Polizia ereduaren eztabaidari heldu dio gaur EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Ukatu egin du koalizio abertzaleak Ertzaintza gorrotatzen duela, EAJko bozeramaile Joseba Diez Antxustegik ziurtatu duen moduan. Salatu du «modu artifizialean eztabaida jakin batzuk» bilatzen direla «EH Bildu ahuldu nahian».
Edonola ere, Otegik berretsi du «beste polizia eredu baten beharra» dagoela. Europako iparraldeko poliziei erreparatu die: «Tokikoagoak dira, lan prebentiboa egiten dute, komunitatearekin batera dihardute, eta, behar denean, bistan da, esku hartzen dute». Eredu horri kontrajarri dizkio Espainiako eta AEBetako polizien ereduak. «Telesailetan ere argi ikusten da: egun osoan daude pistola eskuan hartuta». Eta jarraian Diez Antxustegiren baieztapenari erantzun dio: «Guk ez dugu gorrotatzen Ertzaintza; esaten ari garena da beste polizia eredu bat behar dela».
Halaber, Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren aurka Zestoan, Hernanin eta beste leku batzuetan azaldu diren pintaketen inguruan aritu da. «Gasteizen pintaketa mikroskopiko bat azaldu da pilak uzteko ontzi batean, eta, bat-batean, lehen albiste bihurtzen da. Herri honetan pintaketa batek ezin ditu Teleberri-ak zabaldu». Pintaketa horien jatorriari erreparatu nahian, gramatika akatsak azaltzen direla nabarmendu du. Zupuria idatzi zuten Zupiria idatzi beharrean, esaterako, eta Aburtu Aburto idatzi beharrean, Bilbon egindako beste batean.
Arartekoaren hautaketa
Hori guztia aintzat hartuta, EH Bilduko idazkari nagusiak uste du «modu artifizialean eztabaida jakin batzuk» bilatzen direla koalizio abertzalea kaltetzeko. «Hazten goaz hauteskundez hauteskunde eta inkestaz inkesta», erantsi du, eta galdera bat egin: «Nork egin duen ere ez dakigun pintaketa batetik harago, herri honek ez al du arazorik?». Jarraian, adierazi du azkenaldi honetan «urduri» ikusten duela Zupiria Segurtasun sailburua, oro har «soseguz» aritzen dela kontuan hartuta.
Gaia aldatuta, Otegik ez du ongi hartu EAJk eta PSE-EEk koalizio subiranistaren etxebizitzari buruzko proposamena aintzat hartu ez izana EAEko aurrekontuetan. Kritikatu du jeltzaleek eta sozialistek pentsatu izana euren aurrekontu proiektuak berdin balio duela «Bildurekin edo PPrekin akordioa egiteko». Otegik uste du Eusko Jaurlaritzako bazkideek «joera» dutela EH Bildu «baztertzeko» eta akordio handietatik kanpo uzteko. «Lehendakariak ohartarazi zuen garai ilunak datozela, eta orain PPrekin adosten dute arartekoa nor izango den?». Eta, amaitzeko, aski ezaguna den Imanol Pradales lehendakariaren esaldi bati erreparatu dio: «'Ayuso, entzun, Euskadi euskaldun' esatea oso ondo dago, baina ararteko berria ez da euskalduna».