Okupen arteko «dikotomia faltsuak» elikatzea salatu dute, eta kalean bizi direnentzako «irtenbide duinak» eskatu

Gasteizko 50 eragilek elkartasuna adierazi diote Errekaleor Bizirik proiektuari, eta instituzio publikoek eta Ertzaintzak «diskurtso faxista eta arrazista» sustatu dutela salatu dute. Segurtasun Sailari erantzukizunak eskatu dizkiote.

Errekaleorren aldeko eragileek agerraldi jendetsua egin dute. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko maiatzaren 25a
19:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko 50 eragile sozial, politiko eta herri mugimendutako kidek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Foruen plazan Errekaleor Auzo Askean azken asteetan izandako gertakariak salatzeko. Errekaleor Bizirik proiektuari elkartasuna adierazteaz gain, instituzio publikoek eta Ertzaintzak «diskurtso faxista eta arrazista» elikatu dutela salatu dute; are, okupen arteko «dikotomia faltsuak» elikatzea egotzi diete, eta kalean daudenentzako «irtenbide duinak» eskatu dituzte.

Eragileen esanetan, maiatzaren 12tik 14ra bitartean «tentsio handiko» hainbat egoera izan ziren Errekaleorren eta URSSA fabrikan bizi direnen artean. Salatu dutenez, lehenengo egunetan hainbat gazte saiatu ziren Errekaleorreko etxe batean sartzen, eta auzokideak egoera baretzen saiatu ziren, Errekaleor Bizirik proiektuaren funtzionamendua azalduta.

Hala ere, maiatzaren 13ko arratsaldean, eta batez ere hurrengo goizaldean, egoerak okerrera egin zuela azaldu dute. Eragileen arabera, gaueko ordu txikitan 25 lagun inguruko talde bat iritsi zen auzora makilekin, burdinekin eta bestelako objektuekin, eta erasoak geldiarazten saiatu ziren bizilagunetako batek zauri larriak jasan zituen: burezurra eta besoa hautsi zizkioten, eta oraindik begi bateko ikusmena galdua duela adierazi dute.

«Ez dira soilik URSSAn bizi direnen egoera instrumentalizatzen ari, langileria langileriaren aurka jartzen ari dira»

ERREKALEOR BIZIRIKEN ALDEKO ERAGILEAK

Ertzaintzaren jarduna gogor kritikatu dute. Salatu dutenez, Poliziak ez zuen egoera behar bezala kudeatu, eta hainbatetan proiektuaren parte diren auzokideen aurkako jarrera «oldarkorra» izan zuen. Era berean, auzo inguruan zebiltzan pertsonak arrazoirik gabe identifikatu eta miatu zituztela ere salatu dute.

Agerraldian bereziki ohartarazi dute gertakarien atzean «faxismoaren gorakada» dagoela, eta «bertako okupen» eta «okupa migratzaileen» arteko «dikotomia faltsua» sustatzen saiatzen ari direla. Eragileen arabera, instituzioek bere egin dute Vox alderdiak aste batzuk lehenago Errekaleorren zabaldutako diskurtsoa, eta haren helburua da langile klasearen arteko zatiketa sortzea.

«Ez dira soilik URSSAn bizi direnen egoera instrumentalizatzen ari, langileria langileriaren aurka jartzen ari dira», adierazi dute. Halaber, salatu dute migratzaileen kontrako diskurtsoek «zapalduon arteko antolakuntza» ahultzea dutela helburu.

Horrez gain, Gasteizko alkate Maider Etxebarriaren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren adierazpenak ere kritikatu dituzte. Etxebarriari etxe hutsen arazoaren harira neurri eraginkorrik ez hartzea leporatu diote, eta Zupiriari, Ertzaintzaren jokabidea defendatu izana, «gertatutakoaren larritasuna aitortu gabe».

«Ez gara guztiak kriminalak»

Agerraldian, URSSA fabrikan bizi den pertsona baten testigantza ere irakurri dute. Bertan azaldu dute hainbat migratzaile «heriotzaren itsasontzietan» iritsi zirela Europara, familia atzean utzita eta etorkizun hobe baten bila. Gaur egun urik eta argindarrik gabeko fabrika horretan bizi direla kontatu dute, arratoien artean eta higienea kaskarra dela. URSSA fabrika abandonatuan bizi denak zera esan du: «Ez gara guztiak kriminalak. Batzuk hizkuntza ikasten ari gara, beste batzuk lanbide heziketan gaude, eta gizartean integratu nahi dugu».

Ertzaintza, Errekaleorreko bizilagun bat miatzen, atzo eguerdian. ERREKALEOR BIZIRIK
Ertzaintza, Errekaleorreko bizilagun bat miatzen, maiatzaren 14ean. ERREKALEOR BIZIRIK

Horren harira, URSSAko egoeraren deskribapen zehatza egin dute. Fabrikan ez dago urik, elektrizitaterik, komun publikorik ezta zaborrontzirik ere, eta horrek osasun arazo larriak sortzen dituela ohartarazi dute. Era berean, salatu dute poliziak «koloreen bidez» sailkatzen dituela bertan bizi direnak —gorria, laranja edo berdea—, eta horrek deshumanizazioa eta tentsioa areagotzen dituela.

Eragileen arabera, administrazio egoera irregularrak «gurpil zoro» bat sortzen du: paperik gabe ezin dute lanik lortu; lanik gabe ezin dute etxerik eskuratu; eta etxerik gabe ezin dute erroldarik izan, egoera administratiboa erregularizatzeko ezinbesteko baldintza izan arren. Horregatik, hainbat eskaera zehatz egin dizkiete instituzioei. Besteak beste, kalean bizi direnentzako harrera zentro publiko gehiago irekitzeko eta baliabide sozialak handitzeko eskatu dute, hala nola CMAS edo aterpe zerbitzuak. Halaber, etxebizitza duinerako sarbidea eta erroldatzeko eskubidea bermatzeko neurriak exijitu dituzte.

Azkenik, Ertzaintzaren barne ikerketa bat abiatzeko eskatu diote Segurtasun Sailari, Errekaleorren gertatutakoaren inguruko erantzukizunak argitzeko. Era berean, «faxismoaren» aurka «herri boterea» indartzeko deia egin dute. «Ez Errekaleorretik, ez inondik, milaka aurpegi dituen faxismoa ez da pasatuko», aldarrikatu dute amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA