Labrazako zentral eolikoa (Oion, Araba) gutxinaka aurrera egiten ari da, Aixeindarrek —Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundeak erdi bana sortutako enpresak— baimen guztiak baititu zentrala eraikitzen hasteko. Tira, guzti-guztiak ez, Oiongo Udalak oraindik ez baitu obra lizentzia eman. Bide horretan, udalak ohar bat kaleratu berri du, azken hilabeteetan gertatutakoak argitzeko, eta azaldu du Iberdrolarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu nahi duela, proiektua pixka bat moldatzeko eta inguruko herritarrentzako ahalik eta onuragarriena izateko.
Udalak azaldu duenez, helburu nagusia da argindarraren sorkuntzaren eta kontsumoaren «demokratizazioan» sakontzea; izan ere, gogorarazi dute azken hogei urteetan ez dela zentral eolikorik eraiki Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta uste dute Labrazako haize erroten parkea eredugarria izango dela ondoren etorriko direnentzat. Hori dela eta, Aixeindar osatzen duten bi entitateak negoziatzera deitu ditu.
Hala ere, Oiongo Udalak gogorarazi du unea iristen denean Aixeindarri obra lizentzia ematea besterik ez duela. Hain zuzen horrek nahastu ditu bazterrean azken urtean Arabako Errioxan. Izan ere, batzuek diote tokiko entitateak behartuak daudela lizentzia horiek ematera, eta beste batzuek uste dute ez daudela horretara behartuta eta administrazio gorenago bati egokituko litzaiokeela lan hori.
Lizentziekin arazoak
Nahiz eta Oiongo Udalak azaldu duen lizentzia hori ematera behartuta dagoela, azaldu dute arazo batzuk izan direla azken hilabeteetan. 2025eko ekainaren 12an eskatu zuen enpresak obra lizentzia, baina udalak ohartarazi zion eskaera horrek gabeziak zituela. Uztailaren 24an, Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak adierazi zuen proiektua estrategikoa dela, eta lurren desjabetzak egitea erraztu zuen.
Azkenean, 2025eko urriaren 14an, Aixeindarrek dokumentazio berria aurkeztu zuen, udalak aurrez eskatu zion moduan. Hala ere, azaldu dute prozesu horretan ohartu zirela Aixeindarrek ez zuela behar zuen jarduera lizentziarik eta, beraz, prozesua atzeratu egin zela. Baina Aixeindarrek prestaketa lanak egin ahal izateko lizentzia eskatu zuen, eta Oiongo Udalak azaroaren 5ean eman zion, Euskal Herria Bizirik plataformako kideek ohartarazi zuten moduan.
Gainera, azken hilabeteetan, Aixeindarrek ingurumen jardueraren lizentzia eta obra lizentzia lortzeko dokumentazioa entregatu du, eta urtarrilaren 30ean eman zitzaion baimena. Duela bi aste, Labrazako zentral eolikoak eztabaida piztu zuen Arabako Batzar Nagusietan, eta gobernuko alderdiak eta oposiziokoak parez pare jarri zituen.
Energia biltegiratzerik ez
Argindar berriztagarriaren sorkuntzaren aferan, beste katebegi bat argindarraren biltegiratzea da. Izan ere, haize errotek eta plaka fotovoltaikoek beren erritmoa dute; haize errotei dagokienez, adibidez, batzuetan gauez egin dezake haize asko, argindar kontsumoa oso urria denean. Adituen ustez, argindarra biltegiratzeko ahalmena handitzea da energia hori aprobetxatu ahal izateko gakoa. Hori dela eta, halako azpiegiturak eraikitzeko proiektuak egiteko eskaerak handitzen ari dira.
Bada, Oionen, Labrazako zentral eolikoaren argindar soberakina biltegiratzeko proiektu bat zuen Butroe SM enpresak, baina azkenean atzera bota dute, enpresak berak hala eskatuta.