Elkarri mezuak bidaliz hasi dute urte politikoa EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek eta EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik. Pribatuan egin dute, aspaldiko partez biek atzo arratsaldean hitz egin baitzuten, Otegik azaldu duenez. Halere, publikoki adierazitakoek baieztatzen dute oraindik bidea egiteko dagoela bi indar abertzale nagusien arteko harremanetan; hala estatus politiko berriari nola politika publikoen geroari begira.
Estebanek Radio Euskadin hasi zuen astea, eta gaur Otegik hartu du mikrofono hori bera; Estebanek atzo irratian esandakoei erantzuteko baliatu du aukera Otegik. Estatus politikoaren inguruko negoziazioei dagokienez, Estebanek aitortu bezala, Otegik ere aitortu du Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia espetxeratzea oztopoa izan dela. Halere, ez du bat egin Cerdanek zuen rolaz EAJko buruak esandakoekin. Estebanek ukatu egin zuen gai horren inguruan PSOErekin zuten hartu-emana haren bitartez egin izana, eta hark EH Bildurekin hitz egiten zuela azaldu zuen. Otegik onartu du hala zela, baina, Estebani kontra eginez, gehitu du hura zela sozialisten ordezkaria halako gaien inguruan JxCrekin zein EAJrekin hitz egiteko ere. «Nik dakidanez, Santos Cerdan zen estatusaren auziaz hitz egiten zuena, beste batzuekin batera», esan du Otegik.
Gainera, EH Bilduko buruak adierazi duenez, hori ez da negoziazioak moteltzearen arrazoi bakarra. Beste faktore bat ere bada, haren hitzetan: EAJren barne prozesua eta zuzendaritza aldaketa. Otegik adierazi du jada bazela «konfiantza giroa» Andoni Ortuzar EBBko buru ohiaren taldearekin: «Sei urte generamatzan EAJrekin oso sarri hitz egiten, kasik hilero». Konfiantza hori, baina, «berregin» beharra dago orain.
Hala, Otegi tentuz aritu da epeez hitz egitean. Estebanek esan zuen helburua dela urte bukaerarako alderdien arteko akordio bat lortzea, baina EH Bilduko idazkari nagusia zuhurragoa izan da. «Zenbat eta lehenago, hobe», adierazi du, baina berretsi du garai egokia dela «marko juridiko-politikoaren erreformari» heltzeko: «Komatxo artean bada ere, [Espainiako] oraingo gobernua sentsibleagoa da».
Bilera sorta
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek iragarritako elkarrizketa sailari dagokionez, Otegik adierazi du EH Bildu «izpiritu eraikitzailearekin» bertaratuko dela, baina ideia argi batekin: «Nola iritsi gara egoera honetara? Politika publiko jakin batzuk aplikatuta. Eta egoera honetatik atera nahi badugu, beste politika publiko batzuk jarri beharko dira martxan».
Hala, atzo Estebanek esanak ez dira Otegiren gustukoak izan. Otegiren esanetan, ez da bateragarria adieraztea «herritar gehienek» egungo politika publikoekin bat egiten dutela eta, era berean, EH Bilduri leporatzea horiekin bat ez egitea. Izan ere, Otegik esan du koalizio subiranistak ez duela bat egiten egun martxan diren zenbait eredurekin, eta hala plazaratu izan duela. Osakidetzaren inguruko mahaia jarri du adibide gisa: «Non dago desakordioa? Esparru garrantzitsu batean: publiko-pribatu esparruan. EH Bilduk kontra bozkatu zuen langile horiek ordezkatzen dituzten sindikatu guztiekin, eta EAJk alde PPrekin eta Confebaskekin. Hor alde nabarmena dago».
Halere, EH Bilduko buruak uste du badaudela akordiorako aukerak beste zenbait esparrutan; hala nola hezkuntzan, trantsizio energetikoan, euskaran eta estatus politikoan.
EH Bildu ez da EAJrekin bakarrik hitz egiten ari. Uda aurretik adierazitakoari jarraituz, ERCko, Mes pe Mallorca-ko eta Mas Madrid-eko ordezkariekin bildu ziren aurreko astean, estatuko egoera politikoaz eztabaidatzeko. Otegik, baina, baztertu egin du indar politiko horiekin estatu mailako hauteskunde aliantza bat egiteko aukera. Haren esanetan, koalizioak azken kongresuan adierazi zuen bere asmoa Hego Euskal Herri mailako itun bat erdiestea dela, eta gogoratu du horretarako deia egin ziela EAJri, Sumarri eta Podemosi; ezezkoa eman zuten denek.
Hauteskunde horiek noiz izango diren ez du argi Otegik. Izan ere, «zail» ikusten du Espainiako Gobernuak 2026rako aurrekontuak onartzea, ez baita benetako inbestidura blokerik: «Itsasgarririk ez badago, alderdi interesak daude. Horrek are zailago egiten ditu aurrekontuak».
Polizia eredua
Ertzaintzaren inguruko eztabaidari helduta, Otegik adierazi du udako albiste garrantzitsuenak ez direla izan zenbait herritan izandako liskarrak, Miren Dobaran Arkautiko akademiako buruaren dimisioa baizik. Izan ere, Otegik uste du polizia ereduari erreparatzerakoan arazo nagusia Ertzaintzaren barruan dagoela. Atzera begira, gogoratu du Ertzaintzako sektore batek mehatxu egin zuela Tourra ez zela Euskal Herritik igaroko. Uda honetan jazotakoei erreparatuz, berriz: «Ez dugu Ertzaintza orokorrean kritikatzen, ekintza polizialak baizik. Uste dut ez diola faborerik egiten dena ontzat ematen denean egiten duen guztiak». Hori ikusita, bestelako polizia eredu baten alde egin du, «gertukoa eta euskalduna».