliatzen baitute eguna. Are, antolakundeak salatu du polizia indar guztiek «inpunitate osoz jipoitu eta erailtzeko eskumena» dutela.
Adibide gisa jarri dute, iazko urriaren 12ko istiluez gain, Martxoaren 3ko sarraskia gogorarazteko 2024an egindako manifestazioan Ertzaintzaren esku hartzearen aurka jarritako salaketa artxibatu izana. Baita berriki Santurtzin (Bizkaia) eta Hondarribian (Gipuzkoa) udaltzainek hildako bi herritarren kasuak ere: hots, Ander Saenz 30 urteko gaztearena —bi taser deskarga eman zizkioten, eta handik bi egunera hil zen—, eta Babacar Welle senegaldarrarena —tiroz hil zuten—.
Azaldu dutenez, kasu horiek ezin dira ulertu banan-banan, bi estatuek aurrera daramaten «zapalkuntzari» lotuta baizik. Horiek horrela, Askeko kideek adierazi dute ezinbestekoa dela antolatzea eta ekitea: «Ezin gara zapalkuntzaren aurrean ikusle gisa kanpotik begira geratu. Euskal Herriko mugimendu iraultzaileak estatuen estrategiari aurre egiteagatik pairatuko duen jazarpenari aurre egiteko baliabide antirrepresiboz hornitzeko beharrean gaude». Internazionala eta Eusko gudariak abestuz amaitu dute protesta.
