EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik eskaera argi bat egin dio Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi: alderdiei jakinarazteko zer ikuspuntu duen EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PSOE negoziatzen ari diren estatus berriaren inguruan. Euskadi irratian egindako elkarrizketa batean, Pradalesi esan dio adierazteko zer jarrera duen auzi horretan.
Era berean, EH Bilduko idazkari nagusiak uste du ez dela «bidezkoa» Pradalesek Otegiri kritika egin izana egotzita estatus berriaren negoziazioen inguruan «diskrezioa» falta izatea. Otegik «erabakitzeko eskubide gradualari» buruz hitz egin du, eta Jaurlaritzako lehendakariak joan den astean esan zion beste modu batera jokatu behar dela diskrezioa babesteko.
Horiek horrela, Otegik uste du Pradalesek ez duela «lehendakariaren lidergoa» hartu estatus berriaren auzian, eta defentsiban dagoela «etengabe». Alderaketak egiten hasita, EH Bilduko buruak adierazi du negoziazio garrantzitsu hori txirrindularitza proba bat balitz Pradales «tropelean» legokeela. «Liderra izan behar baduzu, ordea, tropelaren aurretik joan behar duzu; bestela, tropeleko beste bat zara», azaldu du Otegik.
Dena den, argitu du alderdiak ari direla prestatzen Gernikako Estatutua gainditzeko itun bat lortzeko negoziazioak; «baina lehendakariak badu zeresana» autogobernuaren inguruan, koalizioko idazkari nagusiaren arabera: «Ez dut esaten jendaurrean aritu behar duenik, baina posizio bat hartu behar du», erantsi du. Izan ere, Otegiren ustez, Pradalesek autogobernuari begira egin duen gauza bakarra zera da: «Estatutua bere osotasunean betetzeko eskatu; eta ez du lortu, zoritxarrez».
Erabakitzeko eskubidea
Horiek horrela, Otegik azalpen gehiago eman ditu plazaratu duen kontzeptuari buruz, hau da, erabakitzeko eskubide gradualari buruz. «Horrek esan nahi du Euskal Herrian gero eta erabaki gehiago hartuz joatea, dena erabakitzen den arte». Ziurtatu du «filosofia» hori gogoan joango direla Pradales lehendakariarekin egingo duten batzarrera, hastear den bilera sortaren barruan.
«Herri honetako prozesu garrantzitsu askotan parte hartu dut, su etenetan eta Lizarra-Garaziko prozesuan besteak beste, eta inork ezin du esan diskretua izan ez naizenik»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
Pradalesek kargu hartu eta «pazientzia eta diskrezioa» eskatu dizkiola eta, Otegik erantzun egin du, bere ibilbidea oinarri hartuta. «Inork pentsa dezake nik hau esatea harropuzkeria dela, baina denok dakigu herri honetako prozesu garrantzitsu askotan parte hartu dudala, su etenetan eta Lizarra-Garaziko prozesuan besteak beste, eta inork ezin du esan diskretua izan ez naizenik». Horregatik, Otegirentzat «ez da bidezkoa» Pradalesen kritika.
Estatus berriaren negoziazioei helduta, koalizio abertzaleko buruak esan du «urte batzuk» joan direla alderdiak gaiari buruz hizketan hasi zirenetik; «emaitzak ikusi egin beharko dira, emaitzarik baldin badago; eta ez badago, bakoitzak azaldu beharko du zer iritzi duen. Baina esango nuke hiru familia politiko diskrezioz eta fede onez bi urtean hizketan aritzeak beti ekarriko dituela onurak herri honentzat».
Gobernu kolaboratiboak
Estatus berria alde batera utzita, ordea, EH Bilduko buruak ez du koalizioarekin elkarlanean aritzeko borondaterik sumatzen EAJren jarreran, ezta eskuin muturraren mehatxua dela-eta testuingurua gero eta zailagoa den honetan ere. «Oso bitxia izan zen atzoko eguna: Markel Olanok esan zuen EH Bildurekin ezin dela akordiorik egin. Eta bitartean, beste bozeramaile batek esan zuen aurten EAJk guztiekin egingo dituela akordioak. Badago norbait leman?», galdetu du Otegik, eta ziurtatu du euskal politikan badagoela halako estrategia bat: «EH Bildurekin, ezer ez».
Koalizio abertzaleko buruak uste du inoiz baino ageriago geratzen ari dela «gobernu kolaboratiboak» egiteko beharra. «Ez bakarrik autoritarismoa datorrelako, baizik eta baita sekulako erronkak ditugulako ere: industrian, trantsizio ekologikoan, adimen artifizialean, migrazio politiketan.... Gobernu horiek egin behar dira, baina batzuk bazterketaren alde egiten dute».
Otegik ziurtatu du Espainiako Estatua «krisi sakonean» dagoela, eta ahoan bilorik gabe hitz egin du estatu kolpe bati buruz: «Eskuin muturra eta estatu aparatu asko ari dira estatu kolpe bigun bat ematen, eta prest daude Sanchez kartzelara eramateko». Eta hausnarketa bat ere egin du: «Sanchez kartzelara eramateko prest baldin badaude, ez dut pentsatu nahi ere beste batzuekin zer pentsatu duten egitea».
Jarraian gehitu du, ordea, esperantzarako aukerak ere ikusten dituela: «Agertoki hau dator edo etor daiteke. Nik ez dut uste partida galduta dagoenik oraindik, baina, etortzen baldin bada, zer jarriko diogu aurrean, sigla politiko batzuk, edo herri bat? Herri bat jarri behar zaio parean, hori baita gure lehentasuna».

Ansola eta herrietako jaiak
EAJ ere eskuin muturraren arriskuen inguruan aritu da gaur, eta hilabete batzuk barru zabalduko den hauteskunde zikloari buruz ere bai. BBB Bizkai Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolak ziurtatu du EAJri ez zaiola «burutik ere pasatzen» PPrekin gobernu akordio bat egitea «estatuan». Baina segidan erantsi du PP «moderatuagoa» izango balitz aukera egongo litzatekeela gaur egun dauden baino «akordio gehiago» izateko. Onda Vasca irratian aritu da Ansola: EAJren eta PPren artean badago harremana, «pertsonen artekoa». «Nahiz eta ez gauden ados ia ezertan ere, zubiak eraikitzea da alderdien egitekoa».
Hala ere, Ansolak salatu du PP eskuin muturrera gerturatu dela, eta argitu EAJ «alderdi humanista» bat dela, eta «gizakia» lehenetsiko duela «beste ezeren aurretik». Hori esanda, BBBko buruak helarazi du EAJ ez dela egongo «Vox eta muturrera joan den PP hori dauden ekuazioetan».
«Badakit agindu batzuk egon direla aurtengo udako jaiak baketsuak izan zitezen. Frogaturik geratu da joera politiko batzuek gaitasuna dutela esateko aurten ez dela istilurik egongo»
IÑIGO ANSOLA EAJko BBBko presidentea
Euskal Herrira etorrita, Ansolak esan du EAJren eta EH Bilduren arteko harremana «gobernuaren eta oposizioaren artekoa» dela. Uste du bi indar politiko horien artean «koordinazio handiagoa eta elkarrizketa gehiago» izaten direla, jeltzaleek PPrekin duten harremanarekin alderatuta. «EH Bildurekin dudan harremanaren modukoa eduki nahiko nuke PPrekin».
Jarraian, ordea, eta siglarik aipatu ez duen arren, udako jaietako istiluekin edo istilu gabeziarekin lotu du ezker abertzalea. Izan ere, zalantzarako tarterik utzi gabe aritu da Ansola gai horri buruz: «Badakit agindu batzuk egon direla aurtengo udako jaiak baketsuak izan zitezen. Frogaturik geratu da joera politiko batzuek gaitasuna dutela esateko aurten ez dela istilurik egongo, eta kasik ez da egon; asko pozten nau horrek».
Sumarrek «alternatiba» izan nahi du
Sumar Mugimenduak ere hasiera eman dio urte politikoari, Bilbon duen egoitzan agerraldia eginda. Bere burua EH Bildutik eta PSE-EEtik bereizi nahi izan du, esanez ez dela «beste ezker batzuekin lehian arituko ea nork osatu gobernua EAJrekin». Edurne Garcia Antolakuntza idazkariaren esanetan, «euskal fronte zabal bat» sortzeko asmotan dira, eta EAJ gobernutik kanpo utziko duen «alternatiba» eraikitzeko helburua dute. Fronte horren oinarriak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Ezkerraldean leudeke, esan duenez.