Labrazako parke eolikoak aurrez aurre jarri ditu Arabako foru gobernua eta oposizioa

Proiektua geldiarazteko mozioa eztabaidatu dute Arabako Batzar Nagusietan, baina ez da aurrera atera. EAJk eta PSEk esan dute parke eolikoa bideragarria dela; EH Bilduk, Elkarrekin Arabak, PPk eta Voxek salatu dute kalte egingo diola ingurumenari.

Araba Bizirik plataformaren protesta, goizean, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Araba Bizirik plataformaren protesta, goizean, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 21a
15:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aixeindarrek Oionen (Araba) egin nahi duen Labrazako parke eolikoak eztabaida piztu du Arabako Batzar Nagusietan. Alde batetik, gobernua sostengatzen duten taldeek —EAJk eta PSE-EEk— azpimarratu dute proiektua bideragarria dela, eta, bestetik, oposizioko talde guztiak —EH Bildu, Elkarrekin Araba, PP eta Vox— parke eolikoaren aurka agertu dira, ingurumenari eta paisaiari eragingo dizkion kalteengatik.

Zortzi haize errota eta berrogei megawatteko potentzia izango ditu parkeak —ia 30.000 etxe hornitzeko adina energia da hori—, eta 2025eko azken hiruhilekoan hasiko dira parkea eraikitzen. Aixeindar enpresa da proiektuaren bultzatzailea: Iberdrolak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak sortutako enpresa da; %60ko parte hartzea du Iberdrolak, eta %40koa EEEk. Eusko Jaurlaritzak 2006an eman zuen azken aldiz parke eoliko bat eraikitzeko baimena, eta ordutik ez da gehiago eraiki. Hala, Araban ia hogei urtean egingo den lehen parke eolikoa izango da Labrazakoa.

Elkarrekin Araba taldearen ekimenez eztabaidatu dute parkea bertan behera uzteko eskatzen zuen mozioa gaurko osoko bilkuran. Koalizio moreak proiektua behin-behinean geldiarazteko eskatu du, baina ez proposamen horrek, ezta gainerako taldeek aurkeztutako zuzenketek ere ez dute lortu gehiengoaren babesa.

Elkarrekin Arabako bozeramaile David Rodriguezek gogorarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu dituela parke eolikoaren aurkako bi helegite: bata parke eolikoaren aurretiazko administrazio baimenaren aurkakoa da, eta bestea, plan bereziaren kontrakoa. Haren esanetan, proiektua «informazio publikorik gabe eta beharrezko ingurumen ebaluazio estrategikorik egin gabe» eraman da aurrera. Gainera, salatu du herritarrek ez dutela parte hartu, eta parke eolikoak kalte handia egingo diela ingurumenari eta paisaiari.

EH Bilduk ere kritika zorrotza egin dio foru gobernuari. Xabier Valdor batzarkidearen arabera, energia berriztagarrien plangintzan egindako «aurreikuspen faltak» sortu du gaur egungo egoera, eta kritikatu du «konponezina» izango dela Labrazako parkeak paisaian eta ingurumenean izango duen eragina.

PPko Borja Monjek esan du berandu dela proiektua geldiarazteko. Hala ere, jeltzaleen politika energetikoak «porrot» egin duela salatu du. Bide beretik egin ditu kritikak Voxeko Jonathan Romerok.

Gobernuko kideek, berriz, irmo defendatu dute parke eolikoa. EAJko Garikoitz Bengoaren hitzetan, proiektuak legezko berme guztiak ditu, eta ingurumenari, biodibertsitateari eta lurralde orekari dagokienez «bideragarria» da. Gainera, trantsizio energetikorako «ezinbestekoa» dela esan du, eta erantsi EAEko Auzitegi Nagusiak helegiteak onartu izanak ez duela zalantzan jartzen proiektua legezkoa dela. PSE-EEko Esteban Martiarenaren ustez, Elkarrekin Arabaren mozioa «arduragabekeria politikoa» da gaur egungo egoeran.

Araba Bizirik-en protesta

Batzar Nagusietan eztabaidatzen aritu diren bitartean, Araba Bizirik plataformak elkarretaratzea egin du kanpoaldean, Labrazako zentral eolikoa ez egiteko eskatzeko. Taldearen esanetan, proiektua «ingurumenaren aurkako atentatua» da, eta bertako herritarren borondatearen kontra egingo dute.

Plataformak salatu duenez, Labrazako lur jabeek ez dute baimenik eman proiektua gauzatzeko, eta herriak berak ere ez du onartu bere jabetzako herri bideak erabiltzea; hala ere, bide horiek erabiltzen ari dira obrak egiteko.

Kritika nagusietako bat Oiongo Udalari zuzendu diote. Plataformaren arabera, udalak «ilegalki» onartu zuen Labrazako zentral eolikoa ahalbidetzeko plan berezia. Horren harira, iaz Iñaki Lasagabaster Administrazio zuzenbideko katedradunak egindako adierazpenak gogorarazi dituzte. Lasagabasterrek adierazi zuen udalek ezin dituztela halako plan bereziak onartu, Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideen aurkakoak direlako. Gainera, haren esanetan, udalak ez daude plan horiek onartzera behartuta, baizik kontrara, ez onartzera behartuta daude.

Testuinguru zabalago batean kokatu dute gaurko protesta. Plataformaren arabera, gaur egun ehun proiektu energetiko baino gehiago daude martxan edo izapidetze fasean Araban, eta horrek lurraldea «arrisku bizian» jartzen du. Horregatik, dei egin diete udalei dagokien planak ez onartzeko, eta instituzioei Arabako lurraldea defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.