Gasteizko URSSAko bizilagun bat: «Ertzainek esan zuten Errekaleorren bilatzeko»

Arabako Aleak eta Hala Bedi irratiak Gasteizko fabrika zaharrean bizi den pertsona baten testigantza jaso dute, eta hilaren 13an Errekaleorren izandako gertakarien berri eman du. 40 eragile baino gehiagok deialdi bateratua eginen dute gaur arratsaldean.

Gasteizko URSSAko fabrika abandonatuan bizi den pertsonaren testigantzaren zati bat. ALEA
Jon Hidalgo - Arabako Alea
2026ko maiatzaren 25a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Errekaleor auzoan presentzia poliziala handia izan zen hilaren 13an. Errekaleor Bizirik elkartearen arabera, poliziak URSSA eta EGA fabrika abandonatuetan bizi diren etxegabeak «instrumentalizatu» zituen, haiek aitzakia hartuta auzoan esku hartze «neurrigabea» egiteko. Bada, URSSAko fabrika abandonatuan bizi direnen istorioak kontatu gabe gelditu zirela ikusita, bizilagun baten testigantza jaso dute Arabako Aleak eta Hala Bedi irratiak. Pertsona horrek modu anonimoan eman du testigantza, eta egun hartan Ertzaintzak izan zuen parte hartzea seinalatu: «Ertzainek esan zuten Errekaleorren bilatzeko».

Hedabide horiek bideoan jaso dute pertsona horren testigantza: azaldu du  urik eta argirik gabe bizi direla, Ertzaintzak hornidura moztu zielako. Esplikatu duenez, etengabe izaten dute Poliziaren presentzia fabrika inguruan. «Pertsonak gara, ez animaliak, eta bizitzeko eskubidea daukagu. Hobeto bizitzeko, bizitza aldatzeko eskubidea. Guk ere hemen bakea bilatzen dugu; ez dugu borrokarik bilatzen, ez beste ezer, bakea soilik», adierazi du. 

Egoera ikusita, Gasteizko 40 eragile baino gehiagok agerraldi masiboa eginen dute gaur 19:00etan, hiriburuko Foru plazan. «Gehiegikeria poliziala» salatuko dute mobilizazioan, eta boterean dauden eragile politikoak salatuko dituzte, eskuin muturraren diskurtsoa «bere» egin dutela salatuz. 

Honako talde hauek eman dute atxikimendua: Adurtzako aniztasun taldea, Adurtzako gazteak, Adurzaha Ehuntzen, Araba Bizirik, Arabako pentsionistak, Argilan , Ariznabarrako jai batzordea, Askapena, Auzoan Bizi, Auzolana pilotalekua, Bachué elkartea, Batuta, BDZ Araba, Inor ez etxerik gabe, Emakumeok gerraren aurka, Ernai, Errekaleor Bizirik, Errota Zaharra auzo elkartea, ESK, Gasteiz Anitza, Gasteiz Antirrazista, Gasteizko arrazakeriaren aurkako asanblada, Gasteizko gaztetxea, Gasteizko GKS, Gasteizko IAS, Gasteizko Itaia, Gasteizko Mugimendu Feminista, Gasteizko talde antimilitarista, Herrizoma, Iraultza 1921, Jardun, Judimendiko auzo elkartea, Judimendiko gazte asanblada, Kontseilu Sozialista Gasteiz, LAB, Oinharri, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Osasun Publikoa Aurrera Gasteiz, Salburuko harrera sarea, Sanitarioak Palestinarekin, Euskal Herria Sare Antifaxista, Setem Hego Haizea, SOS Arrazakeria, Steilas, Sumendi Espazioa, Zaharraz Harro eta ZAPateneo.

Irakurri gehiago eta ikusi bideoa osorik, Alea.eus atarian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA