Osakidetzako langileek «neurri zehatz eta anbiziotsuak» eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari

Sindikatuek «arrakastatsutzat» jo dute gaurko greba eguna, osasun sistema publiko osoan izaten ari den lehena. Nabarmendu dute langile guztiei hobetu behar zaizkiela lan baldintzak.

Osakidetzako ehunka langile atera dira gaur kalera, hiriburuetan egindako manifestazioetara; irudian, Bilbokoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Osakidetzako ehunka langile atera dira gaur kalera, hiriburuetan egindako manifestazioetara; irudian, Bilbokoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko urriaren 30a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugitzeko, entzuteko, negoziatzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezi hitzez eta aldarriz mintzatu zaizkio gaur Osakidetzako ehunka langile, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako lehen greba egunean: profesionalen «benetako beharrei» erantzungo dieten «neurri zehatz eta anbiziotsuak» nahi dituzte. Eta protestariek irmo egin dute txalo langile guztientzako hobekuntzak eskatu dituztenean. «Bai, sailburu, kategoria profesional guztiek altxatzen baitute Osakidetza egunero!», berretsi du SATSEren EAEko idazkari nagusi Amaia Mayorrek.

«Gaur oso argi esan dugu nahikoa dela». Iritzita ez dela aurrerapauso nahikorik izan hamazortzi urte dituen lan hitzarmena berritzeko prozesuan, Osakidetza osoko langile guztiak daude deituta gaur greba egitera. «Parte hartzea oso zabala izaten ari da: osasun zentro asko daude itxita, eta greba eragina izaten ari da ospitaleetako zerbitzu ugaritan ere», azaldu du Esther Saavedra ELAren Osakidetzako arduradunak. Kalean ere adierazi dute ezinegona: eguerdian manifestazioak egin dituzte hiriburuetan, Negoziazioa defendatu orain. Lan hobekuntzak = osasun sistema publiko hobea lelopean. Eta lagun izan dituzte hainbat herritar, Osasun Publikoaren aldeko Plataformak bat egin baitu mobilizazioekin.

GREBEN EGUTEGia

Oraingoz sindikatuek beste lau egunetarako deitu dute grebara: 

  • Abenduaren 9an: Araban. 
  • Abenduaren 10ean: Bizkaian.
  • Abenduaren 11n: Gipuzkoan.
  • Abenduaren 14an: Osakidetza osoan.

Funtsean, lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira beharginak, sindikatuetako kideek Bilboko mobilizazioan adierazi dutenez. «Gure helburua argia da: merezi ditugun lan baldintzak lortzea eta euskal osasun sistema publikoa hobetzea, herritarrok merezi dugun osasun arreta izan dezagun», laburtu du Saavedrak. Osasun Saila eta Osakidetzako zuzendaritza, ordea, urrun ikusten dituzte: «Benetako negoziazioa nahi dugu, orain artekoa nahiko pobrea izan baita», esan du Gontzal Martinez CCOOren ordezkariak.

«Borondate politiko faltaren» adibide gisa jarri dute Osasun Sailak soldatei buruzko proposamen zehatzik egin ez izana orain arte, are gehiago kontuan izanda Jaurlaritza 2027rako aurrekontuak negoziatzen ari dela. «Ezinbestekoa da Osakidetzaren diru saila handitzea eskaera guztiak lortzeko», nabarmendu du LABen Osakidetzako arduradun Jessica Gondrak.

Jaurlaritzak udaberrian SME osagileen sindikatuarekin egindako negoziazio paraleloaren itzalpean mintzatu dira, gainera, oraindik minduta. «Profesional batzuen baldintzak hobetu dituzte, beste guztiok kontuan hartu barik. Beraz, Osakidetzari eskatzen diogu entzuteko. Guk ez dugu greban egon nahi, lan egin nahi dugu, baina beste aldetik borondatea ikusi behar dugu», azaldu du Jasone Perez UGTren Osakidetzako arduradunak. Bat etorri da Amaia Mayor: «Langile guztien baldintzak hobetu behar dira; inor baztertu gabe eta profesionalen arteko desberdintasunik sortu gabe. Gatazka honen giltza Osakidetzak dauka: bada garaia zaintzen duten pertsonak zaintzeko».

Parte hartze gorabeheratsua

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, lanuzteek ez dute ia eraginik izan gaueko txandan, baina goizekoan langileen %15 inguruk bat egin dute grebarekin. Sindikatuek salatu dute gutxieneko zerbitzuak gero eta zabalagoak direla, «neurriz kanpokoak», eta grebarako eskubidea «eragozten» dutela. Halere, pozik agertu dira greba izaten ari den oihartzunarekin, eta «arrakastatsutzat» jo dute.

Lanuzteek parte hartze eta eragin gorabeheratsua izan dute zentroaren arabera. Bilbon bertan, osasun etxe batzuetan normaltasuna gailendu den arren, beste batzuetan grebak nabarmen murriztu du ohiko jarduna: goizean, Gaztelekuko anbulatorioan ez da administrazioko langilerik izan harreran, eta erizain gehienek ere lanuztera jo dute; Indautxukoan ere hainbat kartelen bidez adierazi dute erizainak eta zenbait teknikari greban daudela; eta Miribillakoan ia langile guztiek bat egin dute lanuztearekin.

SATSEk emandako datuen arabera, osasun etxe batzuk itxita egon dira edo ia langilerik gabe zabalik, hala nola Andoaingoa eta Berastegikoa Gipuzkoan, eta Oiongoa Araban; Bizkaian, Aulestiko eta Gizaburuagako kontsultategiak ere itxi dituzte. Beste hainbat zentrotan, erizainik edo administrazio langilerik ez da agertu lanera: Bizkaian Zuazon, Alonsotegin eta Altamiran; Gipuzkoan Zumarragan eta Alegian; eta Gasteizen San Martinen eta Zabalganean, besteak beste. Era berean, Txagorritxuko ospitalean eta Santiago ospitalean itxita egon dira pediatriako kanpo kontsultak, laborategiak eta erauzketa zerbitzuak, eta ebakuntza geletako jardunean ere eragin handia izan du grebak.

Gaurko grebaren inguruko kartelak, Donostian, Groseko osasun etxean. JON URBE / FOKU
Gaurko grebaren inguruko kartelak, Donostian, Groseko osasun etxean. JON URBE / FOKU

«Denok gara Osakidetza»

Pankarta eta bandera artean, aldarrikapenak eta lelo orokorrak gorpuztu dituzte gaur manifestazioetan parte hartu duten langileek; egunero osasun zentroetan herritarrak artatzen, zaintzen, osatzen dituztenek. Eta haien sentsazioa da badagoela zer hobetu Osakidetzan, lan baldintzetan ez ezik, funtzionamenduan ere. «Osasun sistema publikoa defendatzeko gaude hemen», esan du Leire Vicente erizainak, Bilboko protestan. Lehen arretan dihardu, eta azken urteetan «murrizketa askoren» lekuko izan da, batez ere ordezkapenen alorrean. Baina beste joera batekin kezkatuta agertu da: «Lan zamak gero eta handiagoak dira, eta askotan, zenbaki hutsei begirakoak: pertsona kopuru jakin batera heldu behar gara, adibidez, txertoak jartzean; ez da lehenesten pertsonen arreta, baizik eta emaitza edo datu batzuk lortzea».

Bat etorri da Joana Guerra ere: «Karga asistentziala gero eta handiagoa da, eta langile kopurua ez dator bat lan karga horrekin. Ezta espazioak ere: zentroak txiki geratzen ari dira». Bera ere erizaina da erietxe bateko larrialdietan, eta azaldu du lehen arretako beharginak aspalditik salatzen ari diren ezinak eta gabeziak ospitaleetan «zuzenean» nabaritzen dituztela: «Jende asko etortzen zaigu ospitaleetara, lehen arretan ezin dituztelako artatu, langile nahikorik ez dagoelako. Lehen, urtean behin edukitzen genituen kolapso egoerak, gripearekin batez ere, baina orain egiturazkoa bihurtzen ari da, urtean zenbait alditan gertatzen dira halakoak».

Lan zama aipatu du Anuska Beikak ere: «Gero eta lan karga gehiago dago, pazienteen arreta gero eta konplexuagoa da, lan gehiago eskatzen dute, eta jende kopuru berdina gaude. Lan baldintzak aldatu behar dira». Basurtuko ospitalean erizain laguntzailea da, eta erietxeko egoera jarri du horren adibide: «Gaur jaieguna daukat, horregatik nago hemen; bestela lanean egon beharko nintzateke, guztiak garelako gutxieneko zerbitzuak. Basurtuko ospitalean ia ezinezkoa da greba egitea, plantilla justu-justu dabil».

«Ados gaude medikuek aldarrikatzen dituzten gauza batzuekin, baina ezin dira beste leku batean negoziatu; horretarako dago mahai sektoriala»

LEIRE VICENTE Erizaina

Gogora ekarri du Osakidetzaren lan hitzarmena 2007koa dela, eta 2009ra arte irautekoa zela: «Ituna berritzea funtsezkoa da». Alboan du izenik eman nahi ez duen zelari bat; soldatei erreparatzeko eskatu du: «Alde handia dago: igoerak portzentualak dira, beraz, medikuei edo goi karguei asko igotzen zaie, eta besteoi ez hainbeste. Eta zelari edo garbitzaile baten oinarrizko soldata, antzinatasunik eta osagarririk gabe, oso baxua da, hilabeteko 1.300 euro ingurukoa». Egoera horretan dago Esti; arreta telefonikoan egiten du lan, Bilboko zentralitan: «Administrazioko laguntzaileak gara. Beste entitate batzuetan kategoria hori desagertua dago, gure formakuntza eta funtzioak horren gainetik daudelako. Eta gure soldatak beste administrazio batzuetakoenak baino baxuagoak dira».

Osakidetza negoziatzera eseri dadila nahi dute langileek. Eta berdintasunez negoziatu dezala. Izan ere, minduta mintzatu dira Jaurlaritzako Osasun Sailak osagileekin propio izandako prozesuaz. Vicente: «Negoziazio bat bada, langile guztien eskubideak hobetzeko izan behar da, ez bakarrik batzuena; eta mahai sektorialean negoziatu behar da, ez hortik kanpo. Ados gaude medikuek aldarrikatzen dituzten gauza batzuekin, baina ezin dira beste leku batean negoziatu; horretarako dago mahai sektoriala». Esti: «Beste kategoria batzuetan egon dira negoziazioak, baina denok gara Osakidetza: makinak ondo funtzionatuko du denok ondo bagaude».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA