Ez da onargarria Osakidetzaren moduko oinarrizko zerbitzu bateko langileek lan ituna berritu gabe izatea duela hemezortzi urtetik. Hemezortzi urte horietan lehendakari eta Osasun sailburu mordoxka bat pasatu dira Lakuatik, eta haiek ere badakite urteotan asko aldatu dela osasun zerbitzu publikoa: herritarren premiak aldatu dira, eta osasun sistemak eta bertako profesionalek premia horietara egokitu behar izan dute.
Osakidetza egitura erraldoi bat da: 50.000 langile; langile asko behin-behinekoak; lau langiletik hiru emakumeak; eta ehun lan kategoria baino gehiago.
Gaur egungo Osasun Saileko arduradunek, itxuraz, heldu diote lan ituna berritzeko erronkari, baina langileek greba egunen berri eman eta gero. Gaur egin dute lehen greba eguna, gehiago egingo dituzte abenduan, eta, akordiorik lortu ezean, ez dute baztertu greba mugagabea abiatzea. Gatazka ez da berria, herritarrentzat batzuetan ezkutuan egon bada ere.
Paradoxa da: Osasun Sailak, neurri batean, medikuek grebarik egin ez dezaten eta berriro ere arratsaldeetan borondatezko lana egiten jarrai dezaten, beste greba sorta bat eragin du
Langileak haserre zeuden, baina txinparta batek piztu eta hauspotu du haien sua: Osasun Sailak SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin akordioa lortzea, medikuen lan baldintzak hobetzeko. Osasun Sailak akordioa «historikoa» zela esan zuen. Akordioa lortu zuen, baina osasun sistemako profesionalen talde bakarrarekin eta mahai sektorialetik kanpo, hau da, hauteskunde sindikaletako emaitzetan oinarrituta osatzen den negoziazio gunetik aparte. Gainera, Osasun Sailak Osakidetzako gainerako langileei erakutsi die borondatea baldin badu lan baldintzak hobetzen dituela.
Paradoxa da: Osasun Sailak, neurri batean, medikuek grebarik egin ez dezaten eta berriro ere arratsaldeetan borondatezko lana egiten jarrai dezaten —itxaron-zerrendak arintzen laguntzen duen aparteko jarduera—, beste greba sorta bat eragin du.
Osasun Sailak, gogoeta eta parte hartze prozesu bat egin eta gero, osasun itunean jaso zuen egitura erraldoi horren bide orria, iaz. Geroztik, jardueraren edo proiekturen baten berri ematen duenean, osasun itunarekin bat datorrela nabarmentzen du eranskin edo errepika baten moduan.
Osasun itunaren dokumentuetan jasota dago langileak osasun sistemaren antolaketaren «funtsezko zutabeak», «giltzarriak» eta «bihotza» direla. Bistan da, ordea, langileen arabera hitzak eta ekintzak ez datozela bat. Gogoratu behar da, gainera, sindikatuek ez zutela osasun ituna babestu: ez ELAk, ez LABek, ez SATSEk, ez ESKk, ez CCOOk, ez UGTk, ez SMEk. Adierazgarria da. Ez zuten babestu, ez lan baldintzei dagozkien kontuengatik bakarrik, sistemaren funtzionamenduari dagozkienengatik ere ez —lankidetza publiko-pribatuari buruzkoak nagusiki—.
Amaia Mayor EAEko SATSE sindikatuko idazkari nagusiak orri hauetan esan zuen Eusko Jaurlaritzak erreakzionatu egin behar duela, ezin zaiolako eutsi etengabe greban dagoen osasun sistema publiko bati. Gehitu zezakeen haserre, nekatuta, nazkatuta eta etsita dauden langileek ezin dituztela herritarrak zaindu. Osasun itunetik lan itunera pasatu behar du Eusko Jaurlaritzak.