Osakidetzako sindikatuek ostiraleko grebari eutsiko diote, negoziazio mahaian aurrerapenik ez dagoela iritzita

ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk eta UGTk salatu dute Osakidetzak oraindik ez duela aurkeztu soldatak hobetzeko proposamenik, ezta lan baldintzak hobetzeko neurri zehatzik ere.

Osakidetzako sindikatuek deitutako protesta bat, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Osakidetzako sindikatuek deitutako protesta bat, irailean, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
edurne begiristain
2026ko urriaren 28a
11:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk eta UGTk ostiralerako Osakidetzan deitutako grebari eutsiko diote, lan baldintzak arautzen dituen akordio berria negoziatzeko aurrerapen nahikorik ez dagoela iritzita. Osakidetzaren Mahai Sektorialak bilera egin du gaur goizean Gasteizen, eta haren ostean sindikatuek jakinarazi dute mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela. Sindikatuek Osakidetzari galdegin diote langileen beharrei erantzungo dieten proposamen zehatzak aurkeztu ditzala; besteak beste, beharginen lan baldintzak «benetan» hobetzeko neurri eta konpromiso zehatzak eskatu dizkiote.

Bost sindikatuek ohartarazi dute negoziazio mahaian ezinbestekoa dela langileen beharrak lehenestea, eta ez direla nahikoa izango aldaketa edo neurri bakan batzuk. Alde horretatik, «onartezin» iritzi diote Osakidetzak soldatak hobetzeko inolako proposamenik aurkeztu ez izanari.

Gehiengo sindikalaren arabera, negoziazioa desblokeatzeko ardura Osakidetzako Zuzendaritzarena da. Izan ere, hamazazpi urte baino gehiago igaro dira hitzarmena berritzen ez dela, eta sindikatuek uste dute premiazkoa dela lanaldian, baimenetan, kontziliazioan, ordainsarietan eta gainerako lan baldintzetan hobekuntzak lortzea. Halaber, negoziazioak Osakidetzako lanbide kategoria guztien beharrak kontuan hartu behar dituela aldarrikatu dute, kolektiboen artean desberdintasunik sortu gabe.

Sindikatuek Osakidetzari eskatu diote Mahai Sektorialaren bilerak baliatzeko proposamen «anbiziotsuak» aurkezteko, eta akordio batera iristeko benetako borondatea erakusteko.

Bost greba eguneko egutegia

Sindikatuek iragarritako mobilizazio egutegian aurreikusitako bost greba egunetatik lehena izango da ostiral honetakoa, eta Osakidetzako langile guztiak daude hartara deituta. Sindikatuek iragarri dutenez, protestek abenduan jarraituko dute: hilaren 9an Araban, 10ean Bizkaian eta 11n Gipuzkoan egingo dituzte grebak, eta abenduaren14an beste greba egun batera dei egin dute Osakidetza osoan.

Deialdiaren helburua langile guztien «lan baldintza duinak» defendatzea eta osasun publikoak behar dituen baliabideak bermatzea da, sindikatuek gogora ekarri dutenez. Haien ustez, langileen lan baldintzek zuzeneko eragina dute herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatean eta segurtasunean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA