'Ormuz neurriak' proposamena abiatzeko eskatu dio Pradalesek Sanchezi

Heldu diren hilabeteetan inflazioak goiti eginen duen beldur delako sortu du neurri sorta. Bi helburu nagusi ditu: herritarren poltsikoa babestea, eta ekonomia produktiboaren, industriaren eta lehen sektorearen lehiakortasuna sendotzea.

Imanol Pradales, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HERRERO / EFE
Imanol Pradales, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HERRERO / EFE
Iratxe Muxika
2026ko ekainaren 17a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian egonagatik, Ormuzko itsasartera begira jarri da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean «bizi segurtasunaren» inguruan egindako bilkura monografikoan. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Irango gerraren harira, krisiaren aurkako dekretua iragarri du gaur, eta Pradalesek eskatu dio sar ditzala dekretu horretan proposatu dizkion azken neurriak. Alegia, martxan jar dezala Ormuz neurriak proposamena.

Pradalesek herenegun aurkeztu zion egitasmoa Sanchezi, 36 neurri eta bi helburu nagusi oinarri harturik: lehena, herritarren poltsikoa babestea; bigarrena, ekonomia produktiboaren, industriaren eta lehen sektorearen lehiakortasuna sendotzea.

Edonola ere, gibelera joan behar da kontu horren muina ulertzeko. Martxoaren 11n, lehendakariak gutun bat bidali zion Espainiako gobernuburuari,  eskaera nagusi bat helarazteko: arindu dezala Irango gerrak energiaren prezioan eragindako gorakada. «Bestela esanda, familien poltsikoan eta industria elektrointentsiboan eragindako inpaktuari aurre egiteko tresnak sortzeko dekalogo bat proposatu nion, neurri lagungarri batzuekin», esplikatu du.

Espainiako presidenteak begi onez ikusi zituen neurriak; are, erabili egin zituen, baina haietako batzuk dagoeneko ez daude indarrean, eta bertze batzuen epea hilaren 30ean akabatuko da. Halaxe iritsi da Ormuz neurriak proposamena, aurreikusten baitute heldu diren hilabeteetan inflazioa handituz joanen dela, eta, gainera, joera hori iraunkorra izanen dela.

«Prezioek etengabe egingo dute gora, eta, hori ikusita, bakoitzak dagokiona egin behar du. Guk dagokiguna egin dugu, gizarte ezkutua jarri dugu martxan», erran du. Baina hori ez da nahikoa, lehendakariaren ustez, lehen sektoreak eta herritarrek erakunde publikoen «hauspoa» behar dutelako.

Bildutako 36 neurriak lau taldetan banatu ditu Pradalesek: erosketari buruzkoak, garraioari buruzkoak, industria elektrointentsiboari buruzkoak, eta lehen sektorearen gainekoak.

'ormuz neurriak' PROPOSAMENAREN PUNTU nagusiak

  1. Haragiaren eta arrainaren BEZa jaistea, %10etik %4ra.

  2. Energiaren eta gasaren BEZa jaistea. 

  3. Ibilgailu ororentzako erregaietan litroko 30 zentimo aurreztea.

  4. Negura begira, berogailu bonuak sortzea helduentzat eta pertsona zaurgarrientzat.

  5. Erregai profesionalerako jarrai dezala 20 zentimoko laguntzak, eta 35 zentimokoak arrantzarako erregairako.
  6. Ibilgailu zaharrak berriekin ordezkatzeko plan bat sortzea, hondakin eta kutsadura gutxiago sor dezaten.
  7. Sare elektrikoaren ahalmena handitzeko inbertsioak bermatzea.
  8. Elektrizitatea sortu ahal izateko zerga ezabatzea.
  9. Elektrizitatearen garraioa eta banaketa kostua %80 merkatzea.
  10. Lehen sektorean ongarrietara bideratu beharreko ehun euroko laguntza ezabatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE