Urriaren 30ean hasi eta abenduaren 14ra bitarte, Osakidetzako langile oro bost greba egun egitera dago deituta. Gaur iragarri dute deialdia SATSE erizainen sindikatuak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, eta adierazi Osakidetzako «kolektibo guztien» lan baldintzak hobetzeko deialdia dela. Greba egunak antolatu dituzte, Eusko Jaurlaritzak SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin medikuen lan baldintzei buruz akordio bat lortu eta gero. Osakidetzako mahai sektoriala osatzen duten gainerako sindikatuek ez dute begi onez ikusten akordio hori. «SMErekin sinatutako akordioak argi uzten du Eusko Jaurlaritzak ez duela kolektibo guztien egoera hobetzeko asmorik», adierazi du Amaia Mayor SATSE erizainen sindikatuko bozeramaileak. Gaur egun daukaten lan hitzarmenak hamazortzi urte dituela gogorarazi du.
Mahai sektoriala irailaren 30ean biltzekoa da, eta, sindikatuetako ordezkariek salatu dutenez, ez dute «inolako proposamenik» jaso Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aldetik. Gauzak horrela, gaurko agerraldia baliatu dute gobernuari «benetako edukiak» jorra ditzala eta «proposamen zehatz eta sakonak» egin ditzala eskatzeko, eta ohartarazi diote ez dutela «simulaziorik» sustatuko. «Afera asko daude blokeaturik, eta azken hamazortzi urteetan soilik Osakidetzaren onerako zirenak negoziatu dira; bitartean, langileok erosahalmena galtzen jarraitu dugu», gaitzetsi du ELAko bozeramaile Esther Saavedrak.
«SMErekin sinatutako akordioak argi uzten du Eusko Jaurlaritzak ez duela kolektibo guztien egoera hobetzeko asmorik»
AMAIA MAYOR SATSEko bozeramailea
Hortaz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritzak jarrera aldatzen ez duten bitartean, mobilizazioak egiten jarraituko dute sindikatuek. Urriaren 30ean eta abenduaren 14an egingo diren grebetara Osakidetza osoko langileak daude deituta. Beste hiru greba egunak, ordea, herrialdeka egingo dituzte: abenduaren 9an Araban, abenduaren 10ean Bizkaian eta abenduaren 11n Gipuzkoan.
Gainera, sindikatuek ez dute baztertu greba mugagabea abiatzea Eusko Jaurlaritzak ez badu urratsik egiten lan hitzarmen komuna eguneratzeko. Hitzarmen horrek jaso beharko lituzkeen gutxieneko baldintzak adostu dituzte SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk: kolektibo guztien ordainsariak eguneratzea galdutako erosahalmena berreskuratzeko, lanaldi arrunta murriztea, profesionalen arteko ezberdintasunak ezabatzea eta irizpide bateratuak aplikatzea, besteak beste.
«Afera asko daude blokeaturik, eta azken hamazortzi urteetan soilik Osakidetzaren onerako zirenak negoziatu dira»
ESTHER SAAVEDRA ELAko bozeramailea
Sindikatuen aburuz, SMErekin hitzartutako akordioak «argi» uzten du akordioak lortu daitezkeela lan baldintzak hobetzeko borondate politikoa egonez gero, akordio horrek «negoziaziorako foru ofizialak errespetatzen ez dituen arren». Nabarmendu dutenez, akordio horrek ez ditu Osakidetzako langileen arazoak konpontzen, «ezta mediku guztienak ere». Hala ere, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote medikuekin hitzartu zituen lan baldintzak «behin-behinean» langile guztiei aplikatzeko —haien egoerarekin bateragarriak badira—, langile guztiak kontuan hartzen dituen lan hitzarmen bat lortu arte.
Sindikatuen eskaeretako batzuk hauek dira: langile taldearen beharrak aztertzea; belaunaldi erreleboa egiteko eta talentua erakartzeko plan bat diseinatzea; aparteko orduak progresiboki ezabatzea; lehen arretako eredu berriari ekitea; lana kanpora ateratzearen aurkako neurriak hartzea; euskalduntze plan bat ezartzea; baimenetan «benetako» aurrerapausoak ematea; eta berdintasunerako neurri «eraginkorrak» hartzea.

Funtsean, osasun sare publikoko langileen baldintzen hobekuntzak parekatzea da sindikatuen xedea, esparru komun bat ezarrita. Alde horretatik, sindikatuetako ordezkariek aldebiko negoziazioak gaitzetsi dituzte —SMEri eta Eusko Jaurlaritzari leporatzen dieten praktika, hain zuzen—. Adierazi dutenez, «lana errazteko baliagarriak» izan daitezkeen arren, ezin dira erabili negoziazio paralelo bati ekiteko, mahai sektorialekoa baztertuta; beraz, SMEri eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete marko horretan jarduteko soilik.
Medikuen greba
SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk Osakidetzan antolatutako greba egunez gain, medikuen greba ere izango da, lanuzte mugagabe bati ekingo baitiote. Ziurrenik, urritik aurrera. Greba bultzatzen duten sindikatuek bilera egin dute gaur 17:00etan Madrilen; bihar emango dute bertan erabakitakoaren berri. SMEk eta SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak bat egin dute greba mugagabearekin.
Izan ere, Espainiako Osasun Ministerioak CCOO, UGT, SATSE eta CSIF sindikatuekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutua. Medikuak, ordea, estatutu horren kontra agertu dira, uste baitute ez dituela jasotzen beren lanaren ezaugarriak eta berezitasunak.